Ofizialtasuna

Espainiako Pilota Federazioko buruari nazioarteko idazkari kargua kendu diote, Euskadikoaren kontrako kanpainarengatik

«Iraintzea eta eraso egitea» egotzi dio Xavier Cazaubon presidenteak Julian Garcia Angulo espainiarrari, eta kargugabetzea erabaki du. Nazioarteko Federazioak uztailaren 29an bozkatuko du Euskadikoa kide izateko estatutuak aldatu edo ez.

Julian Garcia Angulo Espainiako Pilota Federazioko burua, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2023ko uztailaren 4a
09:59
Entzun

Nazioarteko Pilota Federazioak uztailaren 29an bozkatuko du Euskadikoa kide izateko estatutuak aldatu edo ez, eta, horren kontra Espainiakoak eginiko kanpainak eraginda, Xavier Cazaubon presidenteak erabaki du Espainiako Pilota Federazioko buru Julian Garcia Angulo idazkari nagusiaren kargutik kentzea.

Ikusi gehiago:Euskadiko Federazioa «itxaropentsu eta zuhur» dago Nazioartekoaren batzarrari begira

Mexiko Hirian atzo sinaturiko gutunean eman du Cazaubonek erabakiaren berri. Garciari zuzenean zuzenduriko testuan. «2023ko apirilaren 13tik Nazioarteko Pilota Federazioari eraso egiten aritu zara, eta, zehazki, neuri». Presidenteak espainiarrari gogoratu dio federazioak apirilaren 10ean «aho batez» erabaki zuela ezohiko batzarrera deitzea estatutuak aldatzeko, Euskadiko Federazioa kide gisa onartzeko aukera zabaltzeko.

Batzarrera deitze hutsak «eraso eta mehatxu olde» bat eragin zuela azaldu du Cazaubonek. «Isilik egon naiz zure laido eta difamazioen aurrean».

Xavier Cazaubon, Nazioarteko Pilota Federazioko presidentea. Patxi Beltzaiz

Baina espainiarrak kideei bidaliriko azken agirian federazioaren 44. artikuluak idazkari nagusiari ematen dizkion eskumenak gainditu dituela iritzita, Garcia kargu horretatik kendu du presidenteak.

Apirilaren 13tik erakundeari egunero eraso izana egotzi dio Cazaubonek Garciari, eta beste herrialdeetako federazioei ere mehatxu egitea leporatu dio. «Sentitzen dut erabaki hau hartu behar izatea».

Batzarra, 29an

Nazioarteko Pilota Federazioak ezohiko batzarra egingo du Mexiko Hirian, eta horretan bozkatuko dute Euskadiko Federazioa kide izateko estatutuak aldatu edo ez. Horretarako propio antolatu dute batzarra, eta ez dago beste gairik agendan.

Bozketan parte hartzen duten bi herenen babesa behar da batzar horretan estatutuak aldatzeko. Estatutuak aldatuz gero, jarraian beste bozketa bat egin asmo dute Euskadiko Federazioa kide gisa onartu edo ez erabakitzeko. Bozketa egingo balitz, gehiengo sinplea aski litzateke kide berria onartzeko.

Espainiako Federazioak apirilean bertan esan zuen ezetz bozkatuko duela. Garcia Angulok argudiatu izan duenez, Euskadiko Federazioa sartzeak «eraso» egiten dio Espainiako Federazioari eta Espainiari.

Euskadiko Federazioa onartuz gero, horren pilotariek nazioarteko txapelketa guztiak jokatuko lituzkete, baita Munduko Txapelketa ere. 2026an jokatzekoa da, San Luisen (Argentina), eta 2030ean, berriz, Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.