Azken hiru asteotan burua «lehertzeko zorian» izan du Iker Zabalak (Bermeo, Bizkaia, 1979). «Espero dut gaurtik [atzotik] aurrera urak baretuko direla». Santurtzin entrenatzaile gisabost urte oparo egin ostean, etxera itzuli da: Bermeo Urdaibai arraun elkartera. Urte «berezia» izango dela ez du baztertu. Ohi bezala, ahobizarrik gabe solastatu da.
Bermeoko klubak atzo [herenegun] gauean eman zuen albistea, datorren denboraldian Urdaibaiko entrenatzailea izango zarela. Lasaiago egin duzu lo?
Santurtziko atea kostata itxi orduko, zurrunbilo batean sartu nintzen. Buruari buelta asko eman nizkion Urdaibaira joateari buruz. Estresatuta egon naiz. Eskaintzari baiezkoa eman nion, eta jada lanean nabil; ea nork jarraituko duen eta nork ez, taldea nola indartu beharko dudan... Gauzak bere onera itzultzeko amorratzen nago.
Arrauna mundu txikia izanik, denboraldia amaitu orduko zurrumurruak ohikoak izaten dira: bata joan, bestea etorri… eta zure izena, nola ez, hitzetik hortzera ibili da, kalean, komunikabideetan eta sare sozialetan, besteak beste. Pertsonalki nola eragin dizu horrek?
Bistakoa da arraun munduak gero eta jarraipen handiagoa duela urtetik urtera. Nire kasuari dagokionez, nire izena asko entzun da komunikabideetan, Santurtzin eta Bermeon, ni nora nindoan jakin nahian. Behin erabakia hartuta, uste dut gauzak lasaitu egingo direla, eta arrauna datozen hilabeteetan isilik egongo dela. Futbolak kendu dio orain protagonismo osoa.
Liga amaieran jaso zenuen Bermeora joateko eskaintza, oraindik Santurtziko entrenatzaile zinela. Ondorengo egunak nolakoak izan ziren?
Egunak gogorrak izan dira, eta une txarrak izan ditut. Azken finean, Santurtzin bost urte oso onak pasatu ditut, eta sekulako pertsonak ezagutu ditut; bai arraunlarien artean, bai laguntzaileen artean, bai jarraitzaileen artean. Horiei guztiei agur esateak pena handia eman dit, baina bizitza horrelakoa da; etapak hasi eta bukatu egiten dira. Denboraldia amaitu orduko, sentitzen nuen nire Santurtziko zikloa amaitzear zegoela, eta hala izan da.
Horrelako erabakia hartzea zaila izan zaizu?
Horrelako erabakia hartzea ez da batere erraza izan, ezta Bermeora joatea ere; azken finean, nire herriko kluba da, eta horrelako egitasmo potoloa hartzen duzunean aldagai asko hartu behar dituzu kontuan. Halere, zezena adarretatik tinko hartzea erabaki dut, eta uste dut lan polita egin dezakedala.
Espero zenuen Urdaibairen deia jasotzea?
Bermeotik deia jasoko nuela espero nuen. Santurtzin lorpen handiak eskuratu ditut, eta normala da Urdaibairen moduko klub batek herrikoekin pentsatzea. Espero ez nuena izan da aurten jasotzea deia; hemendik bizpahiru urtera deituko zidatela uste nuen. Dena dela, pozik hartu nuen telefonoa.
Halere, zuk Santurtzin jarraitu nahi zenuen, ezta?
Bai, Santurtzin geratzea zen nire asmoa, baina arrazoi bategatik edo besteagatik ezin izan dut jarraitu; besteak beste, kirol arlotik kanpoko kontuengatik. Egonkortasun falta egon dela igarri dut. Hori bai, garbi daukat beste inon ez naizela egongo Santurtzin baino hobeto, ezta nire etxean ere.
Santurtziar batek esango du: «Urte berean Liga eta Kontxa irabazita, entrenatzaile handi batek nola lezake taldea utzi?».
Erabaki horren atzean hainbat arrazoi daude, eta nik arraunlariei eta zuzendaritzako kideei argi eta garbi azaldu nizkien. Uste dut horrelako gai serioak klubean geratu behar direla, eta ez lau haizeetara zabaldu. Kirol munduan entrenatzaile askori gertatu izan zaio etapari amaiera noiz eman ez jakitea. Arraunlari gisa Urdaibai goi-goian utzi nuen, Liga eta Kontxako Bandera irabazita. Santurtziko entrenatzaile kargua hartu nuenean, jende askok esaten zidan zoratuta nengoela. Ba, emaitzek erakutsi dute hartutako erabakiarekin asmatu egin dudala. Aho zapore onarekin utzi dut, eta orain Urdaibairekin gauza bera egin nahi dut: irabazi.
Arraunlariez agurtzeko aukerarik izan zenuen?
Santurtziko atea ondo itxita utzi nahi izan dut. Lehendabizi, klubeko hauteskundeak egin arte lanean aritu direnekin egon nintzen, eta segituan arraunlariekin batu nintzen, eta hartutako erabakia eta nire sentipenak nire ahotik entzun zituzten, eta ez sare sozialetatik edota komunikabideetatik. Arraunlariak hasieratik nirekin egon dira, eta babestu nautela sentitu dut. Agian, bakarren bat minduta egongo da taldea utzi dudalako, baina normaltzat hartzen dut hori. Oso zaila da 22 arraunlari nirekin pozik egotea, baina taldearen gehiengoaren berotasuna jaso dut. Uste dut agurtzeko modua egokia izan zela.
Bi aste baino gehiago da arraun denboraldia bukatu zela. Zer-nolako analisia egiten duzu?
Iazko urtea oso gogorra izan zen; aurten, ordea, asko gozatu dut, hasi bateletatik eta traineru denboraldira arte. Baina ez bakarrik emaitza onak lortu ditugulako, baizik arraunlariak hasieratik oso zentratuta egon direlako eta urte osoan oso ondo aritu direlako. Txapela kentzeko esfortzua egin dute, eta, gainera, KontxakoBandera irabazita, pastelaren ginga jarri diogu. Denboraldi aparta izan da; historikoa. Uste dut Santurtziko herrian aurtengo taldeaz gogoratuko direla urte askoan.
Bost urteetan, Santurtzi behetik gora eraman duzu; 2017an, Eusko Label ligara igo zenuen; 2018an, bosgarrenak izan zineten; 2019an, hirugarrenak; eta azken bi urteetan, ligako txapeldunak. Hori gutxi ez, eta Kontxako Bandera irabazi du Sotera-k, 36 urteren ondoren, zure esanetara. Kontziente al zara lortutakoaz?
Bai, kontziente naiz. Nik bakarrik dakit zenbat ordu sartu ditudan klubean, zenbat lan egin dudan, zenbat buruhauste izan ditudan... Taldearen agintea izan duena ni izan naiz, baita aurpegia eman duena ere, baina argi dut hori guztia nik bakarrik ezingo nuela lortu. Lan handi horren atzean jende asko dago: zuzendaritzako kideak, babesleak, udala... eta nola ez, arraunlariak. Eskerrik eman nahi dizkiet jende horri guztiari.
Zein izan da sekretua?
Lana eta lana. Hori egin gabe ez dago fruiturik. Dena den, kalitatea edukitzea beharrezkoa da, eta hori eskuartean izan dut; 2017. urtetik azken urtera arte izugarrizko taldea eduki dut, kalitate aldetik nahiz pertsona aldetik. Horrelako osagaiekin lan eginez, fruituak etortzen dira, eta hori da sekretua.
Eta orain etxera itzuli zara. Aurretik bost liga eta bost Kontxa irabazitakoa zara Urdaibairekin. Zer sentipen etortzen zaizkizu?
Bost urteren ostean etxera itzultzea berezia da. Arraun munduan entrenatzaile moduan jarraitzeko gaitasuna dudala eta talde indartsua gidatzeko ahalmena dudala erakutsi dut. Gaitasun hori nire etxeko klubean islatu nahi dut. Halere, badakit klubak eta herriak asko exijituko didatela; beraz, erronka handia daukat aurrean.
Datorren denboraldiari begira, taldean aldaketak egongo dira? Zer aurreratu dezakezu?
Ezer gutxi aurreratu dezaket. Egun gutxi daramatzat Urdaibain, eta oraindik goizegi da esateko taldean aldaketarik izango den ala ez. Egun batzuk pasatu beharko dira horiez guztiez hitz egiteko.
Amaitu berri den denboraldi honetan, Bou Bizkaia ontziaren txopan Iker Gimeno eta Josu Barturen lemazainak jardun dira. Gimeno Castrora joan da. Azken urtean zure taldean aritu den Gorka Aranberri Bermeora itzuliko al da?
Berriz diot; ez da garai egokia izenez eta taldeko mugimenduez hitz egiteko. Aurrerago ikusiko dugu.
Datorren denboraldirako, zer helburu jartzen diozu zeure buruari?
Nire helburua bakarra da: irabaztea. Baina badakit beste taldeetako entrenatzaileek ere helburu bera edukiko dutela. Pausoz pauso joan behar dugu. Azken denboraldian Urdaibai seigarrena izan da Eusko Label ligan, eta postu horretatik irabaztera salto handia dago, baina nik ez daukat beldurrik. Lan asko dut egiteko, baina gogotsu eta indartsu nago. Ea datorren denboraldian non egoten garen.
Iker Zabala. Bermeo Urdaibaiko entrenatzailea
«Espero nuen herriko klubaren deia jasotzea, baina ez aurten»
Buruari buelta asko eman ondoren, Urdaibairen eskaintza onartzea erabaki du Iker Zabalak, Santurtzin bost urte egin eta gero. «Nekatuta» baina «ilusioz» ekin dio erronka «handiari». Helburu bakarra du: irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu