ARRAUNA

Estatxa askatzen lehenak izango dira

Asteburu honetan hasiko da ETE liga. Bihar Astilleron arituko dira zortzi ontziak, eta igandean, Pasai Donibanen.

ETE Ligako lau ontzi irteera emateko prest. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ETE Ligako lau ontzi irteera emateko prest. ENDIKA PORTILLO / FOKU
pettan uralde
2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Bete-beteko denboraldiaurrea osatzeko aukera izan dute aurten arraunlariek. Azken hilabeteetan probintzietako txapelketak, Euskadikoa eta Espainiakoa jokatu dituzte, ohiko jaitsierez gain. Baina denak liga hasteko desira dute, eta ETE ligako traineruak dira zortedunak, haiek izango baitira estatxa askatzen lehenak.

Zortzi talde ariko dira, iaz aritu ziren kopuru bera. Aldaketa bakarra dago: San Juanek hartuko du Portugaleteren lekua. Gainontzekoak, Kaiku, Zumaia, Zarautz, Deusto, Astillero, Ondarroa eta Hernani izango dira. Astilleron (Espainia) emango dituzte lehen paladak, bihar (16:45), eta modu berezian egingo dute lehen estropada: erlojuaren aurka ariko dira, eta hiru luze eta bi ziaboga egingo dituzte. 

Aurreko denboraldian, Kaiku Euskotren ligara igotzeko zorian geratu zen. Traineru hasiberria izanik, mailaz igotzeko kanporaketak jokatu zituen. Eider Uribarrena arraunlariarentzat (Trapagaran, Bizkaia, 2005) ustekabeko urtea izan zen. «Trainerua uretara ateratzea zen aurreko urteko helburua, uda polita egitea, eta arraunaz gozatzea. Liga hasi zenerako geure burua oso indartsu ikusten genuen, eta, gure maila ikusita, helburu batzuk jarriz joan ginen».

«Esango nuke koska bat gorago gaudela aurreko urtearekin alderatuta, baina beste taldeak ere gure antzera ikusi ditut».

 ENERITZ DIEZOndarroako arraunlaria

Hala ere, negu luzeak arrastoa utzi die, batez ere, taldean izan dituzten gorabeherak tarteko. «Negu gogorra izan da guretzat; taldeko kide batzuek arrauna utzi dute. Taldearen bizkarrezurrari eutsi zaio, baina joan den jendea garrantzitsua zen guretzat. Guretzat gogorra izan da, baina jende berria ere etorri da, eta jubenilen laguntza izan dugu».

Oso ohikoa da urtero aldaketak egotea ETE ligetako ontzietan, eta Ondarroa ere ez da libratu. Eneritz Diez (Donostia, 2001) traineruko patroiak dio «zaila» dela oinarriari eustea. «Arraunlari batzuek utzi dute, eta, orokorrean, talde gaztea dugu, baina oso borrokalariak». Izan ere, hori bada liga honen bereizgarrietako bat: gaztetasuna.

Baina gorabehera hauek ez diote eragotzi Ondarroako traineruari denboraldiaurre on bat osatzea. Oraingoz pozik da Diez ikusitakoarekin. «Esango nuke koska bat gorago gaudela aurreko urtearekin alderatuta, baina beste taldeak ere gure antzera ikusi ditut. Gu hobeto gauden arren, denboraldi hasieran ikusiko da bakoitza zer mailatan dagoen. Lehengo urtean baino askoz hobeto joan da negua. Talde osoagoa dugu; txalupa bete dugu entrenamenduetan».

«Nahiz eta Euskadiko Txapelketan kanporatuak izan ginen, denborak kontuan hartuta laugarren izan ginen, eta guretzat izugarria izan zen, oso zaila izan baitzen itsasoa hala egonda».

EIDER URIBARRENAKaikuko arraunlaria

Bi traineruek garrantzi handia eman diete ekaineko txapelketei, eta aurrez aurre aritu ziren Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan. Lehena Kaikuk irabazi zuen, baina bigarrenean kanporatuak izan ziren, balizarekin izan zuten arazo batengatik. «Bizkaiko Txapelketa oso garrantzitsua zen taldearentzat, batez ere ez ginelako oso seguru non egongo ginen Ondarroarekin eta Deustorekin alderatuta. Nahiz eta Euskadiko Txapelketan kanporatuak izan ginen, denborak kontuan hartuta laugarren izan ginen, eta guretzat izugarria izan zen, oso zaila izan baitzen itsasoa hala egonda», azaldu du Uribarrenak. Horrelako egoeretan ondo moldatu zirela ikusteak «konfiantza handia» eman diela nabarmendu du. 

Ondarroa ez zein hain ondo moldatu Bizkaiko Txapelketan, baina Donostian izandako sentipenekin taldea gustura gelditu zela azaldu du Diezek. «Bizkaiko Txapelketako estropadarekin ez ginen oso gustura geratu. Iruditzen zait arraunean askoz gehiago egin dezakegula, eta bandera oparitu egin genuela. Euskadikoan oso zaila izan zen, itsaso zakarrarekin, eta nabaritu zen ez gaudela oso ohituta horrelako egoeretan arraunean egitera. Baina sentipen hobeak izan genituen, zalantzarik gabe».

Gakoa: ondo hastea

Bihar hasiko duten liga «oso luzea» izan arren, bi arraunlariek argi daukate ongi hasteak konfiantza eman diezaiekeela bi traineruei. «Asteburu hau garrantzitsua da ikusteko nor egon daitekeen lehenengo postuetan, baina asteburu honetan egingo dugunak eta udaren erdian egingo dugunak berdin balio du. Maila uda osoan demostratu behar da, eta guk pentsaera horrekin ekingo diogu ligari», adierazi du Uribarrenak. Diezentzat «oso garrantzitsua» izango da ondo hastea. «Beste konfiantza bat ematen dizu ondo hasteak. Ibaiko erlojupekoak kalte egin diezaguke, itsasoan hobeto moldatzen baikara. Baina, esan bezala, dena emanda arituko gara, eta emaitzak esango du gainontzekoa».

Biek ala biek dakite zein diren beren taldeen helburuak. Kaikurena «arraunaz gozatzea» da. «Taldean gozatzea da gure helburua. Hain zuzen, ondo pasatzen genuelako atera zen aurreko denboraldia hain ongi, eta taldeak sekulako konfiantza zuelako. Gure taldea borrokalaria da, eta ondo pasatzera joaten garela esaten badugu ere, estropadan gure onena ematen dugu». Ondarroaren helburua, berriz, «estropadaz estropada» joatea da: «Estropada bakoitza bukatzean pozik egotea egindakoarekin. Uste dut hortik etorriko direla emaitzak, baina ezin gara erotu. Talde gaztea gara, batzuetan buruak huts egiten digu, eta horregatik joan behar dugu estropadaz estropada».

ETE LIGA 

KLUBAK 


Astillero. 

Deusto. 

Hernani. 

Kaiku. 

Ondarroa. 

San Juan. 

Zarautz. 

Zumaia. 


ESTROPADAK 


Bihar.Astillero. 

Igandean.Pasai Donibane. 

Ekainak 29.Donibane Loitzune-Ziburu. 

Ekainak 30.Zumaia. 

Uztailak 6.Camargo. 

Uztailak 7.Portugalete. 

Uztailak 13.Sestao. 

Uztailak 20.Pedreña. 

Uztailak 28.Erandio.

Abuztuak 3.Hernani. 

Abuztuak 10.Ondarroa. 

Abuztuak 15.Plentzia. 

Abuztuak 17.Zarautz. 

Abuztuak 18. BIlbo.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.