Xabi Prieto. Realeko jokalaria

«Espero dut Realean nirea bezalako kasu gehiago izatea»

Bihar esango dio agur jokalari profesional izateari Realeko jokalari izan nahi zuen Donostiako haur hark. Ametsa betetzea lortu zuen, eta hamabost urtez izan da taldeko jokalari. Kapitain ere bai. Realean hasi eta Realean bukatu, nahi luke Xabi Prietok horrelako gehiago izatea etorkizunean harrobiko jokalarien artean.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gorriz, Larrañaga, Zamora, Arkonada eta Xabi Prieto. Realarekin partida gehien jokatu duten bost jokalarien zerrenda da hori. Mende honetakoen artean bakarra ageri da: Xabi Prieto (Donostia, 1983). Bihartik aurrera, beste antzekotasun bat ere izango dute bostek: jokalari ohiak izango dira. Prieto ez da izango datorren denboraldian egunero Zubietan. «Erretiroa hartzeko garaia heldu zait».

Egun batzuk igarota, zer ari zaizu geratzen buruan joan zen larunbateko omenalditik?

Dena izan zen polita. Partida irabazi genuen, jokatzeko aukera ere izan nuen, familia eta lagunak Anoetan ziren... Dena izan zen hunkigarria.

Sentimenduak gainezka edukita, une guztiak behar bezala bizi ahal izan zenituen?

Ondo kudeatu nituen emozioak, nahiz eta azken uneak izan ziren Anoetan jokalari gisa.

Motza da jokalari bizitza?

Tira, gauzak ondo joaten direnean, bai. Hamabost urte izan dira, eta azkar joan dira. Gozatu egin dut.

Estreinakoa, 2003koa, atzo goizean izan zela iruditzen al zaizu?

Hainbeste ez nuke esango [barrezka], baina gezurra dirudi hamabost urte igaro direnik. Oso oroitzapen onak dauzkat egun hartakoak, eta, argazkiak ikusten ditudanean, jokaldi batzuk gogora etortzen zaizkit.

Egunkarietako kronikak, argazkiak eta antzekoak gordetzekoa izan zara?

Ni ez;baina izebak gordetzen ditu. Haren etxera joaten naizenean, begira egoten naiz, eta izebak esana dit oparitu egingo didala bilduma.

Toki handia beteko dizu etxean bilduma horrek.

Lodia izango da, bai, baina horretarako beti izaten da lekua etxean.

Realak 2003an ia liga irabazi zuenean, haiekin entrenatzen zinen tarteka, bigarren taldeko jokalari gisa. Zein gertu egon zen titulua, ezta?

Nire hasiera zen; partida batzuetako deialdian sartu ninduten, eta pena izan zen liga ez irabaztea. Ez dakit berriz noiz izango dugun horrelako aukera bat. Irabazi ez arren, denboraldi oso ona egin izanak sekulako meritua izan zuen.

Lehen taldearen aldagelan aurreneko aldiz sartu zinen egunaz zer duzu gogoan?

Zubieta aldatu egin dela, hori daukat gogoan, obra dezente izan direlako aldageletan. Oso urduri egongo nintzen, lurrera begira, lotsatia naizelako. Aranburu, Labaka, Gabilondo, Barkero... ni bezala etxekoak eta gazteak zirenekin moldatzen nintzen.

Talde hartako atzerritarrak ez baitziren edozein.

Karpin, Darko [Kovacevic], Nihat eta Westerveld zeuden, besteak beste. Kosta zitzaidan haiekin hitz egiten hastea, baina denborarekin irekiz joan nintzen.

Zer esan nahi du Realeko harrobiko jokalari batentzat lehen taldera iristeak?

Gauzarik politena da. Amets bat egia bihurtzea, eta egindako sakrifizio guztiak merezi izan dutela ikustea.

Galtzear dago «jokalari bat, talde bat» sentimendua?

