Arratsaldea eguzkitsu geratu da Donostian. Hitzordura bizikleta gainean iritsi da Enekoitz Azparren (Donostia, 2002). Presaka ibili dela dio. Geroxeago agertu da Xabier Mikel anaia (Donostia, 1999), oinez. Aurrez esana zen apur bat berandutuko zela. Argazkilariaren aurrean kokatu dira, eta hara non Igor Arrieta Kern Pharmako txirrindularia ikusi duten. Harekin solasean aritu dira argazkiekin bukatu ostean. Bakoitzak sasoia non hasiko duen argitu du. Kasualitatez, kafetegi berera joatea zuten pentsatua. Beste edozein egunetan mahai berean eseriko ziren, baina Azparren anaiek elkarrizketa dute. Marka da: kazetariak kafesnea eskatu du bakarrik, baina txirrindulari bikoteak bizkotxoarekin lagunduko du kafea. «Goizeko entrenamenduan ez dugu ohiko geldialdia egin; beraz, orain tokatzen zaigu».
Bestela ere, aho zapore gozoa dute, aurten batera lehiatzeko aukera izango baitute. Xabier Mikelentzat hirugarren urtea izango da Euskaltelen; Enekoitzek, berriz, sasoi hau izango du estreinakoa profesionaletan. Distiratsu aritu da Laboral Kutxan, eta Euskadi Fundazioaren talde nagusira jauzi egiteko aukera eman diote. Anaiaren taldekide izatea «ederra» dela dio. «Beti izan dugu amets hori etxean, ea noiz lor genezakeen bi anaiak talde berean aritzea. Afizionatu mailan ez zen posible izan, eta, azkenean, etxeko taldean edukiko dugu aukera».
Elkarrekin «inoiz baino denbora gehiago» igarotzen ari dira orain. Hala azaldu du Xabier Mikelek. «Hiruzpalau hilabete daramatzagu elkarrekin entrenatzen. Bakarrik bizitzera joan naiz berriki, baina anaia egunero ikusten dut». Ez al dira elkarrekin aspertzen? Ezetz dio Enekoitzek. «Bera etxez aldatu denez, goizeko entrenamenduak dira anaiarekin egoteko dudan momentua. Berezia da kilometroak elkarrekin egitea, batez ere jakinda lasterketetan ere batera ariko garela».
Hilaren bukaeran ekingo diote sasoiari, Saudi Arabiako Itzulian. «Gogotsu» daude lehiatzen hasteko, denboraldiaurrean «lan ona» egin eta gero. «Sasoi onean gaude, eta oraindik aste batzuk ditugu sentsazioak erabat fintzeko», azaldu du Xabier Mikelek. Eguberrietako oturuntzek ez ei diete kalterik egin sasoi fisikoari dagokionez. «Malgutasunez jokatu dugu. Afariren batean bapo egin dut, baina nutrizionista batekin gabiltzanez, dena kontrolpean dago», esan du Enekoitzek.
Abenduan Kanaria Handian (Espainia) egin zuten egonaldiak asko lagundu omen die Gabonak lasai igarotzen. «Nahikoa estutu genuen han. Taldeak ez zuen egonaldirik egin behar, eta, urtea ahalik eta ondoen hasteko, gure kabuz joatea erabaki genuen. Oso erabaki ona izan zen: etxean egitea ezinezkoa izango zen lana egin dugu han». Pistan ere lehiatu dira azkenaldian, eta «oso lagungarri» izango zaie.
Aitonaren omenez
Mimo handiz prestatu dute sasoi berria. Nabari da denboraldi berezia izango dela, eta ez kirol arloan bakarrik. Izan ere, iaz aitona galdu zuten, eta, Xabier Mikelek azaldu duenez, haren oroitzapena presente izanik jardungo dute aurten. «Txirrindulari izan zen bere garaian, eta pena da hilabete batzuengatik gu batera lehiatzen ez ikusi izana. Enekoitzek kontratua sinatu zuen egunean zendu zen. Sentimenduz beteriko denboraldia izango da, eta aparteko indarra izango dugu emaitza onak lortzeko». Enekoitz oso eskertua zaio aitonari. «Hein batean, harengatik gara gu txirrindulari. Txikitatik berak eraman gintuen lasterketetara. Familian bera hasi zen ziklismoan, eta bilobek haren arrastoari jarraitu diogu».
