Nafarroako softbolak bere historian bigarren aldiz talde bat izan dezake Espainiako Ohorezko Mailan. 1990ean Burlatako (Nafarroa) Arga taldea aritu zen maila horretan, eta Izaga taldeak agian izango du aukera orain. Agian, ez baita erabat ziurra maila nagusian jokatzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzeko gai izango denik.
Irabia-Izaga eskola Cordovillan (Galar zendea, Nafarroa) dago, Iruñea eta Ezkirotzartean. Eskolaz kanpoko ekintzatik sortu zen egungo Izaga taldea. «Beisbolak tradizio handia zuen eskolan, eta 2016an bide eman zitzaion emakumezkoen talde bat sortzeko eskariari. Orain 60 neska dauzkagu taldean», esan du Arantxa Ibero (Burlata, Nafarroa, 1972) Izaga klubeko koordinatzaileak. Arga taldeko jokalaria izan zen 1990eko hamarkadan. «Estatu mailan, harrobian jokalari gehien dituen taldea gara. Zailena goiko taldea kudeatzea da. Asmoa igotzea da, baina ez dakit zenbat kostatuko zaigun».
Nafarroako Unibertsitateko hareazko errugbi zelaian entrenatzen du taldeak, eta Irabiaren eskubaloi zelaian jokatu. Hori, halabeharrez, aldatu egin beharko da, maila nagusian jokatzeko ezinbesteko baldintza baita softboleko zelai homologatua izatea. Bere multzoko txapeldun izan ostean, joan den abuztuan Gijonen (Espainia) lortu zuen igotzea Izagak. Martxoan hasiko da Ohorezko Mailako denboraldia, eta Zizurren (Nafarroa) egin asmo den softboleko zelaiaren zain dago taldea. «Nafarroako eskubaloi federazioak aspaldi eskatu zuen zelai hori egitea. Bada, gure igoera aprobetxatuta, badirudi egoera desblokeatu egin dela, eta egitasmoa aurrera doala. Ez da guretzako zelaia, Nafarroarentzako zelaia da. Funtsezkoa izan daiteke softbolaren bilakaeran. Hori bai, zelaia ez bada egiten, Ohorezko Mailan jokatzeari uko egin beharko diogu». Dena den, martxorako zelaia amaituta ez balego, orduan bai, denboraldia beste nonbait abiatu eta Zizurko zelaian amaitzeko aukera izango luke Izagak.
Liga hasi bitartean, han eta hemen txapelketak jokatzen ari da Izaga maila ezberdinetan. «Adin guztietako jokalariak ditugu. Gazteak ia denak. Eskolako ikasleak dira gehienak, baina, jada klub bat ere bagarenez, badira beste eskola batzuetatik etortzen diren jokalariak. Jokalarien %25 izango da Izaga eskolaz kanpokoa. Jokalarien profilari dagokionez, kirol ezagunenak, saskibaloia edo futbola adibidez, gustuko ez dituzten baina kirola egin nahi duten neskak izan ohi dira. Gainera, kirol oso plurala denez, gaitasun eta fisiko oso ezberdineko neskak aritzen dira», azpimarratu du Iberok.
Izaga Ohorezko Mailara igotzearekin batera, Zizurren softbol zelaia egitea Nafarroan kirol hori «egonkortzeko» gakoa izango dela uste du Izagako koordinatzaileak. «Gure igoerak jende gehiago erakar dezake kirol honetara. Arga taldeak ere igoera lortzeko helburua du». Talde oso gaztea du Izagak, eta erronka handia izango da Ohorezko Mailan lehiatzea. «Esperientzia lortzeko baliatu behar dugu lehen urte hau, eta ea mailari eusten diogun. Dedikazio handiagoa eskatuko digu, baina badugu maila emateko gaitasuna. Exijentzia handiagoa izango da, orain arte gure artean baino ez dugulako jokatu».
Aurrekontua osatuz
Zelai homologatua ez ezik, aurrekontu sendoa beharko du Izagak. «Fitxaketarik egin gabe, 50.000 eta 70.000 euroren artean egon liteke. Ligan hamabi talde daude, bidaia asko dira, eta material berri asko erosi beharko dugu», azaldu du Iberok. Orain arte ez dute aurrekonturik izan. «Jokalarien kuotetatik jasotako diruaz gain, txapelketa batzuetara joateagatik ere diru laguntza ematen zigun Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak. Bestela, beharrezkoa zenean, jokalarien euren poltsikotik jarri behar izan dute». Talde teknikoa eta klubeko ordezkariak musu truk ari dira. «Kirol honetan, edo dena ematen duzu, edo hil egiten zara. Esfortzu handia egin behar dugu, guretzat dena berria baita».
Babesleen bila ari da kluba, eta abenduan jakingo da nolako diru laguntza jasotzen duen Nafarroako Gobernuaren erakundeen partetik. «Diru kopuru bat dago, eta dauden taldeen arabera banatzen da. Horrez gain, familiekin ere hitz egiten ari gara, jakin dezaten igoera honek zer esan nahi duen: jada ez gara eskolaz kanpoko ekintza soil bat, talde serio bat baizik».
Denbora gutxian «espero gabeko arrakasta handia» izan du taldeak, eta duten «ametsa» betetzeagatik gogor borrokatuko dira. «Baikor gara, baina dena ez dago gure esku. Ez dugu tradiziorik, historiarik edo aurrezkirik, baina harrobi bikaina dugu, eta ilusio handia. Zelaia izatearena ez dago gure esku soilik, baina badirudi egitasmoa aurrera doala. Uste dut lortuko dugula Ohorezko Mailan jokatzea», nabarmendu du Iberok.
Izaga softbol taldea
Eskolatik gorengo mailara
Martxotik aurrera Espainiako Ohorezko Mailan arituko da Izaga taldea, baldin eta Nafarroan softboleko zelai homologatu bat egiten bada. 2016an Izaga ikastetxeko eskolaz kanpoko ekintza gisa hasi zen, eta egun 60 neskatik gora ditu taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu