Futbola Eurokopa

Espainiak nagusitasunez menderatu du Kroazia

Espainiako Selekzioak 3-0 irabazi dio Kroaziari Alemaniako Eurokopako lehen partidan. Txapelketaren estreinako batean izandako emaitzarik onena errepikatu dute.

Luka Modric kroaziarra erabat etsita Espainiaren hirugarren golean. J.J. GUILLEN / EFE
Luka Modric kroaziarra erabat etsita Espainiaren hirugarren golean. J.J. GUILLEN / EFE
pettan uralde
2024ko ekainaren 15a
20:21
Entzun

Espainiak ez dio aukerarik eman Kroaziari, eta 3-0 irabazi du Eurokopako lehen jardunaldian. Golegileak Morata, Fabian eta Carvajal izan dira, hirurak lehen zatian. Bigarren zatian tartea murrizten saiatu da Kroazia, baina arrakastarik gabe. Unai Simonek penalti bat gelditu du partida amaieran.

Espainia eta Kroazia zehazki duela urtebete izan ziren aurrez aurre azkenekoz, UEFAren Nazioen Ligako finalean. Partida hartan argi geratu zen bi selekzioen arteko berdintasuna, eta penaltietan erabaki behar izan zuten neurketa hori, azkenean espainiarren alde izan zena. Urte bat geroago berdintasun hori puskatzea zuten helburu bi taldeek, eta Eurokopako lehen jardunaldi honetan berriro Espainiak lortu du aurkaria gainditzea. Oraingoan, ordea, ez du askorik itxaron behar izan, atsedenaldirako partida erabakita utzi baitu.

Bi taldeek esperotako hamaikakoak zelairatu dituzte, eta ez dira haien jokamoldetik atera. Kroaziak atzetik hasten du bere jokoa, eta paseen bidez saiatzen da aurkariaren atera iristen. Baina Espainiari ere jokoa kontrolpean izatea gustatzen zaio, eta Kroazia estutu du hasieratik baloia ahal bezain laster berreskuratzeko.

Ordu erdira berdintasuna erabatekoa zen, baina jokaldi bakartu batean, baloia Fabiani erori zaio zelai erdian, eta, pase bikain batez, Morata bakarrik utzi du Kroaziako atezainaren aurrean. Moratak ez du hutsik egin, eta ezkerrez, partida aldatu duen gola sartu du. Izan ere, bi minutu eskasera berriro beste gol bat sartu du Espainiak. Beste behin Fabianen hanketatik atera da gola, area ertzean maniobra bikain bat egin eta baloia sare barrura bidali ostean. Gol bakoitzaren ondoren, Kroaziak erantzun egin nahi izan du, baina egindako bi jaurtiketak Unai Simonek gelditu ditu.

Lehen zatian erabaki da

Espainiak ez du bigarren zatira itxaron partida erabat erabakita uzteko, eta lehen zatiko azken jokaldia baliatu du Kroazia lurpean sartzeko. Motzean atera dute kornerra, eta Lamine Yamalek egindako erdiraketa Carvajalek baliatu du baloia sarean sartzeko.

Bigarren zatia ere kontrolpean izan du Espainiako selekzioak. Baloia alde batetik bestera mugitzearekin nahikoa zuten Luis De la Fuenteren jokalariek, eta, Kroaziak adorea galdu ez badu ere, baloiarekin min gutxiegi egin dio Espainiari. Aukera ezin hobea izan du tartea murrizteko, baina ezin izan dute kroaziarrek golik sartu ezta hamaika metroetatik ere. 80. minutuan, jokaldi korapilatsu batean, penaltia adierazi du epaileak. Unai Simon espezialista da horrelakoetan, eta gaur beste behin erakutsi du hala dela Petkovicen jaurtiketa geldituz. Aldaratzean gola lortu du Kroaziak, baina aurreratua zegoen jokalaria, eta baliogabetu egin dute. Emaitza biribila izan da Espainiarentzat, txapelketako estreinako batean izan duten emaitzarik onena errepikatu dute.

Suitzak 1-3 garaitu du Hungaria

Aurretik Hungaria eta Suitza izan dira aurrez aurre Kolonian jokatu den neurketan. Norgehiagoka parekatua izan da, baina Suitzak gehiago asmatu du erasoan. Hamabigarren minutuan sartu du lehen gola, Duah-en eskutik, eta lehen zatiko azken jokaldian Aebischerrek egin du 0-2koa. Hungariak ez du amore eman, eta 66.minutuan tartea murriztu du Vargasen golarekin. Baina talde hungariarra erabat erasoan irauli denean, Embolok 1-3koa egin du garaipena eskuratzeko.

Ingalaterrak hautagaitza indartu nahi du, gaur Serbiari irabazita

Eurokopa irabazteko faboritoetako batek gaur ekingo dio lehiari. Ingalaterrak Serbiaren aurka jokatuko du Gelsenkirchenen (21:00, La1 eta TF1). Ingelesek oroitzapen gazi-gozoa dute azken Eurokopaz. 25 urteren ostean txapelketa handi bateko finala jokatu zuten, baina galdu egin zuten, Italiaren aurka, Wembleyn. Urtebete geroago, berriz, ez ziren sailkatu Qatarko Munduko Kopako final-laurdenetarako. 

Gareth Southgatek urruti iristeko moduko jokalariak ditu: Pickford, Stones, Walker, Rice, Bellingham, Foden eta Kane, besteak beste. Ikusteko dago zer nagusitzen den: izena ala izana. Izana bada, aspaldiko bolada txarra eten dezake, eta 58 urteren ostean titulu bat irabazi. Gaur egin nahi du lehen urratsa, Serbiari irabazita; aurkari arriskutsua da.  

C multzoko beste partidan, Eslovenia eta Danimarka ariko dira gaur, Berlinen (18:00, La1 eta Bein Sports).

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.