Ahalegin guztiak egin ditu irabazteko. Baina padeleko euskal selekzioak bigarren postuarekin konformatu behar izan du Europako Txapelketan, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan. Jakitun ziren Portugalekin lehia estua izango zutela garaipena lortzeko, eta, azkenean, amore eman behar izan dute. Asteburuan jokatu zen txapelketa Bilbon eta inguruko hainbat herritan.
Bide erraza izan zuten Junkal Aizpuruaren (Donostia, 1997) eta Pedro Etxarriren (Donostia, 1995) taldeek finalera heltzeko. Hasierako fasea zailtasun handirik gabe pasatu zuten, baina lehen oztopoa finalerdietan izan zuten; bereziki, emakumeen taldeak. Suitza izan zuten aurkari, eta gauzak asko zaildu zitzaizkien: «Lehenengo partidan asko sufritu genuen. Bizkaia pilotalekuan jokatzen genuen lehen aldia zen, eta bertako baldintzetara egokitu behar izan genuen. Zale asko gerturatu zen, eta horrek urduriago jarri gintuen. Ez zen erraza izan, baina hurrengo bi partidak sendo irabazi genituen».
1-6 galdu zuten lehen seta;hurrengoa, berriz, 6-3 irabazi zuten. Baina hirugarrenean garesti ordaindu zuten esfortzua, eta 3-6 galdu zuten. Beraz, euskal selekzioak ez zuen baliatu lehen aukera, eta derrigortuta zegoen bigarren partida irabaztera, finalean izan nahi bazuten. Hurrengo bi lehiak askoz lasaiagoak izan ziren. Adriana Barrena eta Marta Avila bikoteak aurrena, eta Aizpuruak eta Cristina Gonzalezek gero, markagailua alde zutela amaitu zuten euren eginbeharrekoa. Hori horrela, historiako lehen finalean zen euskal selekzioa.
Gizonezkoen kasuan, finalerdi erosoagoa izan zuten, baina susto txiki bat ere bai. Finlandiaren aurkako hiru partidak irabazi arren, lehen norgehiagokan tie-break bat izan zuten. Azkenean, aurrera egin ahal izan zuten, eta euskal selekzioarentzat izan zen puntua. Gainerako bi partidetan finlandiarrak behera egin zuten, eta euskal selekzioa arazorik gabe pasatu zen finalera. Etxarrirentzat susto horren arrazoia ezagutza falta izan zen: «Ezagutzen ez dituzun aurkarien kontra jokatzen duzu, eta horrek asko zailtzen du partida. Ez da erraza hori kudeatzea, eta, azkenean, ezustean harrapatzen zaituzte. Beldur pixka bat sartu zitzaigun, bainaegoera ondo kudeatzen asmatu genuen».
Ezin ezer egin
Portugal izan zuten aurkari bi finaletan, eta bietan gailendu zen. Gizonezkoen kasuan, finaleko lehen partidan aurrea hartu zuen euskal selekzioak: «Gure helburua finala irabaztea zen. Hiru bikote oso indartsu atera genituen horretarako. Lehen partida irabazi genuen, eta gainerakoetan zerbait falta izan zitzaigun. Gure beste bikoteek ez zuten gaizki jokatu, baina orokorrean portugaldarrek lan hobea egin zuten», gogoratu du Etxarrik. Hain zuzen, Joseba Diegok eta berak osatzen zuten bikoteak lortu zuen finaleko garaipen bakarra.
Emakumezkoetan, berriz,ezin izan zieten portugaldarrei ezusteko txiki bat ere eman. «World Padel Tourra jokatzen ari diren bi jokalari zeuzkaten, eta horrek taldearen maila asko igotzen du. Munduko zortzi bikote onenen artean daude. Europako Txapelketan ez zuten batera jokatu, bakoitzak bikote berri bat izan zuen. Pentsatzen genuen ez zirela etorriko, eta ondorioz aukerak izango genituela irabazteko. Eta etorri zirenez, ia ezinezkoa zen finala irabaztea». Bi selekzioen artean dagoen desberdintasun bat nabarmendu du Aizpuruak: «Gure kasuan ez bezala, portugaldarrek diru laguntza asko jasotzen dituzte padelean jokatu ahal izateko. Guk ez dugu izaten inolako laguntzarik, eta lehiatzeko orduan asko antzematen da desberdintasun hori».
«Errebantxa gogoz» dago donostiarra datorren denboraldirako; ez, ordea, honetarako. Izan ere, aurten ez du txapelketa gehiagotan parte hartuko: «Ikasketetan zentratu gura dut datozen hilabeteetan». Etxarrik, berriz, euskal zirkuituan hartuko du parte asteburu honetan, eta urriaren 26tik 31ra bitartean Espainiako Txapelketan izango da, Madrilen. «Ia astero txapelketaren bat izaten dugu, eta ezin dugu denborarik galdu. Europako Txapelketak motibatzeko eta lan gehiago egiteko balio izan digu», azaldu du.
Aizpuruak aste osoan izandako bizipenak gogoratuko ditu etorkizunean, eta ez hainbeste eskuratutako emaitzak, nahiz eta bigarren postuari «garrantzia» eman: «Aste osoa elkarrekin egon ginen, eta oso polita izan zen.Entrenatu eta jokatu ez ezik, oso ondo pasatu genuen, eta. hori ere garrantzitsua da».
Esperientzia, finaletatik harago
Euskal selekzioak bi finalak galdu ditu Bilbon jokatutako Europako Padel Txapelketan. Bietan Portugal izan zuten borrero. Baina onenen artean lehiatu daitezkeela erakutsi dute beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu