Eskuin muturra

Eskuin muturreko ekintzaile baten bila ari dira, Aramburu errugbilariaren heriotzarengatik

Emakume bat atxilotu dute. Miarritzeko jokalari ohi argentinarra larunbat goizaldean hil zuten tiroz, Parisen.

Loik Le Priol militar ohi eta eskuin muturreko ekintzailea. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 21a
16:35
Entzun

Frantziako Poliziak identifikatu egin du Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohiaren hilketaren susmagarri nagusia, eta haren bila ari dira. Loik Le Priol eskuin muturreko militantea da susmagarria: aurrekariak ditu, eta ihes eginda dago. Horrez gain, emakume bat atxilotu dute, eta beste pertsona baten bila ari dira.

Aramburu jokalari ohia (La Plata, Argentina, 1980) tiroz hil zuten ostiraletik larunbaterako gauean, Parisen. Miarritzeko jokalari ohia (2004-2006) Shaun Hegarty kirolariarekin zebilen Mabillon del Boulevard Saint-Germain auzoan, eta taberna batean iskanbila izan zuten bi pertsonarekin. Banatu egin zituzten han zeuden beste batzuek, baina, geroago, auto batean itzuli ziren bi pertsona horiek, eta kalean tirokatu zuten Aramburu. Lauzpabost tiro jaso zituen kirolari ohiak.

Le Priol susmagarria ezaguna da Parisko epaitegietan. Militar ohia da, eta Frantziako Itsas Armadako kidea izan zen. Djibutin misio batean aritu zen, militar gisa. Group Union Défense eskuin muturreko ikasle elkarteko kide ohia da. 2021ean, epaitegietara deitu zuten, beste neofaxista bat 2016. urtean torturatzeagatik ikertzen ari zirelako.

Le Priol, Frantziako Armadan, 2011. urtean.

2016. urtean arropa etxe arrazista bat sortu zuen, «zuriek zurientzat sorturiko jantziak» saltzeko.

Oraindik ez dago argi zergatik egin zioten eraso kirolari euskal-argentinarrari. Baina, harekin tabernan zegoen Hegartyk adierazi duenez, irain xenofoboak egin zizkioten, «zu ez zara hemengoa», eta «gu geure etxean gaude», esaterako.

Borrokaren erdian, Le Priolek Polizia mezua zuen besoko bat atera zuen poltsikotik, lekukoen arabera. Ika-mikaren ostean horretan parte hartu zutenetako batek atzetik oinez jarraitu zion Aranbururi, eta beste biek jeep batean, jokalari ohia bere hotelera zihoala. Bertatik bertara egin zion tiro.

Emakume bat atxilotuta

Atzo gauean atxilotu zuten ustez hilketan parte hartu zuen emakumea. Poliziak uste du hark gidatzen zuela Jeep autoa. Astelehen goizean atxilotuta zeukaten oraindik. Atzo zabaldu zutenez, bideozaintza kameren bidez identifikatu zuten 24 urteko emakumea.

Miarritzen bizi zen kirolari ohi Argentinarra, eta turismo alorreko enpresa batean egiten zuen lan, Hegarty bazkidearekin. Bien asmoa zen gaur gauean jokatuko den Frantzia-Ingalaterra Sei Nazioetako partida ikustera joatea.

Aranburu baloia eskuan, Miarritzerekin, artxiboko argazki batean. / Gaizka Iroz

Bi aldiz izan zen Top14ko txapeldun Miarritzerekin (2005ean eta 2006an). Klubeko bazkideen elkarteko presidente izana zen 2015etik 2018ra, eta administrazio kontseiluko kide ere izan zen. Argentinarekin hirugarren izan zen 2007ko Munduko Txapelketan. 22 partida jokatu zituen selekzioarekin. Perpinyan eta Akizen ere jokatu zuen, baita Glasgow Warriorsen ere.

Miarritzek ohar txiki bat atera du sare sozialetan. Familiari eta lagunei doluminak eman, eta babes osoa eskaini diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.