Gimnasiotik irten berri da Inhar Ugarte (Algorta, Bizkaia, 1989). Volker Tarnow du prestatzailea, eta haren izena duen gunean entrenatzen da. Beste hiru pilotari ditu ondoan: Ekhi eta Lur Ziarrusta —Ekhi ohiko bikotekidea du—, eta Danel Elezkano. Frontoiko lana, berriz, bere kasa egiten du, edo Ekhi Ziarrustarekin. Maiatzetik, profesionalak dira biak.
Lehen aldiz ari zara berezkoen buruz burukoa jokatzen, Bigarren Mailakoa. Bi kanporaketa gaindituta, ligaxka jokatuko duzu. Gehiago eska daiteke?
Ez. Oso gustura ari naiz. Bi kanporaketa pasatu ditut [Ekhi Ziarrustari eta Antton Lurori irabazi die], eta, ligaxkan ariko naiz, Jon Saint Paulekin eta Ximun Lambertekin. Multzoko lehena geratzen banaiz, Lehen Mailako A multzoko hirugarrenaren aurka jokatuko dut [Battitta Ducassou, Peio Larralde edo Peio Gixandut]. Bestela, Bigarren Mailakoan segituko dut. Ondo arituz gero, Saint Pauli eta Lamberti irabaz diezaieket; ez naiz gutxiago, eta badut esperientzia. Lehen aldia dut berezkoen buruz burukoan, baina urte asko daramatzat banaka jokatzen: Euskal Liga, Bizkaiko Txapelketa eta GRAVNI torneoa irabazi ditut. Baina 33 urterekin iritsi zait berezkoetan aritzeko aukera.
Espero baino gehiago itxaron behar izan duzu?
Bai; asko kostatu zait hona iristea. 2009an jokatu nuen lehen aldiz Esku Pilotarekin [berezkoen txapelketak kudeatzen dituen enpresa da]. Hamahiru urte baino gehiago pasatu dira! Urte horietan, noizean behin jokatu izan dut Esku Pilotarekin, baina haren koadroan egon gabe. Maiatzean lortu nuen azkenean tokia. Urte asko eman ditut zain. Jende askoren ustez, aspaldi jokatu nezakeen berezkoekin, baina erabakia hartu behar zutenek ez zuten uste, edo ez zuten nahi, edo ez zeuden horren prest Hegoaldeko pilotariak hartzeko. Badirudi azken urteotan pixka bat prestago daudela, eta Hegoaldeari begiratzen diotela.
Beste batzuek baino gehiago erakutsi behar izan duzu?
Hasieran, bagenuen sentipen hori: Hegoaldekook Iparraldekoek baino gauza gehiago egin eta erakutsi behar genituela berezkoekin jokatzeko. Adibidez, Ekhi eta biok bitan izan gara Iparraldeko txapeldun afizionatuetan, eta parean profesionalak jarrita ere, ia beti irabazi dugu. Beste batzuek, ordea, gu baino gutxiago eginda izan dute aukera berezkoekin jokatzeko. Ez dut esaten ez zutenik merezi; esaten dudana da nik 33 urterekin izan dudala aukera, eta, nire ustez, 23 nituenetik banuela behar besteko maila. 2007an, Iker Gordon palista eta biok Iparraldeko gazte mailako finala jokatu genuen Ducassouren eta Monceren aurka. Handik bi urtera Ducassou eta Monce berezkoekin ari ziren. Niri, ordea, orain iritsi zait aukera.
2019an, Mikel Larralde Endaiarrak taldeko arduradunak eraman zintuzten zu eta Ziarrusta Hendaiara jokatzera (Lapurdi). Hori mugarri izan da?
Izan liteke. Gu, hasi, Kepa Arroitajauregirekin hasi ginen; izugarri lagundu gintuen. Baina Hegoaldean aritzen zen Kepa, eta, besteak, Iparraldean, eta horrek zaildu egiten zuen harremana; beste begirada batekin begiratzen gintuzten. Gainera, zoritxarrez, Kepa hil egin zen. Orduan, Mikel hasi zitzaigun laguntzen eta bidea errazten. Iparraldekoa da, eta horrek lagundu egin digu; orain, aintzat hartzen gaituzte. Espero dugu gure adibideak balio izatea bide horri eusteko.
Hegoaldeko lau jokalari ari zarete berezkoekin: Luis Sanchez, Eneko Maiz, Ziarrusta eta zu zeu. Gauzak aldatzen ari dira?
Bai. Esku Pilota eta Euskadiko Federazioa hizketan ari dira, Hegoaldeko pilotariak Iparraldera joateko entrenatzera eta hango teknikariak hona etortzeko.
Zuk eta Ziarrustak uko egin diozue Espainiarekin aritzeari. Horrek eragina izan al du aukera uste baino beranduago iristeko?
Aspalditik dut horren susmoa, eta, susmoa baduzu, ziurrenik ez zabiltza oker. Nire ustez, Espainiarekin jokatzeari uko egin izanak ez digu mesede egin jauzia egiteko orduan. Federazioek harremanak dituzte elkarren artean, eta jakina da Euskadikoak ez duela harremanik Espainiakoarekin. Frantziakoak, ordea, bai, oso ona, eta hark kudeatzen ditu berezkoen txapelketa nagusiak.
Zergatik ez duzue jokatu nahi Espainiarekin?
Ez naizelako gustura arituko; ez dudalako nahi. Ez dut arazorik Espainiarekin jokatzen duten pilotari eta teknikariekin; lagunak ditut batzuk, baina nik nire erabakia hartu nuen: ez dut Espainiarekin jokatu nahi.
Argi izan duzue beti?
