Bi euskal herritar munduko txapeldun dira. Espainiako selekzioarekin jokatu dute Irene Paredesek eta Oihane Hernandezek Australia eta Zeelanda Berriko Munduko Kopa, eta final handia irabazi dute gaur Ingalaterraren aurka (1-0), Sydneyko (Australia) Australia estadioan. Olga Carmonak sartu du partidako gol bakarra, 28. minutuan. Finalaurrekoan ere hark sartu zuen gol erabakigarria.
#FIFAWWC | #MundialRTVE
— La 1 (@La1_tve) August 20, 2023
Olga Carmona pone a España por delante en la final del #MundialFemenino2023 con este GOLAZO.
â•Directo España 1-0 Inglaterra 👉https://t.co/AnRFrTGnjypic.twitter.com/5uFcSN31AD
Paredesek neurketa osoan jokatu du, eta Hernandez 60. minutuan zelairatu da, Alba Redondoren ordez. Balentria handia egin dute, Euskal Herriko emakumezko futbolarien artean inor ez baitzen izan munduko txapeldun gaur arte. Gizonezkoen artean, bost izan dira: Bixente Lizarazu, Didier Deschamps, Javi Martinez, Xabi Alonso eta Fernando Llorente.
Partidari dagokionez, Ingalaterrak izan ditu baloi jabetza eta gola sartzeko aukerak hasieran, nahiz eta Espainiak ere sortu duen arriskua. 29. minutuan, Carmonak kontraeraso bat baliatu du, eta, ezker hegaletik jokaldia eginez, gol bikain bat sartu du.
Golaren ostean hobea izan da Espainia, eta gogotik lan egin behar izan du Mary Earps Ingalaterrako atezainak. Geldiketa bikainak egin ditu bere taldea neurketan mantentzeko. Azken minutuetan estutu du Europako txapeldunak, baina ezin izan du golik egin.
Espainiak Munduko Kopa irabazten duen lehen aldia da. Aitana Bonmatiri eman diote Munduko Kopako jokalaririk onenaren saria.