«Eskerrik asko guztioi». Matxalen Ziarsolok (Ermua, Bizkaia, 1982) «momentu hunkigarriak» bizi izan ditu egunotan, eta «oso lasai eta pozik» hartu du erretiroa. Ermuarrak hamabost denboraldi igaro ditu Bera Beraren lehen taldean. 1.425 gol sartuta eta besapean hamalau titulu hartuta aldatuko du bizimodua.
Agurreko partida, bi gol, ligako titulua... Aurretik dena prestatuta zegoela ematen du.
Bai, bai. Oso polita izan da amaiera. Liga etxean irabazi, azken partida jokatu... Urte gogorra izan da niretzat, baina oso ondo bukatu da dena.
Nahiko lan izan zenuen amaieran sentimenduei eusten. Zer bizi izan zenuten aldagelan?
Poz handia nabari zen. Aldagelara heldu nintzenerako ia-ia joateko prest zeuden denak. Baina opari pila bat, pistan bertan ume asko inguruan, argazkiak... Zaleak, familia, lagunak, taldekideak... Oso polita izan zen dena.
Aspaldiko astelehenik gozoenean, jabetu al zara zure bizimodua aldatzera doala?
Baietz uste dut, nahiz eta benetako aldaketa iritsi arte ez naizen jabetuko horrek zer esan nahi duen. Gogotsu nago aldaketarako.
Nekea izan da arrazoia? Ilusio edo motibazio falta? Bestelako erronkei heltzeko gogoa...?
Denetik pixka bat. Nekea bai, gorputzak egur handia hartzen duelako, eta belauna abisuak bidaltzen ari zitzaidalako. Adina ere bai, noski. Gizonezkoen kasuan desberdina da; eurak kirol ibilbidea ahalik eta gehiena luzatzen saiatzen dira, baina gure kasuan zailagoa da hori. Eta lan egoera ere badago arrazoiaren atzean.
Enpresa ikasketak eginda, aginduak bete ondoren, agintzen hastea da orain asmoa?
[Barrez] Ez, ez. Asko daukat ikasteko oraindik. Gustura aritu nintzen enpresa batean lanean, nahiz eta kontratua amaitu zitzaidan gero. Irakasle izateko titulua ere aterata daukat, eta ikusiko dugu. Ez dakit zer egingo dudan.
Ermuarra jaiotzez, baina 8-9 urte Zarautzen daramatzana dagoeneko. Erdi bizkaitarra eta erdi gipuzkoarra zara jada.
Izatez, bizkaitarra naiz. Han jaiotakoa naiz. Baina kirol arloan gipuzkoarra ere banaiz. Hemen bizi izan ditut nire kirol ibilbideko momenturik garrantzitsuenak, eta Gipuzkoa kirol arloan antolatuta dagoen moduak aurrera egiteko erraztasunak eman dizkio Bera Beraren gisako talde bati. Eskertzekoa da. Ermuarra naiz jaiotzez, donostiarra ere bai zati batean, eta zarauztarra ere bai, noski.
Noiz esan zenuen etxean eskubaloi jokalari izan nahi zenuela?
Ez daukat gogoan... Ermuko eskubaloi taldean jokatzen nuen orduan, eta gurasoek bazekiten asko gustatzen zitzaidala. Euskal selekzioarekin hasi ginen gero, Espainiakoarekin ere bai, eta euskal selekzioarekin nengoen batean Bera Berako orduko presidentea etorri zen nirekin eta gurasoekin hitz egitera. 17 urte neuzkan artean, baina oso aukera polita zen. Bera Berara jokatzera etorri, etxe batean bizi, diru pixka bat irabazi, Donostian unibertsitatera joan... Ezinezkoa da horri ezetz esatea. Garai hartako Bera Bera ez zen egungo Bera Bera. Komunikabideetan ez zen hainbeste agertzen, sare sozialik ez zegoen, telebistan Elgorriaga Bidasoa eta Portland San Antonio bakarrik ikusten genituen... Gogoan daukat Bidebieta ere agertzen zela noizean behin, baina erreferentzia argirik ez geneukan.
Ohorezko mailako taldearekin entrenatuz eta bigarren taldearekin jokatuz hasi zinen.
Hala da, bai. Bigarren taldean jokatzen genuen iritsi ginen gazte guztiok, baina lehen taldearekin ere entrenatzen ginen. Asko entrenatzen ginen, izugarri. Unibertsitatea, etxekideak, lagunak... Oroitzapen onak dauzkat.
Gauzak zer diren: belauneko lesio larria izan zenuen iritsi eta berehala, eta antzera amaitu duzu kirol ibilbidea.
Belauneko lotailu gurutzatuak hautsi nituen iritsi nintzenean, eta meniskoa aurten. Gogorra da sei hilabete jokatu gabe egotea, baina hala gertatu da, eta ez dago besterik. Ea azken lesioa den.
Hamasei denboraldi Bera Beran, eta hamabost lehen taldean. Ligak irabazi, Europan jokatu... Begiratzen diezu datu horiei?
Begiratu gabe ere badakit hamabost urte igaro ditudala hemen, eta oso gustura egon naizen seinale da hori.
Tituluekin gozo-gozo zabiltzate azken urteotan, baina erabat bestelakoa zen Bera Bera orain dela 10-15 urte.
Bai, baina azken hamabost urteotan behin bakarrik gelditu gara Europatik kanpo. Uste dut Bera Berari ez zaiola ematen daukan meriturik; Euskal Herrian ez dut uste beste talderik dagoenik azken hamalau denboraldietan Europan egon denik. Klubak dauzkan baliabideekin hori lortzea... Itxakok hiru urte harrigarri eduki zituen, bai, baina horretan ere oso bestelakoak dira bi proiektuak.
Hamalau titulurekin zoaz etxera. Eskatuz gero, asmatuko al zenuke denak zerrendatzen?
Bai, bai. Lau liga, bost Kopa, eta hiru Superkopa, ezta? Ez, ez; bost Superkopa!
Bat aukeratzen hasiz gero, 2007ko Kopara joango zara ziurrenik, ezta? 25-22 irabazi zenuten Ribarrojaren aurka.
Oso berezia izan zen Kopa hura, lehenengoa zelako eta ez genuelako espero irabazterik. Ondorengo urteetarako bidea zabaldu zigun titulu hark; «hemen gaude» esateko balio izan zigun. Jendeak ezagutu egin gintuen, eta klubean dirua sartzen hasi zen. Titulu gehiago iritsi ziren atzetik, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izan genuen Donostian...
Txapeldunen Liga jokatu bai, baina, diru arazoak tarteko, bi urtez jarraian uko egin behar izan zenioten gero. Nola bizi izan zenuten?
Oso mingarria izan zen. Amorrua ematen du, baina ohitu egin gara; errealistak izaten ikasi dugu. Klubak ez dauka hainbesteko baliabiderik, baina EHF kopa ere lehiaketa polita da Bera Berarentzat.
Zuek Txapeldunen Ligari uko egin beharrean, eta Anoeta berritzeko milioi euro askoko gastua egiteko prest.
Betiko kontua da hori, eta amorrua ematen du. Baina diru hori nola erakar dezakegun hausnartu beharko genuke. Ez dut uste diru laguntza publikoei helduta bakarrik bizi behar dugunik. Jendea eta diru pribatua erakarri behar da. Lortu dugu komunikabideetan toki bat egitea, eta Bera Beraren irudia beste gauza batzuetarako erabil daitekeela uste dut. Hor egongo da gakoa. Baina, noski, ligak irabazten jarraitu beharko dugu horretarako.
Zer falta izan zaizu?
Denboraldi batean finalerdietaraino iritsi ginen Europan, eta beti pentsatu izan dut Bera Berak beste pauso bat emateko gaitasuna badaukala hor. Aukera eduki dugu, eta pauso txiki bat falta izan zaigu. Eta, noski, beti da gustagarria Europako edo Munduko Txapelketa bat edo Olinpiar Jokoak jokatzea. Jokatu gabe joango naiz, baina lor nezakeen gehiena lortu dut neure taldearekin, eta hori izango dut gogoan.
Bitxia da, baina, nolabait esatearren, Eli Pinedok itxi dizu txapelketa horien atea.
Ez... Gauza batzuk ez dira egoten norberaren esku, eta ezin da ezer egin. Lagun handiak gara Eli eta biok, eta postu berean ibili gara lehian. Baina lehiakortasun horrek mesede egin digu bioi, jokalari gisa gora egiteko eta fisikoki ondo mantentzeko.
Beste denboraldi batez jarraitzeko asmoa dauka Eli Pinedok. Gehitxo izango zen sasoi berean lau hutsune izatea, ezta? [Bea Fernandezek eta Tania Yañezek ere utzi egingo dute taldea].
Tira... Hiruk utziko dugu, eta proiektu berriak denbora beharko du egokitzeko. Baina taldea oso ondo ikusten dut; eginda dago. Defentsako bi oinarri garrantzitsu galdu genituen joan den denboraldian, eta asko kosta zitzaigun hasieran. Baina oso ondo egokitu gara. Bera Berak oso jokalari onak eduki izan ditu beti; hutsuneei ondo erantzun izan die.
Inoiz ez duzu eduki tentaziorik Europako beste talderen batera joateko? Eskaintzarik ez zitzaizun faltako...
Eduki izan ditut aukerak, eta urteren batzuetan eduki nuen gogoa beste ligaren bat ezagutzeko, kirol arloagatik eta esperientziagatik. Baina nola ez nuen jokatu nahiko Txapeldunen Liga etxeko taldearekin? Eta nola ez nuen irabazi nahiko liga bat Bera Berarekin? Eta... Nire etxea izan da klub hau.
Kapitain eta ikur bihurtu zara zu, gazteenen eredu, baina zu ere markatuko zintuen taldekideren batek, ezta?
Bai, bai. Amaia Ugartemendiak, adibidez, asko irakatsi zigun guri defentsako lanean. 18 urte geneuzkan guk, eta Espainiako defentsarik onenetakoa zen bera. Edonor ausartzen zen haren aurrean jokaldi bat egiten! Esme Lopez, Tati Garmendia, Eider Rubio... Pazientzia handia eduki zuten gurekin.
Eskubaloitik bizitzerik lortu al duzu?
Bai; zorionez, bai. Nahiz eta gaur egun oso zaila den hori. Txarra da egoera, eta adinean aurrera egin ahala bizitza proiektua bera ere aldatu egiten da. Baina, bai, eskubaloitik bizi ahal izan naiz, eta pribilegiatu sentitzen naiz. Eskertzekoa da aurretik jende askok egin duen lana, guk, adibidez, hasieratik eduki izan dugulako Gizarte Segurantza.
Zergatik jarraitzen du gizonezkoen eta emakumezkoen eliteko kirolak mutur banatan?
Hitz asko daudelako, baina ekintzak falta direlako. Gizartean gertatzen den antzeko zerbait gertatzen da kirol munduan ere. Berdintasunaz hitz egiten da gizartean, baina oraindik ez da lortu. Argi daukat Gipuzkoan guk adina gauza egin eta lortu duen gizonezkoen eskubaloi talde batek kapital pribatua erakarriko zuela eta bazkide gehiago izango zituela. Baina guri ere badagokigu zer egin dezakegun hausnartzea.
Matxalen Ziarsolo. Bera Berako kapitaina
«Eskubaloitik bizi ahal izan naiz, eta pribilegiatu sentitzen naiz»
Belauneko lesioa ahaztuta, azken bi partidak jokatuz hartu du erretiroa ermuarrak, eta bakean gelditu da bere buruarekin. Bera Beraren ikur bihurtu ondoren, oso gogotsu dago beste erronka batzuei heltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu