Zebre 6. Miarritze 32

Esperantzari eusteko

Erasoko puntua eskuratuta irabazi du Miarritzek Heineken Kopan, baina zoria ez dauka bere eskuetan

Miarritzeko jokalariak, entsegu bat lortu izana ospatzen, artxiboko irudi batean, Agenen aurkako partidan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2013ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Zebre. Aguero (Perugini, 54. min.), Manici (Festuccia, 47. min.), Ryan (Tebaldi, 51. min.); Geldenhuys, Van Vurn (Redolfini, 47. min.); Ferrarini, Sole, Bergamasco; Chilon (Benettin, 66. min.), Orquera; Sinoit (Trevisan, 59. min.), Halangahu, Garcia, Pratichetti; eta Buso.

Miarritze. Barcella (Synaeghel, 54. min), Genevois (Hegi, 52. min.), Van Staden (Broster, 72. min.); Thion (Dubarry, 68. min.), Taele; Lund, Lakafia, Lauret; Yachvili (Lesgourgues, 63. min.), Barraque; Brew, Traille, Baby (Burotu, 53. min.), Balshaw; eta Bosch.

Markagailua. 0-3, 0-10, 0-13, 3-13, 6-13, 6-20 (atsedenaldian); 6-25 eta 6-32.

Epailea. Peter Fitzgibbon.

Oraindik zaintza bereziko gelatik atera ez baldin bada ere, Miarritzek bizirik jarraitzen du Heineken Kopan. Egin beharrekoa egin zuen atzo, Zebreri, Italian, erasoko puntuarekin irabazita. Hala ere, dagoeneko ezinezkoa du lehen postua lortzea, Harlequinsek ere ederki bete zuelako bere lana, Connachten aurka, final-laurdenetarako sailkapen zuzena eskuratuta. Horrenbertzez, aitzina pasa ahal izateko, bigarren postuan sailkatzea dute aukera bakarra lapurtarrek. Hori ere ez du aski izanen, lehen faseko sei multzoetako bigarren sailkatuen artean bi taldek bakarrik lortuko baitute txartel preziatua. Kontratua erraza da: beste multzoetako bigarren sailkatuek baino puntu gehiagorekin bukatu behar du Miarritzek lehen fasea. Bide horretan, baina, lan gaitza izanen du Lapurdiko taldeak. Montpellier, Tolosa edo Racing, euskal herritarrak baino postura hobean daude, eta Northampton zein Leinster ere Miarritzeren antzera daude.

Marcello Boschek, bi entsegu

Horiek guztiak ez daude Miarritzeren esku, ordea. Atzo egin zutena errepikatzea da txuri-gorriek egin dezaketen gauza bakarra. Bost puntutik bost eskuratu zituzten, historia handirik izan ez zuen partidan. Euskaldunek oso ondo ekin zioten lehiari, italiarren zelaian jokatuz. Erritmo bizia ezarri zuten, eta Zebre ito egin zuten. Dimitri Yachvilik ireki zuen markagailua, zangoz, eta Benoit Babyren entseguak haizea eman zien bisitariei: 0-10. Hor iritsi zen italiarren erreakzioa. Miarritzek hortzak estutu zituen, eta oren erdian Marcello Boschek bigarren entsegua sartu zuen: 6-20. Atsedenaldirako, Miarritzek eginda zeukan erasoko puntua lortzeko bide erdia.

Lehen zatiko bidetik jarraitu zuen Miarritzek bigarrenean. Zebrek adorea ezarri zuen, baina agerian utzi zituen dauzkan mugak. Miarritzek ez zuen erakustaldirik eman, baina jokoaren oinarrian zuen nagusitasuna baliatu zuen. 57. minutuan, lapurtarren hirugarren entsegua sartu zuen Marcello Boschek, bere bigarrena. Argentinarrak, aspaldiko partez, jokatzeko aukera izan zuen, eta agerian utzi zuen jokalari bikaina dela. Pena, sasoi bukaeran Euskal Herria utziko baitu. 20 minutu falta ziren partida bururatzeko, eta Miarritzeri entsegu bakarra falta zitzaion erasoko puntua eskuratzeko. Taldea horren bila joan zen, aitzinekoen indarra erabiliz, batik bat. Uztartzeetan eta dortoketan erakustaldia eman zuen. Etxekoek, baina, eutsi egin zuten, eta jokoa nahasiagoa bilakatu zen.

Minutuak aitzina zihoazen, eta bazirudien Miarritzek ez zuela beteko helburua. Bukatzeko hiru minutu falta zirela, ordea, Burotuk lortu zuen entsegu preziatua. Italiarrak eremu txikira erakarri ondotik, fijiarrak hegalean sartu zuen entsegua: 6-32. Helburua beteta itzuli zen Miarritze etxera.

Europako Challengean, berriz, espero bezala, astindu handi samarra hartu zuen Bizkaia Gernikak Perpinyaren aurka: 15-50. Ohorezko mailako 12. jardunaldian Ordiziak 24-24 berdindu zuen Atletico Madrilen zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.