Jon Mariezkurrenaz gain, Iosu Eskiroz ere (Makirriain, Nafarroa, 1998) itzuli da profesionaletara. Enpresen Ligak urtea amaitu aurretik egin behar zion eskaintza.Baikok egin zion, bi urte eta erdikoa, eta onartu egin zuen. «Oso pozik nago itzuli naizelako. Denbora asko pasatu da, eta gorabehera handiak izan ditut: lehen hilabetean oso gaizki pasatu nuen; gero, pilotari taldearen lanari esker, animatuz joan nintzen, eta argi izpiak ikusten hasi. Azkenean, akordioa lortu zen, eta oso pozik hartu genuen berriro aukera bat izatea. Baita gero Baikok niri eskaintza bat egitea ere. Sinatu eta berehala, lankideei deitu nien, eta denek esan zidaten izugarri pozten zirela nigatik. Asko zor diet. Argi dut itzuli banaiz lankideen borrokari esker itzuli naizela. Agerian geratu da erabaki injustu baten aurrean batuta jokatuz gero gauzak lor daitezkeela». Adibidez, entrenamendu sistema aldatu dute. «Orain, etxetik gertu entrenatzen naiz, Ororbian [Nafarroa]. Lehen, Beasainen [Gipuzkoa] entrenatu beharra genuen.
Promozio Mailako binakakoan ari da, Iker Larrazabal aurrelariarekin. Aurreneko partida jokatu zuten Urteberri Egunean, eta 22-17 irabazi zieten Axier Arteagari eta Iker Elizegiri. Nahiz eta afizionatuekin alderatuta aldaketa nabaritu —Burlatako (Nafarroa) Zugarralderekin aritu da—, «nahiko ondo» ikusi zuen bere burua. «Hasieran, pixka bat urduri nengoen, baina, tantoek aurrera egin ahala, gero eta gusturago aritu nintzen. Ikerrek ere lagundu zidan. Ahal handiko aurrelaria da». «Partidaz partida» joan nahi du, eta «itzuleraz gozatu».
Eskiroz: «Argi dut itzuli banaiz lankideen borrokari esker itzuli naizela»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu