Espero ez zuenean, aukera

Duela hiru sasoi iritsi zen Realera Iraia Iparragirre. Lesioengatik eta entrenatzaileen konfiantza faltagatik, apenas jokatu duen. Duela sei jardunalditik, ordea, hasieratik jokatzen ari da.

Iraia Iparragirre Realeko atzelaria, aste honetan, Zubietan. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Beltzetik zurira aldatu da azken asteetan Iraia Iparragirre Realeko jokalariaren egoera (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1995). Denboraldi osoan 117 minutu jokatu ondoren, azken sei lehietan titular izan da, eta partida guztiak jokatu ditu. Espero ez zuenean iritsi zaio aukera. Realera heldu zenetik izan ez duen jarraitutasuna lortzeko bidean da, Gonzalo Arkonadaren eskutik. Hiru urte hauetan lesioak eta entrenatzailearen konfiantza falta izan dira haren amesgaizto, eta baikortasuna eta etxekoen, lagunen nahiz taldekideen babesa aurrera jarraitzeko akuilu. Orain, ohikoa duen baikortasunarekin ikusten ditu bere eta taldearen etorkizuna. Disfrutatu egin nahi du zelaian, eta eman dioten aukera muturreraino baliatu. Gaur hasieratik jokatzeko beste aukera izan dezake, etxean, Espanyolen kontra (12:00).

Duela hiru sasoi fitxatu zuen Realak, Añorgatik. «Ametsa zen niretzat Realean jokatzea». Baina ametsa zaildu egin zitzaion hasieratik. Denboraldi-aurrean behatz bat apurtu zitzaion, eta aste dezente eman zituen jokatu gabe. «Lehen Mailarako salto handia da, eta sasoi-aurrea galduta oso zaila da gero erritmoa hartzea». Aurreko sasoian ere, bihurritu bat tarteko, ez zuen segidarik izan hamaikakoan. Ia ez zuen jokatu.

Dena den, Realak beste urtebetez berritu zion kontratua. «Horrek indarra ematen zidan. Gutxi jokatu, eta kontratua berritu bazidaten, esan nahi zuen nigan konfiantza zutela». Gainera, Iparragirre ondo ezagutzen zuen entrenatzaile bat iritsi zen: Juanjo Arregi. Hark entrenatu zuen Añorgan. Sasoi aproposa zirudien Lehen Mailan lekua egiteko. «Añorgan dena jokatzen nuen, eta banuen itxaropena, baina argi nuen ni ondo ezagutzeak ez zuela esan nahi hasieratik jokatuko nuenik».

Baina beste atzelari batzuen alde egin zuen Arregik, eta soilik hark zuzendutako azken partidan jokatu zuen. «Niretzat bereziki gogorra izaten ari zen denboraldi hau. Izan ere, min hartuta zaudenean, badakizu zergatik ez duzun jokatzen. Baina sasoi betean egon, entrenamenduetan dena eman, eta ez jokatzea gogorra da, etsigarria». Gainera, argi zuen zirt edo zart egiteko sasoia zela: «Ez banuen jokatzen, uztea nuen buruan».

Baikor izateak lagundu dio: «Astelehenero neure buruari esaten nion asteburuan iritsiko zela esperotako aukera hori. Baina partida bat joan eta bestea etorri eta aukerarik ez duzunean, lanketa handiagoa egin behar duzu hori pentsatzeko, eta indarrak agortuz doaz. Batez ere etxetik kanpoko partidetako bidaia luzeetatik bueltan gogorra zen barneratzea alferrik izan zela». Are gehiago, kontuan hartuta ikasten eta lanean ere ari dela: «Osteopatia ikastaro bat ikasten ari naiz Iruñean, eta taberna batean ere egiten dut lan».

Baina beti izan du ondokoen laguntza. «Denek lagundu didate egoeraren alde ona ikusten. Dena den, hitz gutxikoa naiz ni halakoetan. Baina, adibidez, taldekide baten animo keinu edo besarkadak asko eskertu ditut. Halako keinuen bidez hitzez baino gehiago esaten da».

Arkonadarekin ere ez zen titular hasi. Baina ez du ahaztuko Atletico Madrilen aurka hasieratik jokatuko zuela esan zionean: «Hiru erdiko atzelarirekin jokatuko behar zuenez, aukera eman zidan. Tximeletak jarri zitzaizkidan sabelean. Baina zelaira atera, eta argi izan nuen gauzak sinple egin behar nituela, konplikatu gabe. Partidak jokatu ahala, asko lasaitu naiz. Gonzalok, gainera, garbi esan dit nik dakidan bezala jokatzeko».

Denboraldi amaieran bukatzen zaio kontratua, baina ez da etorkizunean pentsatzen jarri. «Eman didaten aukera honetaz disfrutatu nahi dut, eta aurrerago ikusiko dugu zer gertatuko den. Baina ikuspegia aldatu egin zait. Partida hauen aurretik futbola uztea nuen buruan, baina orain jarraitzeko ilusioz nago».

Espanyol, aurkari «zaila»

Gustura dago Arkonadarekin. «Esperientzia handia du, eta gauzak oso garbi eta patxadaz azaltzen dizkigu, pixkanaka. Entrenatzaile oso didaktikoa da. Asko erakusten digu egunero, eta eskertzen da. Primeran daki bere mezua helarazten. Lasaitasun handia ematen digu, eta ausartak izatera bultzatzen gaitu».

Taldea, gainera, bide onetik ikusten du, nahiz eta oraindik Espainiako Kopa jokatzeko postuak bost puntura eduki: «Denboraldi amaiera zaila bezain interesgarria izango da. Hurrengo hiru partidak gakoa izango dira Kopa jokatzeko. Espanyol, Rayo eta Levanteren aurka jokatuko dugu, inguruan ditugun aurkariak. Horiei irabazita uste dut aukera askoz handiagoa litzatekeela». Gaurko lehiari erreparatu dio: «Espanyol aurkari deserosoa da. Zaila da haren defentsan zuloak aurkitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.