Eskuak baietz, buruak?

Ezker eskuak hobera egin dio Xalari, eta prest dago etzi Irujoren aurka jokatzeko.Bengoetxea VI.a eta Artola gustura gelditu dira pilotekin

Xala pilota astintzen, atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Lehen erdi dotorea egin zuen Yves Salaberri Xala-k joan den igandean, Julen Retegiren aurka, baina goitik behera egin zuen gero. Ezetz esan zion ezker eskuak, ezin zuela egurrean jarraitu; ezetz esan zion hauspoak, erritmoari ezin ziola eutsi; eta ezetz esan zion buruak, partida hautsita zegoela eta ezinezkoa zela emaitza iraultzea (12-22). Eskuarekin eta fisikoarekin batera, Xalari buruak ere herren egin zion lau t'erdiko txapelketako lehen jardunaldian. Lapurtarrak zalantza dezenterekin amaitu zuen partida, baina erabat baikor hitz egin zuen atzo, etzi Iruñeko Labrit pilotalekuan Juan Martinez de Irujoren aurka jokatu beharreko partidarako pilotak aukeratzen hasi aurretik.

«Ezker eskuak hobera egin du, eta Juanen [Martinez de Irujo] aurka jokatzeko moduan nago». Jokoan hobera egiteko helburuarekin neurri batzuk hartuko ditu lapurtarrak. «Tako gutxiago jarriko dut eskuan, pilota hobeto kontrolatu ahal izateko. Ez dut nahi egunotakoa gertatzerik; gehiegi babestu dut ingurua». Retegi Biren aurka galdu zuen Xalak lehen jardunaldian, eta Mikel Urrutikoetxearen aurka Irujok (22-18). Bi porrot horiek hil edo bizikoa bihurtu dute etziko partida, ligaxkako bigarrena. «Arriskatu beharra daukat azken partidara aukerekin iritsi nahi badut», hasi zuen azalpena Xalak. «Pilota paretara arrimatuta sakatzen saiatuko naiz, eta partidari erritmoa jartzen. Hori bai, aukera daukadan bakoitzean ezingo dut pentsatu bi aldiz. Arriskatu beharra daukat».

Irujoren hitzetan, «aurkari arriskutsua» da Xala. «Julenen [Retegi] aurka behera egin zuen bigarren zatian, baina ezin naiz fidatu. Kontzentrazioari eutsi beharko diot». Hain zuzen ere, hortxe egin zuen huts joan den larunbatean: kontzentrazioan. «Pena sentitzen dut, oraindik, larunbateko partida nola galdu nuen pentsatzen hasten naizenean». Baina nafarrak badaki atzera begira egoteak ez diola lagunduko parean daukan erronkari aurre egiten. «Ez da egoera honetan nagoen lehen aldia. Bi partidak irabazi, beste aukerarik ez daukat, nahiz eta badakidan oso erronka zaila izango dela».

Pilotei dagokienez, 104,9 eta 104,2 gramokoak aukeratu zituen Xalak, arin samarrak; eta 105,9 gramoko bi Irujok, mugitzen zailagoak eta pisutsuagoak.

Giro onean Tolosan

Oinatz Bengoetxeak eta Iñaki Artolak, berriz, inolako arazorik gabe aukeratu zituzten biharko partidarako pilotak. 105,2 eta 105 gramokoak baztertu zituen leitzarrak, eta 105,5 gramoko bi alegiarrak. Behar gorrian iritsiko dira biak ligaxkako bigarren partidara, Bengoetxea batez ere. Aimar Olaizolak astindu handia eman zion joan den larunbatean (22-5), eta lanak izango ditu tanto aldea txukuntzeko. Artolak, berriz, 22-14 galdu zuen Jokin Altunaren aurka, eta irabazi beste erremediorik ez dauka hark ere azken jardunaldira bizi-bizirik iristeko. Bestalde, 20:00etan ez, 19:30ean hasiko da biharko jaialdia, eta bigarren partida izango da Bengoetxearen eta Artolaren artekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.