Lehen egindakotik ezin bizi, eta Espainiako selekzioa suspertzeko asmotan dabil Luis Enrique Martinez entrenatzailea. Deialdia osatzerakoan, ez du erreparorik izan bere irizpide propioa inoizko sendoen agerrarazteko. Azken hamarkadan presentzia handiena izan duten jokalari gehienak ez ditu deitu, eta, horien artean, Sergio Ramosen hutsunea da azpimarragarriena. Ez hori bakarrik; historian estreinakoz, txapelketa ofizial batean Real Madrileko jokalaririk gabe ariko dira espainiarrak.
Izena baino gehiago, Luis Enriquek jokalari bakoitzak sasoian zehar emandako maila hartu du aintzat. Norbere grazia baino, oinetan duen grazia. Hala, multzo eraberritu batekin ekingo dio bihar Eurokopari, Suediaren aurka (21:00). Jokatzeko moduan dauden jokalarien artean daude Fabian Ruiz, Gerard Moreno, Adama Traore, Ferran Torres eta Pablo Sarabia. Baita Realeko Mikel Oiartzabal eta Athleticeko Unai Simon ere. Espainian haiek dira euskal taldeetako ordezkariak. Haiengandik gertu baina bereizita izango da Martin Zubimendi ere. Realeko jokalaria ordezko jokalarien burbuilarako deitu du Luis Enriquek.
Izan ere, Espainiako selekzioa koronabirus kasuek zipriztindu dute txapelketaren atarian. Sergi Busquetsek eta Diego Llorentek positibo eman zuten gaitz hori atzemateko proban. Aldiz, jokalariak txertatzearen komenentziaz luzaz aritu da Espainiako iritzi publikoa. Kontuak horrela, giro nahasian ekingo dio Espainiak txapelketari. Suediaren aurka aritu ondoren, Poloniaren aurka jokatuko du, eta Eslovakiarekin azkena.
Espainia: grazia baino lehen, grazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu