Porrotek oso gutxitan izaten dute gozotik kirolarientzat. Are gutxiago porrot hori alde handiagatik bada. Diana Taurasi Phoenix Mercury taldeko joko antolatzailearentzat aldi bakan horietako bat izan zen atzo goizaldean Sparksen kontra Los Angelesen jasotakoa (90-59 galdu zuen Phoenix Mercuryk). Izan ere, partida horretan sartutako hemeretzi puntuei esker, WNBAko historiako saskiratzailerik onena da, 7.494 punturekin. Munduko saskibaloi liga onenaren eskumuturrik fin eta zehatzena da Taurasirena. Aurkarien saskiek ederki sufritu dute hori. Hunkituta mintzatu zen lorpenarekin. «Oso berezia izan da, are gehiago senide guztiak pabiloian egonda», esan zuen. Markaz marka dabil Taurasi, duela bi astetik WNBAko inoizko hiruko saskiratzailerik onena ere badelako. Gainera, kopuru horiek handitzen jarraituko du, 2020ra arte baitu kontratua Phoenixeko taldearekin.
Orain arte Tina Thompson zen saskiratzailerik onena. Hamazazpi denboraldiz jokatu zuen WNBAn, eta 7.488 puntu sartu zituen. Kontrarioen saskia bezala, Taurasik begiz jota zeukan marka hori. Gainera, Thompsonek baino lau denboraldi gutxiagotan lortu du: hamahirutan, hain zuzen ere. Izan ere, 2004an aukeratu zuendraft-ean Phoenix Mercuryk. Urte horretan bertan egin zuen debuta, Sacramentoren aurka. Partidan agerian utzi zuen saskiratzeak lortzeko duen sena eta gaitasuna. Orduan ere, Phoenixek galdu egin zuen: 72-66. Baina Taurasik 22 puntu lortu zituen.Sasoi hartan hamazazpi puntu lortu zituen batez beste. Urte hauetan inguru horretan egon da haren puntuen batez bestekoa. Gainera, bost denboralditan izan da lehiaketako saskiratzailerik onena.
Sasoi honetan 18,1 puntu daramatza. Herenegun hemeretzi puntu sartu zituen. Hamalaugarrena lortzearekin batera hautsi zuen marka. Partida geratu egin zen, eta txalo zaparrada jaso zuen. Ikusleen artean zegoen Kobe Bryant. «Behin saskiratzea lortuta, asko disfrutatu dut. Oso polita izan da dena. Partida amaituta, konturatu naiz zenbat jokalari handirekin jokatu dudan, eta, neurri batean, haiei esker lortu dut marka hau».
Ez da denboraldi honetan gainditzea lortu duen marka bakarra. Izan ere, duela bi aste ere hirukoen marka gainditu zuen. Taurasi da hiruko saskiratze gehien lortu duen jokalaria WNBAn. Atzokoak kontuan hartuta, 927 daramatza. Orain arteko marka 906koa zen, eta Katie Smithek zeukan.
Taurasik dena lortu du saskibaloi munduan. Izan ere, WNBAko txapelduna izateaz gain, Munduko Txapelketa eta Euroliga irabazi ditu. Gainera, Europako liga indartsuenetan ere jokatu du: Errusian eta Turkian. Haren lorpen zerrenda amaigabea da.
Odol berokoa
Jokatu duen talde guztietan erakutsi du eskumutur fina, baita duen odol beroa ere. Ama argentinarra izanda eta aita italiarra ezin zen bestelakoa izan. Taldeak gidatzeko duen buru hotza eta gaitasuna, izaera oldarkor eta lehiakorrarekin uztartzen da. Nahasketa ederra jokalari batentzat.
Kantxan eta kantxatik kanpo erakusten du hori. Izan ere, saskibaloia ez da soilik lanbide bat Taurasirentzat. Berdintasunaren alde egiteko ere baliatzen du. Behin baino gehiagotan egin du hori, gainera. Eztabaida gogorrak izan ditu horregatik.Uko egin zion FIBAk jokalariek arropa estua erabiltzeko aginduari, eta isunetan 500.000 euro baino gehiago pagatu behar izan ditu horregatik: «Neurri hori erabat sexista eta baztertzailea da. Saskibaloira beti jokatu izan da arropa zabalarekin, eta ni eroso nago hala jokatzen. Ez naiz aldatuko».
Aurreko sasoian ere eztabaida izan zuen Elena Delle Donn jokalariarekin. Denboraldiko jokalari onena izan zen Delle Donn, eta saskiak baxuago jartzea proposatu zuen. Honela erantzun zion Taurasik: «Baztertzailea da hori.Zein izango da hurrengo neurria: Gonarekin jokatzea? Etxeko sukaldean lan egitera behartzea?».
Aspaldi jakinarazi zuen lesbiana dela, eta LGTB kolektiboaren ikusgarritasunaren alde lan egin du. Penny Taylor taldekide ohiarekin ezkondu zen, eta argi adierazi zuen: «Espero dut jendea pozik egotea, egunaren amaieran elkar izugarri maitatzen duten bi pertsona egoteagatik».
Diana Taurasi
Eskumuturrik finena
WNBAren historiako saskiratzailerik onena da atzotik Diana Taurasi. 7.494 puntu daramatza oraingoz. Hiruko saskiratze gehien sartu duen jokalaria ere bada: 929.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu