Esperientziaren sosegua

Utergak eta Etxeberriak irabazi dute Binakako Erremonte Txapelketa, Ezkurra eta Endikaren kontra: 40-32. Partida parekatua izan da

Finaleko bi bikoteak sariekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Lasaitasuna. Horixe eman ohi du eskarmentuak egoera zail eta erabakigarrietan. Hala gertatu zitzaien atzo Uterga eta Etxeberria III.ari, eta horri esker irabazi zuten Erremonteko Binakako Txapelketa Ezkurra II.a eta Endikaren kontra: 40-32. Azken txanpara arte partida orekatua izan zen, eta batez ere aurreko koadroetan maila handikoa. Uterga eta Ezkurra II.a izan ziren partidako onenak.

Galarretan jokatu zen finala. Lehen erdia orekatua izan zen oso. Bi bikoteek 20. tantoa gainditu bitarte, zortzi berdinketa egon ziren markagailuan. Ezkurrak eta Endikak hobeto hasi zuten partida, 5-3. Baina txapeldunek ederki erantzun zuten, eta bi bikoteek ez zuten bi tanto baino gehiagoko aldea lortzen.

Dena den, ematen zuen Ezkurra eta Endika zertxobait hobeto ari zirela. Endika finari tu zen sakean, eta pilotari abiadura emanez. Ezkurrak, berriz, ikusgarri amaitu zituen tantoak, horretan maisua dela erakutsiz. Hala, erreskadan Ezkurrak egindako lau tontori esker, norgehiagokako lehen abantaila esanguratsua lortu zuten: 23-18.

Baina esperientzia eta sosegua baliatuz, Utergak eta Etxeberriak eutsi egin zioten, eta pilotek bizitasuna galtzen joan ahala haien erritmoa ezartzen joan ziren lehian. Etxeberria sendo aritu zen atzean, partidako lehen zatian baino konfiantza gehiagorekin. Utergak, berriz, Etxeberriak eskatu bezala, arriskatu egin zuen aurrean. Hala, irabazleek, partida erabakita utzi zuen bi partzial egin zituzten. Lehenbizikoa 0-7koa izan zen, eta horri esker 27-31 jarri ziren aurretik. Ondoren, berriz, 1-5ekoa. Hala, 32-39koa jarri zuten markagailuan, eta azken tantoa ere haientzat izan zen, txapela lortuz.

Amaieran, irabazleak oso pozik mintzatu ziren. Utergak hirugarren aldiz jantzi zuen binakako txapela, eta Etxeberriak bigarrenez. «Tentsio handiko partida izan da. Lehen zatian urduri samar ibili naiz, baina gero lasaitu eta buru gehiagorekin jokatu dut. Hor egon da gakoa. Eskarmentuak ere lagundu egin digu»,nabarmendu zuen Utergak. Norgehiagokan«sufritu eta disfrutatu» egin zuela onartu zuen Etxeberriak. «Une batzuetan ematen zuen final zaildu egingo zitzaigula, baina eutsi egin diogu. Oso pozik nago. 44 urte izan arren, jarraitzeko ilusioa daukat». Penatuta antzematen zitzaionEzkurrari. «Jarraian hirugarren finala galtzea kolpea izan da. Ondo hasi gara, baina gero Endikak pixka bat behera egin du, eta ni ere haren bidetik joan naiz ondoren. Pena izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.