Espainiako Ligako emakume futbolariek 2020an sinatu zuten lehen lan hitzarmena. Bada, bost urte geroago, bigarrena sinatu dute. Ligako presidente Beatriz Alvarezek eta Futpro, Futbolistas On eta CCOO sindikatuetako ordezkariek aurkeztu dute gaur hitzarmena, eta, haien arabera, akordioari esker, hobekuntzak izango dituzte lan baldintzetan eta laguntzak emango dira, besteak beste, amatasunean, kontziliazioan, buru osasunean, baimenetan eta ikasketa beketan.
AFE eta UGT sindikatuek ez dute testua sinatu, akordioa hobea izan zitekeela iritzita.
Alvarezen hitzetan, hitzarmena beste mugarri bat da emakumezkoen futbola profesionalizatzeko bidean. «Etapa zail bat igaro genuen, baina oso harro nago lortutakoarekin». Adierazi duenez, hitzarmena «urrats garrantzitsua» da, baldintzak hobetu daitezkeen arren. Gogoratu duenez, duela bi edo hiru urte emakume askok ezin zuten futbolean soilik jardun, baina egun «ligako jokalari guztiak profesionalak dira». Klubei eskerrak eman dizkie erakutsitako prestasunagatik.