Alberto de la Bella. Realeko jokalaria

«Estradak sekulako meritua dauka; argi dago ezin dudala lo hartu»

Lesioekin arazo dezente izaten ari da Alberto de la Bella, eta, joan den asteartean Kopan txukun aritu bazen ere, Dani Estrada egonkortu egin da atzeko eskuin hegalean. Borrokatzeko prest dago kataluniarra.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Kopan berragertu zen Alberto de la Bella (Santa Coloma de Gramanet, Herrialde Katalanak, 1985), hilabete batez Zubietan osaketa lanetan isilpean aritu ostean. Taxuz egin beharko du lan legez berea zirudien postua bereganatzeko. Ez da izan Cadamurogatik, ezusteko lehiakide baten ondorioz baizik. Kirol legez hartu du kataluniarrak egoera berria, eta Estradari aurrea hartzea izango du helburuetako bat.

Kopan lortu zenuten orain arteko emaitzarik onena. Errebantxarako gogo biziz al zineten?

Bai. Edozein delarik ere arrazoia, Realak ez du neurria eman azkenaldian Kopan, eta norgehiagoka handi bat jokatzeko irrikan zelairatu ginen. Ongi bideratuta daukagu kanporaketa; ez dezagun aukera eder hau alferrik galdu.

Ligako ibiliak zehazten al du beti Koparen ikuspegia?

Sailkapenak zerikusia izan ohi du, bai. Gustuko lehiaketa dut, eta aukera gutxien duten jokalarientzat akuilua izan liteke. Gainera, bi lehiaketatan arreta jartzeak ahazten lagunduko digu.

Gabonetako etenaren aurretik Santanderrera zoazte. Argi ari zarete azaltzen balio handiko puntuak direla.

Bai, bai, oporraldiaren osteko aldartea baldintza dezake. Emaitzaren arabera konfiantza ez da berdina izango, eta edozer gauzaren gainetik orain hartu dugun bide emankorretik jarraitu nahi dugu ahal bezain denbora gehien.

Hasierako taldean ikusten al duzu zeure burua?

Normalena litzateke lehen aipatutako bide on horretara eraman gaituztenen alde egitea. Badaezpada, prest nago, ez baitut inolako oinazerik sentitu mindutako izterrean.

Bazirudien Hector Cuperren agurrarekin Racing erabat desitxuratuko zela, baina oraingoz, behintzat, usteak ustel.

Erantzuten dakitela erakutsi dute, ez baita samurra lau puntu lortzea Vila-real garaituta lehenik eta San Mamesen moduko zelai gaiztoan berdintzea ondoren. Ezin esango dugu entrenatzaile aldaketak kalte egin dienik.

Eta luzera begiratuz gero?

Hori da galdera nagusia. Nola erantzungo ote duten gerora. Aldaketak berez ekarri ohi duen bultzada ote den ala entrenatzaile talde berriarengan ustea izanik aurrera egiteko moduan diren.

Sailkapenari erreparatuta ez al dago Reala behar lukeen tokian?

Niretzat, koska bat gorago egoteko gai gara, jaitsiera postuetatik urrunago, behinik behin. Lehengo denboraldiko sufrikarioak ahaztea da helburua.

Aurreko denboraldian baino hobeak al zarete?

Eskarmentu handiagoa dugu, eta hori ona da.

Bideo gelan zer-nolako taldea ikusi duzu?

Muturreko egoera latza gainditzeko ahalmena eta kemena izan duena. Ezin hobeto etorriko zaigu koskortzeko. Egia da bolada txarra zenbat eta luzeagoa izan orduan eta konfiantza gutxiagorekin zelairatzen zarela. Baina, hala eta guztiz ere, itxura ona eman genuen zenbait norgehiagokatan; batik bat Levanteren aurkako lehen zatian.

Denboraldia hasiz geroztik bigarren olatu ona hartu duzue. Oraingoan, ordea, konfiantza handiagoa al duzue?

Baliteke. Lehiaketan ibiliago gaude, eta erritmoa hartuta. Gorakada honi esker ustea sendotu egin zaigu, eta fisikoki ere sasoikoago gaude. Ondo ari gara.

Montanierren ekarpen taktikoa zein izan da, zure ustez?

Atzelariak jokoan parte hartzea, baloi irteerari zentzua emanaz, ukituz. Lasarteren aroan, denboraldi politak gauzatu arren, joko zuzenagoa egin genuen, bestelakoa. Orain, jabetzari garrantzi handiagoa ematen diogu.

Non kokatu nahi du atzeko lerroa?

Zenbat eta gehiago iraun baloiak hanketan, orduan eta lan gutxiago izango dugu atzean. Behin baloia galtzean ahalik eta zorrotzen presionatu behar da aurkariaren joko eremuan, hala babestuago izango dugu geure area. Horrek asko baldintzatzen du.

Noiz hartzen duzu hegalean gora egiteko erabakia?

Hainbat eta hainbat faktoreren araberakoa da, ez baita berdina markagailuan atzetik joatea edo alde ederragatik irabazten joatea. Aurrean duzun jokalariaren arabera, gora egiteko dagoen pasabidearen arabera, geratzen den minutu kopuruaren arabera…

Zure ingurukoak ohartarazten al dituzu halakoetan?

Hegaleko atzelari batek gorako bidea hartzen badu, ezinbestekoa da besteak tokiari eustea. Horrela, erdiko bi atzelariak babestuago egongo dira beti. Euskarrietako batek ere lagundu behar izaten die.

Zure kokapenean benetako lehiarik sentitzen al duzu?

Bai, noski. Ezker atzelari peto-peto bakarra naizen ustea zabaldu den arren, postu horretan jokatu dutenek ederki asko bete dute euren lana. Niri ez zait iruditzen bakar-bakarrik nagoenik.

Estradak aurrea hartu al dizu?

Lan bikaina ari da egiten, eta eskuina izanik, betidanik jokatu izan du saihets horretan. Sekulako meritua dauka. Bai taldearentzat, bai niretzat onuragarria delakoan nago. Argi dago ezin dudala lo hartu.

Cadamuro non ikusten duzu jokatzen?

Erdiko atzelari postuan ikusiko nuke gustura. Ezaugarri harrigarriak dauzkan atzelaria da.

Griezmannen atzetik makina bat partida jokatu duzu zuk. Zer moduz dago?

Egoera gaiztoa atzean utzi eta gero, gozatzen ari da. Futbolaria da; xarma berezikoa, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.