ESKUBALOIA. ASOBAL LIGAREN HASIERA. Eusten, eta ez da gutxi

Amaya San Antoniok eta Arratek gaur ekingo diote Asobal ligari, Valladoliden eta Alcobendasen. Bi euskal taldeek diru arazoak atzean utzi ezinik jarraitzen dute, eta horrek zail egiten du mailari eustea ez den beste helburuetan pentsa dezatela.

Julen Etxeberria.
2010eko irailaren 11
00:00
Entzun
San Antonio eta Arrate joan zen denboraldian jabetu ziren oso zaila izango zela ordu arte egindakoa hobetzea. Beste erremediorik ez zuten izan, krisiak gogor jo baitzituen biak, eta koska bat jaitsarazi. Urtebete joan da ordutik, eta egoerak ez du hobera egin. San Antoniok babesle berria du, Amaya, baina haren diru laguntza ezer gutxi da Portlandek ematen zuenarekin. Arratek, berriz, diru arazo larriak ditu. Azken finean, diru eskasiari irtenbide eman ezinik jarraitzen dute biek, eta horrek ondorio zuzena izan du taldeen egituraketan. Biek galdu dituzte jokalari garrantzitsuak, eta biei ez zaie hutsune horiek jokalari ezezagunekin fitxatzea beste aukerarik geratu. Lehiaketak kontrakoa esan dezake gero, baina, hasiera batean, iragan sasoian baino koska bat beherago daude. Horregatik, ez da harritzekoa bi taldeetako entrenatzaileek mailari eustea besterik ez izatea buruan.

Antz gutxi izango dute San Antoniok eta Arratek iragan denboraldia seigarren eta hamahirugarren postuan amaitu zuten taldeekin. Jokalarien erdia baino gehiago dira berriak. Iruñeko taldean, bederatzi jokalarik utzi dute kluba: Jon Belaustegik, Davor Dominikovicek, Carlos Ruesgak, Fernando Hernandezek, Malik Besirevicek, Cristian Malmagrok, Mariusz Jurkiewiczek, Ratko Nikolicek eta Ivan Nikcevicek. Azken finean, bizkarrezurra ezerezean geratu da. Iazko udan hasi zen odolustearen azken atala da. Orduan ere pisu handiko jokalariek utzi zuten taldea: Juantxo Perezek, Kristian Kjellingek, Tomas Svenssonek, Renato Vugrinecek, Claus Jakobsenek, Lars Jorgensenek eta Danjel Saricek, besteak beste. Horren ondorioa:San Antonio, Txapeldunen Liga irabazteko borrokan zebilena, mailari eustea helburu duen talde bat izatea orain, urtebete eskas geroago.

Sei jokalari iritsi dira Iruñera: Herdeiro Lucao atezain suediarra, Vasko Sevaljevic ezker alboko montenegroarra, David Rasic ezker alboko serbiarra, Javier Borragan eskuin alboko espainiarra, Javier Humet eskuin alboko kataluniarra eta Ibai Meoki erdiko doneztebearra. Aurreneko hirurak fitxatutakoak dira. Beste hirurak, harrobitik eta Anaitasunetik igotako gazteak. Fitxatutakotzat har daiteke Radivoje Ristanovic atezain serbiarra ere, Ademarrek utzita aritu baitzen iragan denboraldian San Antonion, eta sasoi honetan Iruñeko taldeak fitxatu baitu. Fitxaketen zerrendari erreparatuta, argi dago ez dagoela punta-puntako jokalaririk. Eskubaloian izena egin nahi duten jokalari gazteak dira guztiak. Beraz, ikusteko dago zenbateraino sumatuko duten eskarmentu falta Asobal liga indartsuan.

Hori gutxi balitz bezala, Asobal ligan eskarmenturik ez duen entrenatzaile bat eseriko da San Antonioren aulkian: Juanto Apezetxea donostiarra, Itxakoko eta Anaitasunako entrenatzaile ohia. Ilusioz hartu du erronka, baina galtzak bete lan izango duela jakitun. Hasteko, talde bat eraiki behar du, eta azkar; lehiaketa ate joka dago. Gaur ligari ekingo dio Valladolid indartsuaren pistan (20:00). Azaroan, berriz, Europako Errekopako bidea hasiko du, Doukas Greziako taldearen aurka.

Eskarmentu falta

San Antoniok bezala, Arratek ere goitik behera aldatu du taldea. Gehiago dira joan direnak geratu direnak baino. Ez daude jada taldean Toro Szabolcs, Marc Garcia, Ivica Obrvan, Javier Arroyo, Unai Ibaibarriaga, Iker Serrano, Gorka Garate eta Dalibor Cutura. Zortzi dira, berriz, klubak egindako fitxaketak. Horien artean bi multzo egin daitezke. Batetik, atzerritarrak: Konstantin Kurilenko ezker alboko ukrainarra, Ivan Sever pibot kroaziarra, Igor Petritxev erdiko moldaviarra, Tamas Szabo erdiko hungariarra eta Francisco Javier Peña eskuin alboko espainiarra; eta, bestetik, harrobitik igotako gazteak: Iker Romero ezker hegalekoa, Mikel Arrieta ezker albokoa eta Jon Altzaga eskuin hegalekoa. Zortzi jokalariok gauza bakarra dute komunean: ez dute inoiz jokatu Asobal ligan.

Eskarmentu gutxiko jokalariekin lan egitea, halere, ez zaio arrotza egingo Julian Ruizi. Arrateko entrenatzailea ohituta dago eskarmentu gutxiko taldeei zukua atera behar izatera. Iragan sasoian egin zuen -orain bi urte eskarmentu handiko jokalariak zituen-, eta sasoi honetan gauza bera egin nahi du. Eibartarrek gaur dute lehen azterketa, haien antzeko maila duen talde baten pistan: Alcobendas (18:00). Azkenik, ligaz bi hitz. Ciudad Real eta Bartzelona direla berriz faborito.



Julian Ruiz.Arrateko entrenatzailea

«Diru arazo larriak ditugu, eta burua ez dugu izan behar dugun tokian»

J. E.

Oso kezkatuta antzematen zaio Julian Ruizi (Santander, Espainia, 1960). Gaur hasiko den denboraldian izan nahi du soilik burua, baina ezin du. Izan ere, sasoia ez da hasi, eta jada arazoak dituzte soldatak kobratzeko.

Denboraldia ez da hasi, eta jada diru arazoekin bueltaka. Ez da hasteko modu onena.

Bada ez. Diru arazoei irtenbide eman ezinik jarraitzen du zuzendaritzak. Denbora eskatu digute, baina ez da sasoia hasteko modua. Eta horrek argi dago eragin zuzena duela taldean.

Zer moduz daude jokalariak?

Kezkatuta, noski. Saiatzen ari dira diruarekin zerikusia duten arazoak bazter batean utzi eta lehiaketan buru-belarri jartzen, baina argi dago oso zaila dela. Ezin diet ezer aurpegiratu. Aitzitik, egiten ari diren ahalegina eskertu besterik ezin dut egin.

Urteak daramazkizue horrela.Aurreko bietan nola edo hala eutsi diozue, baina argi dago egoerak egunen batean eztanda egin dezakeela.

Horrela jarraituz gero, ia ezinezkoa izango da eustea.

Horrela zaila da Asobal liga, hain lehiaketa zorrotza, prestatzea.

Bai, baina ez dugu beste erremediorik. Bestela, erotu egin gaitezke, egun guztia horri bueltak eta bueltak emanez. Aurrera egin behar dugu nola edo hala.

Diru arazoek eragina izan dute. Ez da kasualitatea hainbeste aldaketa.

Ez. Taldea berria da kasik. Gainera, Cutura ez dago, funtsezko jokalaria. Hori gutxi balitz bezala, haren ordezkoa, Petritxev, min hartuta dago.

Jokalari berriak ondo egokitu dira?

Tira, horretan ari dira. Atzerritarrek hizkuntzaren arazoa dute.Harrobitik igotako gazteak, berriz, jauzia sumatzen ari dira. Oraingoz gehiago ari dira sufritzen gozatzen baino.

