Futbola

Espainiako Kopako lehen kanporaketako zozketa egin dute

Buñol-Reala, Rubi-Athletic, Deportivo Murcia-Alaves, Lorca-Eibar, Gimnastica Segoviana-Sestao River, Barakaldo-Malaga, Tudelano-Recreativo de Huelva, Gernika-Unionistas Salamanca eta Eguesibar-Teruel izango dira euskal taldeen lehen partidak Espainiako Kopan.

Epainiako Koparen lehen kanporaketen zozketa, gaur eguerdian, Las Rozasen. FERNANDO ALVARADO / EFE
pettan uralde
2023ko urriaren 17a
14:07
Entzun

Zehaztuta dago zeinen aurka jokatuko duten Euskal Herriko taldeek Espainiako Kopako lehen kanporaketan. Partida bakarra jokatuko dute, urriaren 31n, azaroaren 1ean, edo azaroaren 2an. Hauek dira partidak: Deportivo Murcia-Alaves, Buñol-Reala, Rubi-Athletic, Lorca-Eibar, Eguesibar-Teruel, Barakaldo-Malaga, Tudelano-Recreativo de Huelva, Gimnastica Segoviana-Sestao River, eta Gernika-Unionistas Salamanca.

Bederatzi euskal talde izan dira Espainiako Kopako lehen zozketan. Bertan izan ez direnak, ordea, Osasuna eta Amorebieta izan dira. Osasuna Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen aurreko denboraldian; beraz, Espainiako Superkopan arituko da urtarrileko bigarren astean. Amorebieta, berriz, Lehen Federazioko txapelduna izan zen aurreko denboraldian, eta, Osasunaren antzera, ez du lehen kanporaketa jokatu beharko.

Lehenik, Espainiako Lehen Mailako taldeen zozketa egin da, eta Reala, Athletic eta Alavesen aurkariak zein izango diren jakin da. Horien artetik atera den lehen bola Alavesena izan da. Gasteizko taldeak Murtziara egingo du bidaia, kopako lehen partidan Deportivo Murciaren aurka jokatzeko. Murtziako taldea sortu berria da, eta eskualdeko lehen mailan jokatzen du. Aurkari apala, baina bidaia luzea Luis Garcia Plazaren jokalarientzat. Hurrengo bola Realarena izan da. Talde txuri-urdinak C.D Buñol izango du aurkari lehen kanporaketan. Valentziako taldeak eskualdeko bigarren mailan jokatzen du. Eta, azkenik, Athleticen txanda iritsi da. Talde zuri-gorria Kataluniara joango da kopako lehen partida jokatzera, hain zuzen, Rubi taldearen aurka lehiatzeko. Rubi herriko taldeak Kataluniako lehen mailan jokatzen du.

Ondoren, eta Espainiako Bigarren Mailako ordezkari bakar moduan, Eibarrek jakin du bere aurkaria. Joseba Etxeberriarenek, Alavesen antzera egingo dute, eta Murtzian jokatuko dute lehen partida. CF Lorca Deportiva izango dute arerio.

Azkenik, Lehen Federazio eta Bigarren Federazio mailako taldeen partiden zozketa egin da. Bertan zeuden lehen Federazioko Sestao River, eta Bigarren Federazioko Barakaldo, Gernika, Tudelano, eta Eguesibar. Aurreko talde guztiek etxetik kanpo jokatuko dute lehen partida, Sestao River barne, baina Bigarren federazio mailakoek etxean jasoko dute aurkaria. Honako hauek izango dira euskal taldeen partidak: Eguesibar-Teruel, Barakaldo-Malaga, Tudelano-Recreativo de Huelva, Gimnastica Segoviana-Sestao River, eta Gernika-Unionistas Salamanca.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.