Tokio 2020

Espainiak irabazi egin du, eta Munarrizek finalerdiak jokatuko ditu

Munarriz. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

Gizonezkoen Espainiako waterpolo selekzioak 8-12 irabazi zien atzo AEBei, final-laurdenetan, eta, taldearen zutarrietako bat izaki, Alberto Munarriz euskal herritarra erabakigarria izan zen berriro. Minutu gehien jokatu zituen uretako jokalaria izan zen: 28 minutu pasatxo jokatu zituen; lau laurden jokatzen dira, eta bakoitzak zortzi minutuko iraupena du. Eta bi gol sartu zituen, biak penaltiz.

 

Finalerdiak ostiralean jokatuko ditu Espainiak, 12:50ean. Serbia izango du aurkari, final-laurdenetan Italiari irabazi ostean: 6-10 nagusitu zen. Ligaxkako lehen jardunaldian aritu ziren bi selekzioak elkarren aurka, eta Espainiak 13-12 hartu zuen mendean Serbia.

AEBei irabazita, David Martinek entrenatutako selekzioak aurreikuspenak bete ditu. Halere, kosta egin zitzaion; batez ere aurreneko zatian. Lehen laurdena berdinduta bukatu zen (3-3), baita bigarrena ere (6-6). AEBak aurretik joan ziren markagailuan —4-3 eta 6-5— baina ez ziren aldea handitzeko gai izan.

Bigarren zatian —hirugarren eta laugarren laurdenetan—, Espainiak 2-6ko partzial bat lortu zuen, eta horri esker poltsikoratu zuen finalerdietarako txartela. Lehiaketa hasi aurretik ere dominen lehian egoteko faboritoetako bat zen, Europako eta munduko txapeldunordea delako. Oraingoz lehiaketa bikaina jokatzen ari da, ligaxkakako bost partidak ere irabazi baitzituen. Jokalari inportantea izaten ari da Munarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.