Oso argi izan dugu, eta dugu. Nire ustez, ezin da ibili halakoetan iritzia aldatzen: egun batean bai, eta beste batean ez. Nik oso argi dut ez dudala Espainiarekin jokatu nahi. Ziurrenik, erabaki horrek kalte egingo dit nire kirol ibilbidean, baina baita mesede ere.
Espainiako Kongresuak onartutako Kirolaren Lege berriak zabalik utzi du klubak zigortzeko aukera, jokalariak ez badizkiete uzten selekzioei. 1990eko legean zigorrak jasotzen ziren, baina ez klubentzat, ezta zenbatekoak izango ziren ere. Horrek eraginik izan dezake zuentzat?
Gauza bat argi utzi beharra dago: Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako pilotari batek ezin du zigorrik jaso Espainiarekin aritzeari uko egiteagatik. Zergatik? Euskadiko Federazioaren lizentzia dutelako, eta hura Espainiakotik aparte dagoelako. Espainiakoak ezin du bertan behera utzi lizentzia hori. Munduko Txapelketara joan gabe utz zaitzake, baina ezin zaitu zigortu. Nafarroako pilotariek, aldiz, hango federazioaren lizentzia dute, baina hura Espainiakoaren barruan dago; uste dut zigortu ditzaketela. Argi utzi nahi dut: ni ez naute inoiz zigortu, ezta Ekhi ere, ezta erabaki bera hartu duten beste batzuk ere. Batzuek diote Espainiarekin jokatzen dutela ez dutelako zigorrik jaso nahi; beste batzuek, berriz, diote Espainiarekin jokatzen dutela haien izenean jokatzen dutelako eta elastikoak ematen dizkietelako. Nik errespetatzen dut Espainiarekin jokatzea, baina kopla gutxi niri: Espainia eta Espainiako Kirol Kontseilu Gorena ordezkatzen ari zara, haren diruarekin; Espainiarekin bazoaz, nahi duzulako da, ez zigorra jaso dezakezulako. Hala da, behintzat, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotarien kasuan.
Lege berriak modua ematen du pilotako selekzioa nazioartean lehiatzeko? Baikor zarete?
Egunaren arabera. Munduko Txapelketa jokatzen ari zela atera zen horren inguruko lehen albistea; garai ona da halakoak iragartzeko. Nik, orduan, esan nuen ez nekiela politikariek zer adostu zuten. Pentsatzen dut horrela izateko pausoak eman direlako zabaldu dutela lau haizeetara. Baina badakigu nolakoak diren politikariak eta nolako tratuak egiten dituzten agintean daudenek. Begira nola galdu duen garrantzia gaiak; irten zenean, hilabete oso batez hitz egin zen horretaz, baina orain ahaztuta dagoela dirudi.
Argentinan jokatuko da hurrengo Munduko Txapelketa, hiru urte barru. Sinatuko zenuke han selekzioarekin jokatzeko?
Itzela litzateke! Honetan gabiltzanok badakigu zer maila duen Munduko Txapelketa batek; askoz zailagoa da Iparraldeko txapelketa bat irabaztea; eta zer esanik ez berezkoen bat. Baina horrek ez du kentzen sekulakoa litzatekeela selekzioarekin Munduko Txapelketa bat jokatzea. Nire ametsetako bat da. Bizpahiru alditan izan dut aukera Espainiarekin jokatzeko, eta uko egin diot. Nire selekzioarekin aritu nahi dut.
Berezkoekin arituta, profesionalak zarete. Aldatu egin zaizue egunerokoa?
Ez. Berdin entrenatzen gara. Aldatu dena da partida gehiago jokatuko ditugula, eta partida horiek ez direla izango hil ala bizikoak. Lehen, afizionatuak izan arren, profesionalen aurka jokatzen genuen; batzuetan, erritmorik gabe. Halere, ondo aritu behar genuen derrigor; gaizki arituz gero, beste sei hilabete egon gintezke halako partida bat jokatu gabe. Orain, seguruago dakigu gehiago jokatuko dugula.
Alde handia dago afizionatuen eta profesionalen artean?
Bai. Ekhik eta biok urratsez urrats egin dugu bidea: lehenbizi, afizionatuetan jokatu genuen Hegoaldean, eta ia dena irabazi genuen; gero, Iparraldean hasi ginen jokatzen, afizionatuetan, eta aldea nabaritu genuen. Eta zer esanik ez berezkoetan; askoz hobeak dira, eta askoz prestatuago daude. Oso pilotari onak daude Bigarren Mailan; pentsa Lehen Mailan.
Pilotatik bizi zarete?
Ez. Beste soldata bat da. Ni gizarte hezitzailea naiz lanbidez.
Zein da egin behar duzuen sakrifiziorik handiena?
Ordu pila egiten dugu autoan; traba handia da. Gehienek 30-45 minutuko bidaia egiten dute autoan. Guk, ordea, ordubete eta 45 minutuko bidaia dugu hara iristeko, eta beste horrenbeste itzultzeko. Jendea ez da konturatzen zein sakrifizio handia egiten dugun. Horrek agerian uzten du izugarri gustatzen zaigula pilota, eta gogotsu gaudela gure kirol ibilbidearen aldi berri honetaz gozatzeko.
Inhar Ugarte. Endaiarrak klubeko trinketelaria
«Espainiari uko egin izanak ez digu mesede egin jauzia ematerakoan»
Inhar Ugarte 33 urterekin hasi da berezkoekin jokatzen, baina, haren ustez, «aspaldi» zuen «behar besteko» maila. Bi arrazoi aipatu ditu: bata, Iparraldean ez zeudela oso prest Hegoaldeko pilotariak hartzeko; bestea, Espainiari ezetz esan izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu