Polita bezain gogorra izango da 2025eko Espainiako Vuelta. 21 etapa izango ditu, eta txirrindulariek 3.138 kilometroko distantzia egin beharko dute 2025eko abuztuaren 23tik irailaren 14ra. Horietako hamar etapa mendian amaituko dira, beste bi erlojupekoak izango dira –bat taldekakoa eta bestea banakakoa–, eta lau besterik ez dira izango esprinterrentzako moduko etapa lauak. Gainera, bi etapa Euskal Herriko lurretan lehiatuko dira: Sendaviva-Belagua (Nafarroa) eta Bilbo-Bilbo hamargarrena eta hamaikagarrena izango dira, hurrenez hurren.
Gaur egin da 2025eko Espainiako Vueltaren aurkezpen ekitaldia, Madrilen, eta lasterketaren nondik norakoak azaldu dituzte. Datorren urtean Italiatik abiatuko da, Piemontetik, eta bertan egingo ditu lehen hiru etapak. Torinon emango zaio hasiera Espainiako Vueltaren 80. aldiari, eta Novaran amaituko da. Lehen etapa esprinterrentzako aukerakoa izango da, baina bigarrena, berriz, bigarren mailako mendate batean amaituko da, Limone Piemonten.
Euskal Herriak ere presentzia izango du lasterketan. Bi etapa lehiatuko dira bertan. Hamargarrenean iritsiko dira Euskal Herrira. Sendavivatik abiatuko da etapa, eta Belaguan amaituko da (Nafarroa), lehen mailako mendatean. Atseden egunaren ostean jokatuko da etapa hori, eta, oilarrentzako baino gehiago, ihesaldirako izan daiteke aproposa. Hamaikagarren etapa, berriz, Bilbon hasi eta bukatuko da. San Mamesetik abiatuko dira txirrindulariak, eta Bizkaiko hainbat txoko zeharkatuko dituzte. Zazpi mendateri egin beharko diete aurre; horietan azkena, Pide bidea. Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatu zen urtean amaiera bera izan zuen etapetako batek, eta mugimendu handia espero da faboritoen artean.
Bi izango dira erlojuaren aurka egin beharreko saioak. Lehenengoa bosgarren etapan izango da, Figueresen (Herrialde Katalanak) hasi eta amaituko dena. Taldeka lehiatuko dira txirrindulariak 20 kilometroko ibilbidean. Bigarren erlojupekoa, berriz, Valladoliden jokatuko da, hemezortzigarren etapan. Hasiera partean malda bat dagoen arren, espezialistentzat aukerako eguna izango da.
Mendate ezagunak
Lehen mendiko etapa Italian izango dute, eta hurrengo biak Andorran jokatuko dira. Seigarrena Olotetik abiatuko da, eta Palen amaitu. Santigosa (hirugarren mailakoa) eta Toses (lehenengo mailakoa) igoko dituzte lehendabizi, eta La Comellara (bigarren mailakoa) joko dute eguneko azken mendatea den Pal igo aurretik. Hanketako mina sumatuko dute txirrindulariek, baina ez dute atseden hartzeko tarterik izango. Izan ere, hurrengo egunean ere mendiko etapa luzea izango dute, Andorra La Vellatik Cerlerrera. Lehenengo mailako mendate bat eta bigarren mailako bat igo beharko dituzte.
Asturiasen jokatuko diren etapek garrantzi handia izango dute aurten ere. Mendiko bi etapa egingo dituzte bertan, zein baino zein gogorragoak. Lehenengoan, La Mozqueta eta Cordal igoko dituzte, lehen mailako mendateak, baina gogorrena amaierarako gorde du antolakuntzak; Anglirun amaituko da etapa, maila bereziko mendatean. Hamalaugarren etapa motzagoa izango da, baina motza bezain gogorra. Tenebreo (hirugarren mailakoa) igoko dute lehendabizi, baina aurrerago iritsiko da su festa, lehen mailako bi mendatetan: San Llaurienzu eta Farrapona.
Ikuskizuna bermatze aldera, Espainiako Vueltan igoko duten mendate garaienean erabakiko da lasterketa. Bola del Mundon (2.258 metro) jarri du antolakuntza taldeak azken aurreko etaparen helmuga. Zementuaren gainean egingo dituzte txirrindulariek azken metroak, eta bertan argituko da nork jantziko duen txapeldunaren maillot gorria.