Denboraldi erdia falta da oraindik Lehen Maila amaitzeko, baina, neguko atsedenaldira iritsita, balorazioak egiteko garaia da. Ligako lehen hamasei partidak jokatuta, jokoz, kalitatez eta puntu kopuruan, mutur banatan daude Athletic eta Lagunak. Sasoi dotorea egiten ari dira zuri-gorriak, eta, 41 punturekin, sailkapenaren buruan daude, bakarrik; hiru puntura dago Atletico Madril, eta bostera Bartzelona. Lagunak, berriz, arrastaka dabil. Partida guztiak galdu dituzte nafarrek; gol bakarra sartu dute hamasei partidetan, eta 71 jaso dituzte.
Gutxi-asko, espero zen lekuan dabiltza Athletic eta Lagunak, baina Reala dabil erabat makalduta. Superligara iritsi zirenetik gorako pausoak emanez aritu dira donostiarrak, baina ezinean dabiltza denboraldi honetan. Rayo gogorraren zelaian 4-3 galduta, itxura onean ekin zioten sasoiari, baina hustuz joan dira. 13 puntu baino ez dituzte pilatu orain arte, eta jaitsiera postuetatik sei puntura daude. Ez dago jaisteko arrisku handirik, baina oso urruti daude jada Kopa jokatzeko postuak, bederatzi puntura. Urtarrilaren 12-13ko asteburuan ekingo diote, berriz ere, ligari.
Espero ez zen hutsa
Athletic lider iritsi da neguko geldialdira; Lagunak zuloan da, eta Reala dabil uste baino apalago, 13. postuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu