Azken hilabetean oso gutxi lehiatu den arren, gogotsu eta itxaropentsu gerturatuko da estreinakoz bere lehen Olinpiar Jokoetara Manex Salsamendi (Rio Branco, Brasil, 2002). Urteko lehen helburu nagusia izango da Pekingo Jokoetakoa.
Pekinera abiatu aurreko azken egunetan zer-nolako lana egin duzu?
Ez dut ezer berezirik egin. Orain arte bezala, entrenatzen eta atseden hartzen saiatu naiz. Azken hilabetean Obertilliachen [Austria] aritu gara entrenatzen, eta Pekinera joan aurretik Frantziatik igaro gara.
Sasoi aldetik, nola iritsiko zara Pekinera?
Uste dut ondo nagoela, baina badakit ezin naizela munduko onenekin alderatu. Aurtengo negu osoa eskiatzen pasatu dut. Duela bi hilabete eta erdi joan nintzen etxetik, eta oraindik ez dut itzultzeko aukerarik izan. Egunero eskiatzeko aukera izan dut, eta iruditzen zait negu osoko sasoirik onenean iritsiko naizela Pekinera.
Noiz ziurtatu zizuten Pekingo Olinpiar Jokoetan izango zinela Brasilgo selekzioarekin?
Urtarrilaren 17an esan zidaten. Gutxi gorabehera banekien parte hartzeko aukera handiak nituela. Olinpiar Jokoetarako selekzioko irizpide batzuk ezarrita daude, eta, nahiz eta taldekide gehiago ere egon, negu osoan ni joan naiz denen aurretik. Aukera gehiago ikusten nituen joateko, ez joateko baino. Halere, ez dut ukatuko lasaitasun ederra hartu nuela Pekinen egongo nintzela ziurtatu zidatenean. Oso pozik nago emandako aukeragatik.
Zure adina kontuan hartuta, Pekinen egongo zareten kirolari guztien artean gazteenetakoa izango zara.
Bai, hala da. Ez dakit gazteena izango naizen, baina gazteenetakoa bai, zalantzarik gabe. Ziur, eskia kirol hain indartsua ez den herrialderen bateko eskiatzaile gazteren bat ere topatuko dudala. Hori ere polita izango da.
Aurtengo helburuetako bat al zen Pekingo Olinpiar Jokoetan parte hartzea?
Bai, besteak beste, hori zen helbururik garrantzitsuena. Orain arte egindako lanagatik lortu dut Pekinerako lekua. Halere, ondoren, Norvegian jokatuko diren Munduko Txapelketara ere joango naiz junior mailakoekin. Han ere nire onena erakustea eta lasterketa on batzuk egitea gustatuko litzaidake.
Orain arteko denboraldia nola joan da?
Abenduan lasterketa asko jokatu genituen, Austrian, Suitzan... Ondoren, urtarrilean, eta koronabirusarengatik, ezin izan gara nahi adina lasterketetan lehiatu. Halere, asko entrenatzeko balio izan digu, eta, alde horretatik ere, pozik nago. Lehiatzeko gogo handiz nago.
Zein nota jarriko zenioke orain arte egindako lanari?
Hamarretik 7,5 jarriko nioke. Gehiago espero nuen. Denboraldia ez nuen espero bezain ondo hasi, nahiz eta abenduan lasterketa on batzuk egin nituen. Konstantzia falta izan zait, erregulartasuna mantentzea. Lasterketa on batzuk egin ditut, baina txarrak ere bai. Nire hurrengo helburua hori izango da: erregulartasuna lortzea.
Iraupen eskiatzaile batentzat, Olinpiar Jokoak dira gailurra. Zuk ere beti amestu izan al duzu bertan egotearekin?
Denek berdin esaten didate; alegia, haien ametsik handiena Olinpiar Joko batzuetan aritzea dela, baina nirea ez. Nik nahiago nuke maila hobea izan, eta, esaterako, Munduko Kopa batean lehen hogeita hamarren artean sailkatu, Jokoetara joan baino. Agian, maila hobetzen badut, hura izango zen ametsa: hara joan eta lasterketa on bat egitea.
Pekinen estreinakoa izango duzu Joko batzuetan, baina jada badakizu zer den munduko txapelketan onenekin lehiatzea. Nola sentitu zinen haien ondoan?
Pelikula batean egongo banintz bezala sentitu nintzen! Normalean telebistan ikusten ditudan kirolarien aurka lehiatzea izugarria izan zen.
Gogoz zaude Olinpiar Hirian egoteko?
Gogo handiz nago, baina COVID-19agatik ezingo gara handik atera turismo pixka bat egitera. Lehiatzera eta entrenatzera irteteko aukera bakarrik izango dugu. Hara irtsi, eta egokitzen hasteko gogoa dut.
Lau probatan hartuko duzu parte; 1,2 kilometroko esprintean, 15 kilometrokoan klasiko eran, 15 kilometrokoanestilo librean, eta 50 kilometrokoan. Zeini diozu beldurrik handiena?
Zalantzarik gabe 50 kilometrokoari! Inoiz ez dugu 50 kilometro egiten. Pentsa, 10 kilometro baino gehiagoko probak oso luze egiten zaizkit. Noizeanbehin 15 kilometrokoan ere lehiatzen naiz, baina oso pisutsuak egiten zaizkit. Ez dut pentsatu ere egin nahi! Zirkuitu batean jokatzen da, gainera, eta atzekoek itzulia kentzen badizute, lasterketa bertan behera uztera derrigortzen zaituzte. Oso zaila izango da horrela lasterketa amaitzea. Helburuetako bat hori izango da, inork itzulia ez kentzea!
Zure aurkarietako bat, Imanol Rojo izango da. Eredu izan da zuretzat iraupen eskian.
Bai, eta elastiko desberdinarekin lehiatuko gara, gainera! Guretzat erreferentzia bat izan da. Gurekin ibili izan da lehian, gehienbat Espainiako Txapelketan, etahain gertukoa den pertsona bat onenen artean ikustea ederra da. Imanolekin ikusten da saiatuz gero gauzak lortzeko aukera badagoela.
Zer eskatzen diezu lehen Olinpiar Jokoei?
Niretzat garrantzitsuena zera izango da: lasterketak amaitzean dena eman dudala ikustea, eta nire esku zegoen guztia egin dudala sentitzea. Gero, nahizeta lasterketa ona egin, seguruena onenak tarte handia aterako didala.
Zer lortuta etorriko zinateke gustura etxera?
Esprintean hainbat herrialde atzean uztea garrantzitsua izango da, baina batez ere esperientzia bizitzera noa. Esperientzia handitu behar dut datozen Olinpiar Jokoei begira.
Zure entrenatzaile Julen Garjon ere Pekinen izango da. Horrek lasaitasuna ematen dizu lasterketetarako?
Bai. Niretzat oso garrantzitsua da bera nirekin etortzea. Entrenatzailea izateaz gain, psikologo lanak ere egin izan ditu nirekin. Poz handia ematen dit nirekin izatea, lortutakoaren zati bat berea ere badelako. Horretan ez dut zalantzarik.
Manex Salsamendi. Eskiatzailea
«Esperientzia handitzea izango da helburuetako bat»
Brasilekin lehiatuko da Manex Salsamendi. Gogor entrenatu da. Bi hilabete eta erdi daramatza etxetik urrun Jokoak prestatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu