Eskura du kanporaketa

San Antoniok nahiko erraz irabazi dio Dukasi, eta Errekopako final-zortzirenetarako txartela ia patrikan du

edurne elizondo
Iruñea
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Amaya San Antoniok zortzi goleko aldea lortu zuen atzo Europako Errekopako final-hamaseirenetako joaneko partidan, Greziako Dukasen aurka. 22-30 amaitu zen norgehiagoka. Itzuliko partida bihar bertan jokatuko dute bi taldeek, NUPeko pabiloian. Atzokoa ere nafarren pistan izan zen, baina San Antoniok bete zuen bisitariaren rola. Lehen zatian ahul agertu zen Iruñeko taldea defentsan, eta ordaindu zuen. Oreka izan zen nagusi markagailuan. Bigarrenean hobera egin zuen etxekoen jokoak, eta San Antoniok lortu zuen, arazo handirik gabe, aurkaria mendean hartzea.

Partida, hala ere, hotz samar hasi zuten nafarrek. Sumatzen zen asteazkeneko Torrevellaren aurkako partidaren nekea. San Antoniok, gainera, Victor eta Meoki gabe jokatu zuen, biak min hartuta baitaude. Defentsan eskas hasi zuen partida San Antoniok, eta Dukasek ederki profitatu zuen aukera. Ristanovicen atera hurbiltzeko gaitasun handia erakutsi zuen. Greziarren atezain Georgiadisek, gainera, partida ona egin zuen atzo, eta hutsean utzi zuen nafarren 11 jaurtiketa.

Nafarrak gora, Dukas behera

Lehen zatia amaitu baino lehen, suspertzen hasi zen San Antonio. Azken bost minutuetan defentsa apur bat estutu, eta kontraerasoaren bidez egin zion min aurkariari. Horri esker, aurretik ziren nafarrak markagailuan atseden hartzeko unea ailegatu zenean: 12-13.

Bigarren zatian aldea handitzen jarraitu zuten iruindarrek. Dukasek, gainera, arazoak izan zituen lehen zatiko erritmoari eusteko, eta, poliki-poliki, behera egin zuen. Zailtasun gehiago izan zuten azken 30 minutuetan Ristanovicen sarea zulatzeko.

Lehen zatian Humet izan zen iruindarren artean jokalaririk eraginkorrena. Bigarrenean, berriz, Sevaljevic izan zen nafarren pizgarri nagusia. Gorputza, eta, batez ere, burua estutu zuten San Antonioko jokalariek behar zuten kontzentrazioa lortzeko, eta lortu zuten helburuak betetzea. Partida irabazi zuten, eta zortzi goleko aldea lortu zuten biharko itzuliko partidarako. Eguerdiko 12:00etan hasiko da lehia. Egundoko ezustekorik ezean, San Antonio final-zortzirenetan da.



Dukas 22

Amaya San Antonio 30

Doukas. Georgiadis, Zalonis (2), Georgiu (1), Zujovic (9, 1p), Faturos, Mastorogiannis (3), Zambunis(3) -hasierako zazpikoa-; Magafu-rakis, Muntzuridis, Tompros (3),Tziras, Nikolaidis (1) eta Anagnos-tu.

Amaya San Antonio. Ristanovic, Gedeon (3), Vargas, Urdiales (1), Rasic (3), Agirrezabalaga, Eloy (1)-hasierako zazpikoa-; Sevaljevic (8), Borragan (2), Mindegia (3), Humet (7) eta Crowley (2).

Markagailua. 2-0, 3-3, 6-5, 8-8, 10-10, 12-13 (atsedenaldian); 13-16, 14-20, 17-22, 18-23, 21-26 eta 22-30.

Epaileak. Maric eta Masic. Bi minutuz kanporatuak: Dukaseko Tziras, Faturos eta Magafurakis; eta San Antonioko Gedeon eta Agirrezabalaga.

Bestelakoak. 1.000 ikusle inguru NUPeko pabiloian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.