Zer-nolako taldea nahi duzu?

Talde serioa, defentsan ondo aritzen dena. Ziurrenik defentsan egin dugu lanik onena orain arte. Erasoan asko hitz egin behar da, eta hor hizkuntzaren muga dugu.

Helburua argi dago: mailari eustea.

Mailari eustearekin, konforme ginateke. Ez da erraza izango, diru arazoak direla eta, ez gaudelako beste taldeen egoera berean. Gainera, lehia handia izango da mailari eusteko. Sei-zazpi talde ariko gara borroka horretan. Goian, ordea, bi talde bakarrik ariko dira: Bartzelona eta Ciudad Real.

Alcobendas da lehen aurkaria gaur.

Bai. Aurkari zuzena izateaz gain, une txarrean datorkigu. Lehen esan bezala, diru arazo larriak ditugu, eta ez dugu burua izan behar dugun tokian.





Juanto Apezetxea.Amaya San Antonioko entrenatzailea

«Ezin dugu geure burua engainatu: asko jaitsi da taldearen maila»

J. Etxeberria.

Estreinako sasoia du Juanto Apezetxeak (Donostia, 1968) San Antonion eta Asobal ligan. Horrek, baina, ez dio soberan kezkatzen. «Prest» ikusten du bere burua behar berrirako, «konfiantzaz».

Gaur ekingo diozue Asobal ligari. Zer moduz joan da prestaketa lana?

Nahiko ongi. Hasiera zaila izan zen, dena zen berria, eta nahasmena zen nagusi. Baina egunek aurrera egin ahala, koordinazio falta hori konpontzen joan ginen, eta azkenaldian gero eta hobeto ari gara.

Iragan sasoiko taldeak eta sasoi honetakoak antz gutxi dute. Ustez, talde okerragoa da egungo San Antonio.

Hori argi dago. Ezin dugu geure burua engainatu, asko jaitsi da taldearen maila. Horregatik argi dugu ere mailari eustea izan behar duela denboraldi honetako helburu nagusia.

Eskura ikusten duzu helburu hori?

Bai, baina gogor borrokatu beharko dugu. Sagunt, Guadalajara, Torrevella, Arrate, Antequera... talde asko ariko gara mailari eutsi nahian.

Zeintzuk dira taldearen dohainak eta gabeziak?

Kalitatea handia dugu, eta hazteko grina, gosea. Aldiz, eskarmentua falta zaigu, eta erregulartasuna. Ez da harritzekoa, ligako talderik gazteena baikara. Indarra eta pisua ere ez daukagu saltzeko.

Jokalari batzuek ez ezik, zuk ere ez duzu eskarmenturik Asobal ligan.

Hala da, baina ez dut uste horrek garrantzia duenik. Nik uste dut zailagoa dela Asobal ligatik Ohorezko B Mailara pasatzea, kontrako bidea egitea baino. Gainera, Asobaleko jokalari gehienak ezagutzen ditut, taldeko jokalari askorekin egin dut lan, eta egin ditugun fitxaketa guztiak Alvarok [Alvaro Jauregi kirol zuzendaria] eta biok adostutakoak izan dira.

Nola ikusten duzu liga?

Goian Ciudad Real eta Bartzelona ariko dira, eta haietatik oso gertu Valladolid. Gero, bigarren multzo batean, Ademar, CAI, Logroño, Granollers eta Cuenca. Eta gero beste guztiok.

Europako Errekopan ariko zarete ere. Zein helburu duzue hor?

Kanporaketa pare bat gainditzearekin konformatuko ginateke. Oparitxo bat bezala hartzen dugu Europan aritzea, ari dugu ligan izan behar dugula burua.

Diru arazoak konponduta daude?

Zuzendaritza berri bat dago, eta egunez ordainduko digutela agindu digute. Ea hala den.

Eta gaur, Valladolid.

Oso aurkari zaila da, gu baino koska batzuk gorago dago. Irabaztera goaz, baina badakigu ere astindua jaso dezakegula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.