Espainiako traineru txapelketa, hondoa jotzear

Castron zen jokatzekoa asteburuan, baina Kantabriako federazioa eta Espainiakoa ez dira ados jarri. Euskadikoak antolatzeko aukera dago, baina ez egungo baldintzetan

Gorka Aranberri, orduan Urdaibaiko patroi, 2015eko Espainiako Txapelketako bandera astinzten. ESTEBAN COBO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Urteetan ibili da kili-kolo Espainiako traineru txapelketa, eta, azkenean, ematen du aurten hondoa joko duela, eta ez dela jokatuko. Hurrengo asteburuan zen jokatzekoa, Castro Urdialesen (Espainia), eta oraindik ezin daerabat baztertu jokatuko denik, baina gaur-gaurkoz zaila dirudi traineruak uretaratzeak.

Ertz asko dauzka gaiak. Espainiako Federazioak estropada antolatzeko aukera Kantabriako Federazioaren eskuetan utzi zuenean hasi zen afera, azken horrek eskatu eta gero. Baina korapilo bat sortu zen bi erakundeen artean, eta oraindik ez da askatu. Ekainean, Kantabriako Federazioak eskatu zion Espainiakoari epaileei ordaindu beharrekoa bere gain hartzeko. 3.500 euroren bueltako gastua da. Espainiakoa ez dago prest bere jarrera aldatzeko, eta Kantabriakoak esan du ez duela antolatuko.

Gastu hori onartu beharraren oinarrian Espainiako Federazioaren baitako hitzarmen bat dago. Horren arabera, txapelketa antolatzen duen federazioak ordaindu behar ditu hainbat gastu: epaileena, balizak jartzearena eta Espainiako Federazioko kideen egonaldia —hotelak eta abar—.

Kantabriakoen erabakiaren aurrean, arraun munduko eragile batek Iñigo Alkain Euskadiko Federazioko presidenteari deitu zion, egoera bidera zezan. Horrela azaldu dio Alkainek berak BERRIAri: «Ostiralean 20:00etan deitu zidan Traineruen Kluben Elkarteko presidenteak, Borja Rodrigok, eta eskatu zidan egiteko txapelketa antolatzeko ahalegina, elkarteko hainbat klub estropadarik gabe geratuko liratekeelako, bestela, asteburuan». Alkainen erantzuna hau izan zen: «Esan nion nik ezin niola neure kasa ezer eskatu Espainiakoari, eta zuzendaritza batzordeak egingo zuela eskaera, egitekotan».

Alkainek argitu du Euskadiko Federazioa ez dagoela prest txapelketa antolatzeko: «Hitzarmena aldatu ezean, ez. Azkenean, 6.000 euroko gastua hartzen du gutxi-asko hitzarmenak, eta gu ez gaude prest». Hori aldatzeko ahalegina egin du Euskadiko Federazioak: «Gure kide batek eskatu dio Espainiako presidenteariordezkari batzordeen bilera batera deitzeko, eta hor aldatzeko hitzarmenaren afera». Igande gauean egin zuen deialdia bilera egiteko Espainiako Federazioak, eta gaur arteko epea dute biltzeko. Alkainek ez du batere federik: «Aldatzekotan, txapelketa antolatzeko lekua aldatuko dute».

Puntu horretan azaltzen dira istorio honetako beste bi eragile: dirua jarriko lukeen anonimo bat eta Mundaka. Alkainena da azalpena:«Espainiako Federaziotik esan ziguten estropada Mundakan jokatzeko aukera legokeela, guk antolatuta. Gastuak ordaintzeko anonimo baten diru ekarpena aipatu zigun presidenteak. Ez gara inondik inora ere fidatzen, eta, hitzarmena aldatu ezean, guk ez dugu ezer antolatuko». Alkainek, gaur-gaurkoz zaila ez, ia ezinezkoa ikusten du txapelketa jokatzea: «Baldintza hauetan, eta gauzak asko aldatzen ez badira, aurten ez da egongo Espainiako txapelketarik».

TKE, «ikusle huts»

Traineruen Kluben Elkarteko presidenteak adierazi dio BERRIAri «ikusle huts» direla gai honetan, eta Borja Rodrigok plazaratu du elkartearen iritzia: «Federazioen ezinikusia dago oinarrian, eta bada garaia egoera hau bukatzeko». Nabarmendu egin du elkarteko klubei eragiten dien kaltea egoera honek: «Hainbat klubek helarazi digu kezkatuak daudela asteburuan estropadarik ez luketelako izango». Horren aurrean, etorkizunera begira TKEk beste jarrera bat hartzea ez du baztertu: «Asteburu batez geratzen dugu Eusko Label liga txapelketa hau jokatzeko, eta, ikusitakoak ikusita eta nola ari zaigun eragiten txapelketaren inguruko auziak, gure jarreraren inguruan gogoeta egin beharko dugu, agian». Egoera petrala dela onartu arren, ez du baztertu aurten txapelketa jokatzea: «Baliteke Castron izatea azkenean, eta korapilo hau askatzekotan bide horretatik izango dela uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.