Espainiako Vueltako hamargarren etapa egingo dute gaur. Bada, Xabier Isasa Larrañaga (Urretxu, 2001) Euskaltel taldeko ziklistak ez du inoiz hamar egun baino gehiagoko itzulirik egin. Lehenbizikoz parte hartzen duen hiru asteko itzulia da aurtengo Vuelta, eta aukera probesten ari da. Bi ihesalditan sartu da, eta bietan eman diote gehien saiatuaren saria. Iragan ostiralean irteera eman bezain laster hartu zion aurrea pelotoiari. Ez zion inork jarraitu, eta bakar-bakarrik egin zituen 140 kilometro, harik eta helmugarako 40 falta zirela tropelak harrapatu zuen arte.
Erasoa jo eta inork jarraitu ez zizula ikusita, zer pentsatu zenuen?
Puf! Lehen kilometroetan oso gaizki pasatu nuen, gera ote nintekeen ere galdetu nien autokoei. Baina esan zidaten aprobetxatzeko eguna, azkar joateko. Ematen hasi nintzen, nahiko azkar joan nintzen, ahal izan nuen arte iraun nuen, eta listo.
140 kilometro bakarrik egin zenituen, eta zortzi minututik gorako aldea lortu zenuen. Zer esaten zizuten autotik?
Ahalik eta gehien irauteko esan zidaten, eta animoak eman zizkidaten. Eta, tarteka, txantxaren bat ere egiten zidaten, ez aspertzeko. Egia esan, nahiko ondo joan nintzen.
Aurretik ere egin zenuen beste ihesaldi bat, hirugarren etapan, eta zuk iraun zenuen gehien. Hori da zure egitekoa Vueltan, taldearen koloreak erakustea?
Bai, hori da. Gainera, egun horretan [Luis Angel] Materekin mendiko maillota lortzea genuen helburu. Aurreko egunean puntuak lortu zituen, eta berari laguntzeko sartu nintzen ihesaldian. Hori lortu ostean, aukera eman zidaten aurrera joateko, eta, ongi nindoanez, jarraitu egin nuen. Lehenengo astean, batez ere, hori zen helburua.
Jada bederatzi etapa egin dituzue. Aurretik eginak zenituen horrenbeste egun jarraian?
Bai, Portugalgo Itzulian, hamar etapa dira; eta, iaz, Etorkizunekoen Tourra egin nuen, eta uste dut han ere beste horrenbeste zirela. Baina ez erritmo honetan eta kilometro hauek eginda. Egunero ia 180 kilometro edo gehiago egiten ari gara. Maila honetako bederatzi etapa ez ditut inoiz egin.
Gainera, bero handia.
Bai, ia egunero 35 gardutik gora. Hasieran kosta egiten da, baina, oraingoz, ondo daramagu.
Igandeko etapan, beroaz gain, 4.000 metrotik gorako desnibelari egin behar izan zenioten aurre.
Oso-oso gogorra izan zen. Desnibela eta, batez ere, beroa. Hasieratik oso azkar joan ginen, eta, amaieran, guztiok txikituta geunden. Hazallanas mendatea ez nuen ezagutzen, baina gainerakoa bai. Banekien izorratuta joango nintzela, eta, halere, oso izorratuta joan nintzen.
Orain Galizian zaudete; bidaia ondo joan al zen?
Bai, oso ondo antolatuta zegoen. Igandean etapa amaitu eta berehala, hotelera eraman gintuzten, han dutxatu, eta aireportura joan ginen talde guztiak.
Eta atseden eguna, zer moduz joan da?
Nekatuta, baina hotel on bat egokitu zaigu, eta ederki gaude. Batzuek, goizean, bizikletan buelta bat eman dugu, gero atseden hartu, lo egin, eta askoz gehiagorik ez.
«Urte hasieran aldaketak egon ziren, eta orain arte nahiko gaizki ibili gara talde osoa. Vueltan hasi gara hobera egiten»
Orain arte beste lasterketa garrantzitsu batzuetan aritu zara, baina lehen aldia duzu itzuli handi batean. Zer alde nabaritu duzu?
Jende asko dabil inguruan, prentsa ere asko. Eta kanpotik ere mundu guztiak jarraitzen du, jende askok hitz egiten dizu edo zoriontzen zaitu. Hasieran, inpresioa egiten du. Gainera, lehiakideen maila ere sekulakoa da. Guztiak ia beren sasoirik onenean iristen dira, eta lasterketan daramagun abiadura oso handia da. Hemen esprinterrak ere asko igotzen dira.
Taldeak zer balorazio egin du Vueltaren lehen zatiaz?
Ona. Oso maila bikaineko lasterketa da, eta, genituen aukerak kontuan hartuta, ahalik eta hoberena egin dugu. Ihesaldi ia guztietan sartu gara, eta amaiera batzuetan [Jon] Aberasturi garaipenetik oso gertu egon da. Gainera, beste egun batzuetan ere ondo ibili gara helmugan. Beraz, oso gustura gaude.
Eta datozen egunei begira, zer asmo du taldeak?
Hurrengo bi asteak oso gogorrak dira. Ihesaldietan sartzea bera helburua da, baina etapa horietan ihesaldian sartzeko moduan dagoena etaparen batean lehiatzeko moduan egongo da. Badakigu oso zaila dela, baina ahalik eta hoberena egiten saiatuko gara.
Baduzu etaparik begiz jota?
Ez. Egun guztiak oso gogorrak dira. Ihesaldian sartzeko hanka onak edukitzeaz gain, zorte pixka bat ere beharko da. Ondo noan egunen batean aprobetxatzen saiatuko naiz, eta listo.
Biharko etapa [gaurkoa] begiratu duzue?
Bai. Mundu guztiak beldurra dio. Atseden egunaren ostean da, eta hasieran mendate bat du. Jendea ikaratuta dago, etxera joango ote diren beldur.
Hirugarren denboraldia duzu Euskaltelen, eta datorrena ere bertan egingo duzu. Nola aldatu da taldea, eta etorkizunerako nolako itxura hartzen diozu?
Urte hasieran aldaketak egon ziren, eta orain arte nahiko gaizki ibili gara talde osoa. Ez dakit aldaketengatik izan den, edo zergatik, baina orain arte ez dugu denboraldi ona egin. Konfiantza egon badago, eta Vueltan hasi gara hobera egiten. Hurrengo denboraldiari begira ere hobetuz joango garela espero dugu, eta egingo diren aldaketak onerako izango direla.