Ez dut uste galdu denik. Ohikoa ez da gaur egun, baina espero dut Realean nirea bezalako kasu gehiago izatea. Reala da talde berean ibilbide osoa egin duten jokalari gehien daukan taldea, eta segituko dugu beste gauza batzuen gainetik sentimendu hori jartzen.

Landu daiteke sentimendu hori harrobiko jokalariekin?

Landu ez dakit, baina zaindu bai. Beste leku batzuetan eskaintzen zaiena hemen eman dakieke, taldea gero eta hobea izanez, adibidez.

«Ez dut jokalari izan nahi, Realeko jokalari izan nahi dut» esaldia zurea da. Sakona da oso.

Txikitan Atotxara joaten nintzen, eta umetan etxean esaten nuen Realeko jokalari izan nahi nuela. Zorionez, hamabost urtez izan naiz, kapitain ere bai azken urteetan, eta zorte handia izan dut bizitzan.

Nondik datorkizu futbolarekiko zaletasuna?

Txikitatik ibiltzen nintzen baloiarekin jolasean, eta gurasoek esaten didate ume-umetatik gustatzen zitzaizkidala baloia eta futbola, eta orain arteko nire bizitza baloi baten atzetik eman dut.

Jokalari ona jaio egiten da, egin egiten da, ala jaio eta egin?

Pentsatzekoa da abilezia batzuekin jaiotzen garela, eta, gero, landu egiten ditugula. Ez badira lantzen ez dute ezertarako balio berezko dohainek.

Hortaz, Xabi Prieto jokalari jaio zen, eta, gero, Realak landuarazi dio gainerako guztia?

Hori da, bai. Realak asko eman dit, eta, aukera eman izan ez balidate, ez nintzen futbol jokalari izango.

Hamabost urteko bidean oroitzapen ilunak ere badituzu; esate baterako, 2007an, Realarekin Bigarren Mailara jaitsi izana.

Gogorra izan zen. Baina futbolak beti ematen ditu aukerak bolada txarrak gainditzeko, eta Realean jakin izan genuen egoera petral hori gainditzen. Bizkarrean harri asko geneuzkan, baina kendu egin genituen. Txapeldunen Liga ere jokatu genuen, eta sekulako meritua dauka horrek.

Reala uztear egon izan zara noizbait?

Ez. Gauzak entzuten ziren, baina inoiz ez dut neure burua ikusi Donostiatik kanpo, ez eta Realekoa ez den beste elastiko batekin ere.

Beste talde batzuen eskaintzak izan dituzu, baina.

Bai, egon dira gauzak, baina nire ordezkariari beti esaten nion eskaintza horiei kasurik ez egiteko. Oso lasai egon naiz alde horretatik urte hauetan guztietan.

Bigarren Mailara jaitsi eta urtebetera, Mendizorrotzako azken minutu gogor haiek bizi izan zenituen: igoera eskuan eduki, eta dena galtzea oso denbora gutxian. Jaitsiera bera bezain gogorra izan al zen?

Hain gertu ikusi genuen jaitsi eta lehen denboraldian igotzea, oso gogorra izan zen. Mendizorrotzan taldea nola zegoen ikusi egin behar zen. Partidako irudiak ikusten ditudanean, gogorra egiten zait oraindik ere. Eskerrak handik bi denboralditara Lehen Mailara igo ginen.

Maila berreskuratu eta ia-ia gaur arte, txukun ibili da Reala. Horrek poz handia ematen dizu agurraren garai honetan, ezta?

Denboraldi batzuetan beste batzuetan baino hobeto, baina, bai, maila ona ematen ari gara igo ginenetik. Uste dut talde politak osatu ditugula urte hauetan, eta etorkizun handiko taldea daukagu orain. Gauza onak egiteko moduan ikusten ditut taldekideak.

Egoera txarretatik onetatik baino gehiago ikasi izan duzu?

Bigarren Mailan egoteak beste zerbait eman zigun: autobusez bidaiatzen genuen, zelaietan ez zen ikusle asko izaten... Gero, berriz ere Lehen Mailan egon garenean, gauza horiei denei beste balio bat eman izan diet. Egia da egoera txarretatik gauza onak ere atera daitezkeela.