Aita ere txirrindularitzaren munduan ibilia dute. Zainetan daramate bizikletarekiko zaletasuna. «Etxean ikusten duzuna errepikatu egiten duzu. Ziklismoan hasteko, lehenik bizikleta bat eduki behar duzu etxean. Guk txirrindularitzaren mundua oso gertu izan dugu beti, eta gertutasun horrek probatzera eraman gintuen. Eta behin proba eginda, bioi asko gustatu zitzaigun», oroitu du Xabier Mikelek. Halere, hasieran maitasun-gorrotozko harremana izan zuten bizikletarekin. «Nik hasieran beldurra hartu nion», esan du Enekoitzek. «Erori, eta erradioa eta kubitua apurtu nituen. Bizikleta uztea erabaki nuen. Gero, ordea, anaia lehiatzen ikusi nuen, eta grina piztu zitzaidan berriro».
Enekoitzek txikitatik izan zuen erraztasuna. Xabier Mikel, aitzitik, 9 urte bete arte ibili zen gurpiltxoekin. «Oso ikaratia nintzen». Ezbehar batek adoretu zuen. «Gurpiltxoak eduki arren, ez nintzen gai aldapak bizikleta gainean jaisteko. Bada, behin banindoan oinez, eta estropezu eginda galga bat ahotik sartu nuen. Haragia zeharkatu zidan [orbaina du oraindik ahoaren ondoan]. Orduan hartu nuen gurpiltxoak kentzeko erabakia. Hori bai, beste lau urte pasatu ziren bizikletan zutik jartzen hasi nintzenerako».
Elkarren osagarri dira
Geroztik, antzeko ibilbidea izan dute. Biek egin dute distira afizionatu mailan, eta Laboral Kutxatik Euskaltelera igaro dira. Xabier Mikelen hitzetan, 23 urtez azpiko Espainiako Erlojupeko Txapelketa izan dute biek mugarri. Hark irabazi egin zuen 2019an, eta laugarren izan zen urtebete geroago. Anaia gazteak, berriz, hirugarren egin zuen 2021ean, eta seigarren iaz. «Erlojupeko horiek izan ziren Euskaltelek behar zuen seinalea». Gorenera bidean anaiaren urratsei segitu diela dio Enekoitzek. «Gauza txarrak berari tokatu zaizkio. Bidea berak urratu du. Motelgailu bat bezalakoa izan da niretzat». Aurten, egokitzapena asko erraztuko dio anaia aldamenean edukitzeak. «Segurtasuna ematen dit, badakidalako behar dudanean hor egongo dela».
Txirrindulari bezala «oso antzekoak» direla uste du Xabier Mikelek. «Desberdintasunen bat aipatzearren, erlojupekoan ni agian koska bat gainetik nago, eta Enekoitzek biziago aldatzen duerritmoa». Ez omen dute aparteko lehiarik elkarren artean. Hala dio Enekoitzek. «Elkar laguntzeko gaude beti. Lehia, izatekotan, serieak egitean edukitzen dugu. Baina oso garbi dugu batak lortzen duena ona dela bestearentzat». Lasterketetan elkar osa dezaketela deritzo anaia zaharrenak. «Talde txiki batean, Enekoitzek txinparta dauka esprintean lehiatzeko, eta nik azken kilometroetako indar hori, urrutitik saiatzeko». Batera lasterketa asko egitea espero dute. «Hala izango den itxura du, Jorgek esan digunagatik [Azanza, Euskalteleko zuzendaria] ».
Eta izaeraz, oso ezberdinak al dira? «Nik errazago ematen dut iritzia», esan du Xabier Mikelek. «Gehiago egiten dut talka jendearekin, eta batzuetan serioagoa izan naiteke. Enekoitzek erraztasuna dauka jendearekin hasieratik ondo konpontzeko, eta gauza oso on bat du: ez da ur edalontzi batean itotzen». «Batzuetan hori ona da, eta beste batzuetan, ez hainbeste», erantzun du anaia txikiak. «Buruari ez dizkiot buelta asko ematen, baina gehiegizko lasaitasuna kalterako da». Lasaia eta hasiberria izanik, kosta egin dakioke tropelean tokia egitea. «Ziklista handiekin ariko naiz. «Horri sartu behar diot nik eskulekua?», pentsatzen dut. Baina, tira, denok ari gara lehian. Ohituko naiz».
Ametsak eta helburuak
Txirrindulari bizimodura jada ohituta daude biak. Gauza askori egin behar diote uko? «Uko egin baino gehiago, erabakiak hartzen dituzu. Esfortzu handia egin behar duzu, baina eguna bukatzean zoriontsu sentitzen naiz dudan bizimoduarekin», azaldu du Xabier Mikelek. Gauzarik txarrenetakoa ADAMS sistema da. «Egunero adi ibili behar duzu, non zauden esateko. Batzuetan itogarria suerta daiteke». Denbora librean, bideojokoetan aritzea gustatzen zaie. Ikasteko astia izaten ere saiatzen dira. Xabier Mikelek Kirol Zientzietako gradua dauka, eta Ekonomia ikasten hasi da. Enekoitz, berriz, Osasun Larrialdietako gradua ari da egiten. «Zaila da dena uztartzea. Oraintxe, ziklismoak du lehentasuna».
Egunero 09:30ak aldera geratzen dira. Hiritik azkar irteten dira, ordu laurden eskasean, eta normalki kostarako bidea hartzen dute. Gero, ia beti Igeldotik itzultzen dira. «Noizbait Donostiako Klasikoa irabazteko lehian bagaude, presta daitezela kontrarioak», ohartarazi du Xabier Mikelek. Etxeko proban garaile izatea dute amets bi anaiek. «Sekulako ilusioa egiten dit lehiatzeko aukera dudala jakite hutsak. Pentsatu ere ez dut egin nahi zer izango litzatekeen irabaztea», esan du Enekoitzek.
Anaia zaharrenak Gorka Izagirre eta Imanol Erbiti izan ditu erreferente, eta Fabian Cancellara idolo. Enekoitzi asko gustatzen zaio Wout van Aert, baina anaia du eredu. «Hari begiratu diot gehien». Donostiar gisa, Cabestany anaiek aspaldi utzitako lekukoa hartu dute. Halaber, asko begiratzen diete Izagirre anaiei. «Hurrengo ametsa maila horretara iristea da», esan du Enekoitzek.
Oinak lurrean jarrita, sasoi honetako helburuez ere mintzatu dira. Xabier Mikelek lehen garaipena lortu zuen iaz, eta gehiagoren gose da. «Astebeteko itzulietan beste urrats bat egin nahi dut». Enekoitzek ez du presarik. «Profesionaletara egokitzea izango da helburua. Asko ikasi behar dut». Zail ikusten dute Vueltak Euskaltel gonbidatzea, eta Tourra etxean ikusteko gogotsu daude. Donostian bukatuko da bigarren etapa. «Zale bezala gozatuko dugu. Oso polita izango da guretzat eta hiriarentzat».
Eskutik helduta, elitean gozatzera
Azparren anaiak Euskaltelen ariko dira aurten. Enekoitz iritsi berria da, eta Xabier Mikelek hirugarren sasoia du. Haien familiarentzat «ametsa» da biak gorenean taldekide izatea, eta «gogotsu» daude lehiatzen hasteko. Bizikletari beldurra zioten hasieran, baina orain ezin dute askatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu