Esku hutsik itzuli da etxera Alaves, beste behin. 2-0 galdu dute arabarrek Vallecasen, Rayoren aurka. Partida parekatua izan da, baina etxekoek penaltiz egindako gol bati esker aurreratu dira. Epaileak ez du zalantzarik izan 11 metroak ebazterako orduan, baina zalantzazko jokaldia zen, gutxienez. Alaves ahalegindu da berdinketaren gola egiten, baina ez du aukera argiegirik sortzea ere lortu. Horrekin nahikoa ez, eta partidaren hondarrean bigarrena egin du etxeko taldeak. Kontraeraso bizkorra egin dute Francisco Rodriguezenek, eta Jorge De Frutosek ez du barkatu area barruan. Alavesek etxetik kanpo jokatu duen hirugarren partida izan da, eta ez du punturik eskuratu. Hiru partidak galdu ditu, Cadizen, Getafen eta Vallecasen.
Lehen zatia orekatua izan da. Luis Garcia Plazak ohituak ditu zaleak etxean modu batean jokatzera, eta etxetik kanpo beste batera. Horrela aritu dira, gaur ere, babazorroak. Defentsako lanean sendo aritzera irten dira arabarrak, lerro artean toki gutxi utzi, eta elkarri laguntzeko prestutasunez. Ez da erraza Rayo bezalako talde bati aukerak egitea galaraztea, baina oso aukera gutxiko lehen zatia ikusi dute zaleek. babazorroak ahalegindu dira baloiak lapurtzerakoan hegaletatik min egiten, baina Luis Riojak zein Alex Solak lan zaila izan dute Ivan Balliurekin eta Pacha Espinorekin. Rayo kanpoko jaurtiketekin ahalegindu da, baina 40. minutura arte ez zaio iritsi saririk. Alvaro Garcia area barruan sartu da, eta Solak penaltia egin dio epailearen iritziz. Donostiarrak ezin zuen sinetsi penaltia adierazi izana. Isik hartu du erantzukizuna, eta ez du barkatu. 1-0ekoarekin joan da neurketa atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta berehala euri jasa bortitza izan da Vallecasen, eta partidak bizitasun gehiago izan du. Jokaldi bizi horietako batean gertu izan du gola Kike Perezek, baina haren jaurtiketa modu ikusgarrian atera du hankarekin Antonio Sivera babazorroen atezainak. Ikustekoa. Baina minutuak aurrera joan ahala baloia bereganatu du Alavesek, eta pixkanaka-pixkanaka bere zelaian sartu ditu etxekoak. Ahalegindu dira hegaletatik min egiten, Riojarekin batez ere, baina Aridane eta Florian Lejeunek partida itzela egin dute. Ia erdiraketa guztiak atera dituzte erdiko atzelariek. Alavesek, baina berean jarraitu du, eta gola iritsi zitekeela uste zutenean iritsi da Rayoren bigarrena. Kontraeraso azkara egin dute; Raul De Tomasek gidatu, Alvaro Garciak erdiratu, eta De Frutosek sareetara bidali du baloia. 2-0 83. minutuan. Hor amaitu da partida.
Gaur zortzi izango du Alavesek hiru puntuen bidera itzultzeko hurrengo aukera. Derbia izango da datorren ostiralean Mendizorrotzan. Athleticen bisita jasoko dute arabarrek. Orain arte, etxetik kanpo ez bezala, Mendizorrotzan jokatu dituen bi partidak irabazi ditu Garcia Plazaren taldeak. Sevillaren aurka lehenengo jardunaldian, eta Valentziaren aurka hirugarrenean. Astebete daukate partida prestatzeko.