Txapeldunen Liga bitan jokatu duzu, 2003-04an eta 2013-14an. Zer izan da zuretzat?

Oso berezia izan da lehiaketa hori jokatzea. Europako talde onenen artean Reala ikusteak sekulako ilusioa egin izan dit, eta ea gehiagotan lortzen dugun etorkizunean. Horretarako, ligan goian ibili beharra daukagu.

Zergatik erabaki duzu gehiago ez jokatzea?

Agur esateko garaia iritsi zaidala uste dudalako. Aurreko denboraldiaren amaieran ere egon nintzen pentsatzen azkena izango nuela, baina jarraitzea erabaki nuen. Noizbait erabaki hori hartu beharra izaten da, eta jokalariok jakin egin behar dugu agur esaten. 35 urte betetzera noa, urte asko izan dira futbolean, eta, gainera, jokalari gazteek aurrerapausoa eman behar dute, aukerak eman behar zaizkie aurrera egin dezaten.

Erraz hartu duzu uzteko erabakia?

Bai, bai. Duela urtebete kontratua beste denboraldi baterako luzatu nuenean, ia erabat garbi neukan azkeneko sasoia izango nuela honako hau, eta, horregatik, ez zait asko kostatu uzteko erabakia hartzea.

Jakinaren gainean egonik azkeneko denboraldia zenuela, modu berezi batean bizi izan dituzu entrenamenduak, partidak, bidaiak eta jokalari baten eguneroko gainerako gauza guztiak?

Bai, jakinda amaitzen ari nintzela, saiatu naiz gehiago bizitzen eta gozatzen, baita zelaian ere. Pena izan da azkeneko aldi honetan lesioa izan dudala eta ez naizela nik nahi beste egon taldekideekin zelaian. Baina gauzak etortzen diren moduan etortzen dira, eta halaxe hartu beharra daude.

Zer egin behar duzu orain?

Ez daukat erabakita zer egin. Oraingoz, opor eder batzuk pasatu nahi ditut familiarekin eta lagunekin, eta denbora hartuko dut zer egin nahi dudan pentsatu ahal izateko.

Futbolak lekua izango du zure etorkizun horretan?

Ziurrenik bai. Egingo diot lekua. Gehien gustatzen zaidan kirola da futbola, eta ikusle gisa asko gozatzen dut. Ez dakit profesional gisa jarraituko dudan futbolean, edo aisialdi gisa hartuko dudan, baina segituko dut kirol honekin gozatzen: partidak ikusten, eta, jakina, Reala animatzen.

Itzuliko zinateke Realera lanen bat egitera?

Bai. Ezin dira ateak itxi, eta neure burua ikusten badut Realari laguntzeko prest arloren batean, zergatik ez naiz itzuliko?

Kezkatzen zaitu goizero jaiki eta futbolaren eguneroko martxa hori ez izateak?

Ez nau kezkatzen, oraingoz. Ez daukat kezkarik eta beldurrik. Gainera, hiru haur txiki dauzkagu etxean, eta horiekin zaila da aspertzeko denbora izatea. Kirola asko gustatzen zait, eta orain arte egin ezin izan ditudan kirolak egiteko denbora ere hartu nahi dut.

Nolako etorkizuna antzematen diozu Realari, Anoeta berriarekin eta?

Ona, etorkizun ona ikusten diot. Zelai berria dator segituan, zaleak ere apartekoak dauzkagu, taldea ere oso ona, eta zuzendaritza balekoa.

Galdetu al dizute kirol arduradunek eta Aperribai presidenteak zein entrenatzaile fitxatuko zenukeen zuk orain?

Galdetu izan balidate ere ez nizuke esango [barrezka], baina ez, ez didate galdetu. Uste dut asmatuko dutela aukeratzen dutenarekin, eta dagoen taldearekin dena erraz joango da. Hala uste dut, behintzat, nik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.