Azken urteetan arrazoia galdu du Linekerrek. Ospe handia dauka haren esaldi batek: «Futbola ingelesek asmatu zuten, 11k 11ren aurka jokatzen dute, eta beti Alemaniak irabazten du». Azkenaldian, aldiz, oso gutxi irabazi du Alemaniak. Gaurkoan 119. minutuan galdu du Espainiaren aurka. Mikel Merino izan da heroia. Nafarraren burukadari eskerrak, Eurokopako finalerdietan izango da Espainia.
Trabatuta hasi da partida. Lehia gogorra espero zen, eta jokalariak sendo agertu dira aurreneko dueluetan. Sendoegi akaso. Bigarren minuturako izan dute hika-mika bi taldeetako jokalariek, eta 10. minuturako Luis de la Fuentek Pedri aldatu behar izan du. Kroosen sarrera bat tarteko, ezin izan du partidan jarraitu. Gainerakoan, atsedenaldira bitartean oso gol aukera gutxi ikusi dira. Alemaniak izan ditu garbienak. Havertzek bi erremate egin ditu, baina ez du Unai Simon estutasunetan sartu. Espainia, berriz, Lamine Yamal eta Nico Williamsekin min egiten saiatu da, baina etxeko selekzioak ondo zaindu ditu hegaletako jokalari trebeak.
Bigarren zatian, ordea, berehala aurreratu da Espainia. Moratak eman du lehen abisua, baina kanpora joan zaio errematea. Baina, bigarrenean, Olmok ez du huts egin. Yamalek ederki ikusi du kataluniarraren iritsiera, eta erdilariak sareetara bidali du baloia, lehen ukituan.
Espainiarren golak zuhaitza astintzera behartu du Julian Nagelsmann. Fuellkrug zelairatu du, besteak beste. Aurrelariarekin erreferentzia bat izan du Alemaniak arean, eta lanak asko zaildu dizkie atzelariei. Gainera, 75. minutuan zutoinera bidali du erremate bat. Aurrelariak sor zezakeen arriskua tarteko, azken minutuetan hainbat metro egin ditu atzera Espainiak. Eta Alemaniaren joak behartuta, halako batean iritsi da berdinketaren gola. Wirtzek egin du, punpa lasterrean, 89. minutuan.
Luzapenean Wirtzek eta Oiartzabalek izan dituzte aukerarik garbienak; ez dute asmatu, ordea. Partida penaltietan erabakiko zela zirudien, baina 119. minutuan Merinok sartu du gola, buruz. Finalerdietan izango da Espainia.
Frantzia ere finalerdietara
Eguneko beste final-laurdenetako partidak ere luzapena behar izan du. Frantziak eta Portugalek lehia estua jokatu dute. Orain arte jokatu dituzten lau partidetan bezala, ez dute joko askorik erakutsi. Ez Frantziak, ezta Portugalek ere. Bi taldeetako jokalari azpimarragarrienak atzeko lerroan izan dira; bi atezainak eta atzelariak.
Luzapenean ere oso berdinduta jarraitu du partidak. Ez da gehiegi aldatu neurketaren nondik-norakoa. Portugal baloi jabetzaren bitartez aurrera egiten ahalegindu da, eta Frantziak, aldiz, aurrelarien bizkortasuna bilatu du, trantsizioan. Hala ere, golik ez 120 minutuetan, eta penaltietan erabaki da partida.
Penaltiak jaurti behar izan dituzte Espainiaren aurka finalerdietan nor ariko den jakiteko. Bertan Frantziak lortu du aurrera egitea. Final-zortzirenetan jaurti zizkioten hiru penaltiak gelditu zituen Diogo Costa atezain portugaldarrak. Gaur, ordea, ez du bat bera ere gelditu. Portugalen, Joao Felixena izan da zorigaiztoko jaurtiketa. Bartzelonako aurrelari ohiak zutoinera bidali du bere jaurtiketa, eta horrek desorekatu du lehia. Asteartean neurtuko dituzte indarrak Espainiak eta Frantziak, asteartean (21:00, TVE1).
Hiru fitxaketa hiru euskal taldetan
Osasunak Abel Bretones ezker hegaleko atzelari espainiarra fitxatu du. Oviedoko jokalari ohiak bost urterako sinatu du. Alavesek, berriz, Tomas Conechny aurrelari argentinarra fitxatu du, 2028ra arte. Bestalde, Lucia Pardo aurrelari galiziarra Realean ariko da.