FUTBOLA

Espainiak irabazi du Eurokopa, Ingalaterra menderatuta

2-1 irabazi dute espainiarrek. Athleticeko eta Realeko bi jokalarik sartu dituzte bi golak: Nico Williamsek lehena, eta Mikel Oiartzabalek bigarrena.

Espainiako jokalariak garaikurra altxa zuten unean. FILIP SINGER / EFE
Espainiako jokalariak garaikurra altxa zuten unean. FILIP SINGER / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 15a
10:30
Entzun

Kroazia, Italia, Alemania, Frantzia eta, azkenik, Ingalaterra. Eurokopako selekzio handienak banan bana menderatuta irabazi du Espainiak Eurokopa. Gainera, jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu. Bart, finalean, 2-1 hartu zuen mendean Ingalaterra, eta bi euskal herritarrek sartu zituzten golak: Nico Williamsek egin zuen lehena, eta Mikel Oiartzabalek egin zuen garaipenarena.

Finaletan ohikoa izaten den bezala, joko gutxi erakutsi zuten bi taldeek lehen zatian. Ingalaterrak ez zuen inolako arriskurik hartu nahi izan, eta pase luzeen bidez ahalegindu zen aurrera egiten. Bestela, geldikako jokaldiak probesten ahalegindu zen, eta gertu izan zuen gola lehen zatia amaitzear zenean. Luke Shawren erdiraketak atzelari baten soinean jo zuen, eta Phil Fodeni iritsi zitzaion baloia, area barruan. Ez zuen nahi bezala errematatu, ordea, eta arazo handiegirik gabe gelditu zuen baloia Unai Simonek.

Espainia, aldiz, baloia atzetik jokatzen saiatu zen, baina zailtasun ugari izan zituen lan horretan. Southgatek kate motzean lotu nahi izan zuen Rodri, espainiarren euskarria, eta horrek lana zaildu zion Luis de la Fuenteren taldeari. Gainera, min hartu zuen Rodrik, eta atsedenaldian aldatu behar izan zuten. Zubimendi sartu zen haren ordez.

Zelai erdiko jokoan zeuzkaten trabak tarteko, hegaleko jokaldi batean iritsi zen espainiarren lehen gola. Hegaletatik egin du min gehien Espainiak txapelketa osoan. Lamine Yamal eta Nico Williams oso jokalari jaioak dira buruz buruko jokaldietan, eta haiek izan dira Espainiako selekzioaren jokalari arriskutsuenak finalera bidean. Lehen zatian bikain zaindu zituen Ingalaterrak. Shawk eta Kyle Walkerrek ez zieten metro erdia ere utzi, eta sendo aritu ziren buruz buruko lehia horietan. Hala ere, bigarren zatia hasi eta berehala aldatu zen hori. Yamalek bakarrik utzi zuen Williams barnekaldi baten ostean, eta nafarrak, ezkerrez, sareetara bidali zuen baloia. 1-0, 47. minutuan.

Golak min handia egin zion Ingalaterrari, eta Espainiak aurrerapausoa eman zuen ondorengo minutuetan, bigarren golaren bila. Aukera argiak izan zituzten Williamsek zein Moratak, baina ez batak, ez besteak, ez zuten asmatu. Ingalaterra bikain aritu zen defentsan lehen zatian, baina bigarren zatiaren lehen ordu laurdenean ezin izan zuten Yamalen erauntsiarekin. Katalunian jaiotako hegalekoak 17 urte bete ditu asteon, eta partidako jokalari arriskutsuena izan zen. Bere partidari ginga jartzeko aukera ere izan zuen, baina haren erremateari bikain erantzun zion Jordan Pickford atezainak.

Espainiak nahi zuen tokian zeukan partida. Baina halako batean berdindu egin zuen partida Ingalaterrak, 70. minutuan. Ezer gutxi egiten ari zen Southgaten taldea, baina Palmer zelairatu zuen, eta bi minutu geroago gol ederra egin zuen Chealseko jokalariak. Trantsizio azkar batean Palmerri iritsi zitzaion baloia aldaratze baten ostean, eta area kanpotik erremate ezinhobea egin zuen.

Gola eta balio bera duen jokaldia

Espainiak ez bezala, Ingalaterrak zenbait metro egin zituen atzera gola sartu ostean. Indarrak orekatuta zeuden, eta lehia bizia izan zuten bi taldeek zelai erdian. Espainia, hala ere, gehiago saiatu zen, eta azkenean saria ere lortu zuen. Yamalek izan zuen lehen aukera, baina gola eragotzi zuen Pickfordek. 87. minutuan, baina, Oiartzabalek ez zuen barkatu. Cucurellaren erdiraketa bikaina izan zen, zehatza eta indar handikoa. Realeko kapitainak lurrera bota zuen bere burua errematea egin ahal izateko, eta Pickfordek ezin izan zuen ezer egin. Finala haiena zen.

Hala ere, golak izandako garrantzi bera izan zuen Dani Olmok egindakoak. Declan Ricen erremate bat Unai Simonek atera zuen, eta aldaratzea Marc Guehik errematatu zuen, buruz. Sareetara zihoan, baina Olmok atepetik atera zuen, azken unean. Gol bat sartu izan balu bezala ospatu zuten kataluniarrak eta taldekideek. Hala amaitu zen partida. Espainiak Eurokopa irabazi du hamabi urteren ostean, eta Ingalaterrak, aldiz, bigarren aldiz jarraian galdu du finala.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.