Bilbo Basket

Esperientzia emango dio

Valentzian egindako lana Bilbora ekarri nahi du orain Jaume Ponsarnau Bilbo Basketeko entrenatzaile berriak. Saskibaloi «alaia, dinamikoa eta dibertigarria» proposatzen du.

MIGUEL ANGLE POLO / EFE.
pettan uralde
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Ostiralean ekingo dio Surne Bilbo Basketek ACB ligari, eta Bizkaiko taldeak aukera ona izango du denboraldiaurre osoan izan dituen mamuak uxatzeko. Lesio larriak izan dituzte, ezin izan dute jokalari guztiekin entrenamendu bat bera egin, eta, gainera, emaitzak ez dira onak izan. Alegia, Jaume Ponsarnau entrenatzaile berriak (Tarrega, Herrialde Katalanak, 1971) erronka izugarria izango du.

Izen eta esperientzia handiko entrenatzailea da Ponsarnau, eta Jon Txakartegik (Donostia, 1977) ondo baino hobeto ezagutzen du. Ponsarnauren laguntzailea izan zen bi denboraldiz Gipuzkoa Basketen, lagun minak dira. Ponsarnau ligako entrenatzaile «onenen artean» ikusten du. «Saskibaloia ulertzen eta lantzen duen modua goi mailakoak dira. Normalean haren taldeek oso ondo jokatzen dute. Egiten duten saskibaloia dinamikoa, alaia eta dibertigarria da».

Jokoaren inguruan duen ideia bukaeraraino eramaten duten horietakoa da. «Urte hauetan ez da aldatu haren planteamendua. Valentzian asko ikasi du. Europan jokatzeak eta txapeldun izateak esperientzia eta konfiantza handia eman dio. Horrek asko lagundu dio bere joko proposamena hobetzeko. Kontzeptu berri asko sartu dizkio bere jokoari, eta aurretik zituenak osatu egin ditu».

Kanpotik ikusita, entrenatzaile metodiko eta serioa dela pentsa daiteke, baina kontrakoa da. «Normalean, beti esaten du ez duela ezer inposatu nahi. Jokalariek bere joko proposamenean sinistea, haiek konbentzitzea, lortu nahi du. Gero, egia da, exijentzia maila handia duela. Baina harekin harremana oso gertukoa da, eta, normalean, oso tratu ona izaten du jokalariekin. Multzoa oso ondo kudeatzen du, jokalari guztiak izaten ditu sartuak, eta bakoitzak oso argi du zer egiteko duen. Multzoa da harentzat garrantzitsuena».

Bilbo Basketek Txapeldunen Liga jokatuko du bigarrenez, eta hori izan da entrenatzaile berria bilatzeko garaian kontuan hartutako gauzarik garrantzitsuenetako bat. Txakartegik argi dauka, «oso ondo» etorriko zaiola Bilbo Basketi Ponsarnauren esperientzia. «Gainera, bi talde oso desberdinekin jokatu du Europan: Valentziarekin eta Zaragozarekin. Valentzia taldea Europan jokatzera oso ohituta dago, baina Zaragoza ez. Bi esperientzia horietatik asko ikasi du, eta bi ikuspuntu desberdin horiek izatea oso lagungarria izan daiteke». Bilbo Basket aurreko denboraldian ere ibili zen Europan: «Helburutzat hor egonkortzea badute, Ponsarnau oso garrantzitsua izan daiteke. Taldea lehiakorra izatea lortuko du».

Haren lehen zertzeladak ikusi dira. Horietan sakondu du Txakartegik: «Erasoan talde dinamikoa izango da Bilbo Basket. Baloia azkar mugitzea bilatuko du, kontraerasoan azkarrak izatea, eta atzean talde landua izango da. Badauzka gogorrak izateko jokalariak, eta hori izango du lehentasuna. Defentsan kontzeptu argiak izango ditu, eta aurkariari gauzak zail jarriko dizkion taldea izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.