Frantziako selekzioa sendo aritu da defentsan, baina ez da nahikoa izan Espainiaren erasoa geldiarazteko. 2-1 irabazi du Espainiako selekzioak Municheko (Alemania) Allianz Arenan jokatutako finalerdietako partida, eta igandean Eurokopako finala jokatuko du.
Frantziarrek hartu dute aurrea, baina Espainiak azkar erantzun die, eta bitan sartu dute baloia frantziarren atean. Bigarren zatian, markagailuari eustera mugatu da Luis de la Fuenteren taldea, eta Didier Deschamps baionarrak zuzendutako mutilek ezin izan dute Unai Simonen atea gainditu. Horrela, datorren igandeko finala jokatuko du Espainiak Berlingo olinpiar estadioan.
Intentsitate handikoa izan da neurketaren lehen zatia. Espainia hasi da agintzen, baina Frantziak sartu du lehen gola. Bederatzigarren minutuan Kilian Mbappe taldeko izarrari iritsi zaio baloia; hark bikain erdiratu, eta Kolo Muanik buruz egin du lehena. Unai Simon Athleticeko atezainak ezin izan du ezer ere egin gola sartzea eragozteko.
Frantziak azkar eraso egiten jarraitu du. Hori da Deschampsen taldearen jokatzeko modua: Defentsan sendo mantentzen dira, eta, baloia berreskuratu ostean, azkar egiten dute aurrera. Halere, De la Fuenteren selekzioa behin baino gehiagotan gerturatu da Frantziaren zelaira. Horietako batean, 21. minutuan, berdindu dute partida. Lamine Yamali iritsi zaio baloia. Larunbatean 17 urte beteko ditu gazteak; bada, Frantziako atzelariei izkin egin, areaz kanpotik jaurti eta, zutoina jo ostean, Mike Maignanen atean sartu du baloia.
Berdinketaren ostean, hazi egin da Espainia eta, handik lau minutura, bigarrena sartu du. Jesus Navasek erdiratu eta Frantziako atzelari batek jo ostean, Dani Olmori iritsi zaio baloia. Hark indartsu jaurti du, eta Jules Kounderen oinean jota sareetara bidali du baloia. Koundek sartu badu ere, Olmori eman diote gola, frantziarrak ukitu ez balu ere baloia barrura baitzihoan.
Gol horren ondoren partida lasaitu egin da. Ordura arte, espainiarrak aritu dira erasoan batez ere. Erraz heldu dira frantziarren zelaira, baina horiek defentsa sendoa erakutsi dute. Eta erasoko aukera bakoitza baliatu dute jokaldi arriskutsuak sortzeko.
Atsedenaldiaren ondoren ere joera berari eutsi diote. Espainiak zertxobait lasaitu du jokoa, eta baloia alde batetik bestera mugituz jardun du. Frantziak, berriz, une arriskutsuak sortu ditu. Mbappek eta Ousmane Dembelek lanak zaildu dizkiete Espainiako atzelariei.
Deschampsek erasoa indartu du Antoine Griezmann, Eduardo Camavinga, Bradley Barcola eta Oliver Giroud zelairatuta. Eta 85. minutuan eduki dute partida berdintzeko aukera argiena. Mbappe Simonen ate aurrera iritsi da, baina frantziarrak gora jaurti du baloia. Bitartean, De la Fuentek ere egin ditu aldaketak, taldea fresko mantendu eta frantziarren erasoari aurre egin ahal izateko. Martin Zubimendi, Mikel Merino, Mikel Oiartzabal, Dani Vivian eta Ferran Torres sartu ditu partidaren azken zatian. Epaileak bost minutu gehitu dizkio partidari, baina Espainiako selekzioak asmatu egin du baloiari eusten, eta Frantziak ezin izan du berdindu.
Txapelketan jokatu dituen sei partidak irabazi ditu Espainiako selekzioak, eta bosgarrenez jokatuko du Eurokopako finala. Aurrez jokatu dituen lau finaletatik hiru irabazi ditu.
Bigarren finalerdia
Igandean Espainiaren aurka nork jokatuko duen argitzea falta da. Ingalaterra eta Herbehereak arituko dira aurrez aurre. Ingalaterra da finalera iristeko hautagai nagusia. Izen handiak ditu, baina Eurokopa honetan ez da espero bezain ondo aritu orain arte. Halere, Suitzaren aurkako final-laurdenetako partidan itxura hobea eman zuen multzokako fasean baino. Bestetik, Herbehereetako selekzioa ere talde indartsua da, nahiz eta multzokako fasetik justu-justu egin zuen aurrera. Dortmundeko (Alemania) BVB estadioan jokatuko dute neurketa, asteazkenean, 21:00etan (La1 eta TF1).