«Esan egia, inork ez du egin apusturik nire alde, ezta?». Oso umoretsu eta zirikatzeko gogoz agertu zen Joaquim Rodriguez Itzulia irabazi ondorengo prentsaurrekora. «Sinesgaitza da erlojupeko batean neure burua aurrean ikustea eta itzulia irabaztea. Estatistikak hautsi ditut». Bezperan irabaz zezakeela sinetsita oheratu zela aitortu zuen. «Baina ez dizuet gezurrik esango, podiumera igotzea zen benetako asmoa».
Taldeari eskerrak eman zizkion. «Harrigarria da txirrindularitzan bizikleta aldatzeak hainbesteko garrantzia izan dezakeela sinestea, eta taldearen kontua izan da hori. Eskerrak eman beharrean nago». Bera ere beldurtu egin omen zen goitik beherakoan «56 hortzeko platera» jarri ziotenean. «Berezkoa baino pisu handiagoa jarri didate bizikletan, beherakoan denbora irabazteko». Eta Errota inguruan aldatu zuen bizikleta. «Maldarik gogorrenetan, ahalik eta denbora gutxien galtzeko». 28 hortzeko piñoia erabili zuen gero goraka. «Bete-betean egin dut, erreferentzia askorik gabe».
Volta, Itzulia, klasikoak... «Martxo amaiera, apirila garrantzitsua izaten da beti nire egutegian. Ondo hastea gustatzen zait». Hori bai, Voltara joatea zen lehentasuna. «Eta nork daki, bi etapa irabazi beharrean, hiru irabaziko nituen, agian, han».
Iaz, Kataluniako Volta irabazita, «kolpe gogorra» hartu zuen gero Ardenetako klasikoetan. «Eta gerora ez nuen altxatu bururik». Euskal Herriko Itzulira, berriz, birus baten eraginez etorri da. «Horrelakoa da patua». 2014a orain arteko «urterik gogorrena» izan zela aitortu zuen. «Baina iaz ikasi nuen gehien».
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: adierazpenak
«Estatistikak hautsi ditut»
Zoratzen eta klasikoetarako prest amaitu du Joaquim Rodriguezek Euskal Herriko Itzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu