Eskutik doaz BERRIA eta Oriamendi

Sei bikotek jokatuko dute BERRIA Erremonte Txapelketaren bigarren aldia. Larunbatean hasiko da, eta apirilaren 9an jokatuko da finala

Txapelketa jokatuko duten zortzi erremontista, Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzailea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, atzo. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
Hernani
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
BERRIAk eta Oriamendi 2010 erremonte enpresak lau urte daramatzate eskutik, erremontea sustatzea helburu hartuta. Lankidetza hitzarmen horren fruitu izan zen duela hiru urte elkarrekin antolatutako BERRIA txapelketaren lehenbiziko ekitaldia. Erremontista gazteenek jokatu zuten, eta Imanol Ansa eta Josu Arruartek irabazi zuten txapela. Arrakastatsua izan zen lehen ekitaldi hura, eta horrexegatik, Oriamendik eta BERRIAk txapelketaren bigarren ekitaldia antolatu dute. Atzo aurkeztu zuten, eta bertan ordezkariak pozik azaldu ziren berriz ere elkarrekin aritzeagatik.

Larunbat honetan hasiko da txapelketa, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian, eta toki berean amaituko da, apirilaren 9an. Egun horretan jokatuko dute finala. Lehia estua espero da.

Sei bikote ariko dira, bi multzotan banatuta: A multzoan, Susperregi-Zubiri, Urrutia II.a-Labaka eta Goikoetxea V.a-Odei egongo dira; eta B multzoan, Loitegi-Zaldua, Aldabe-Apezetxea eta Etxarri-Martirena. Multzo bakoitzeko hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute hurrengo hiru larunbatetan.

Egindako tantoen arabera lortuko dituzte puntuak, sailkapenerako: irabaziz gero (35 tanto), lau; 32tik eta 34ra tanto lortuz gero, bi; 29tik 31ra lortuz gero, bat; 23tik 28ra lortuz gero, batere ez; eta 22 edo gutxiago lortuz gero, puntu bat kenduko zaie. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan, martxoaren 26an eta apirilaren 2an: A multzoko lehena, B multzoko bigarrenaren aurka, eta B multzoko lehena, A multzoko bigarrenaren kontra. Irabazleek finala jokatuko dute.

Oier Apezetxearen debuta

Erremonteak xarmari eusten dio oraindik ere, eta horren erakusle da azkeneko hiru hilabeteetan hiru erremontistak egin dutela debuta profesionaletan Oriamendi 2010 enpresarekin. Odei Arregi atzelari tolosarra izan zen lehena, azaroan; Ugaitz Susperregi aurrelari oiartzuarra izan zen bigarrena, abenduan; eta, Oier Apezetxea atzelari goizuetarrak hilaren 12an egingo du debuta. 30 urte ditu, eta esku pilotan ibilitakoa da. Hirurek jokatuko dute BERRIA txapelketa.

Profesionaletan estreinakoa egin dutenez gain, beste hiru erremontista itzuli dira Oriamendira: Xabier Azpiroz atzelari uitziarra, Kemen Aldabe aurrelari lekunberriarra eta Josetxo Ezkurra aurrelari doneztebarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.