Jon Santacana. Eskiatzailea

«Eskien gainean dena ahazten zait»

Geldirik dago eskiatzaile paralinpiarra, bere gidariak, Miguel Galindok, belauneko lesio bat duelako. Lesioak baldintzatuko ditu denboraldia eta etorkizuna.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Getxo
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Eski denboraldian bete-betean sartuta egon behar zuen orain Jon Santacana eskiatzaile paralinpiarrak (Donostia, 1980), baina bere gidariaren lesio batek geldirik egotera behartu du. Izan ere, Santacanak Stargardten gaixotasuna du, ikusmeneko gaitz genetiko bat, eta ikusmenaren %5 baino ez du. Guztira bederatzi domina irabazi ditu neguko Paralinpiar Jokoetan, 2002ko Salt Lake Citykoetan hasi (AEB) eta iazko Pyeongchangekoetara (Hego Korea): urrezko hiru, zilarrezko bi eta brontzezko lau. Hala ere, azkenaldian, erretiroari bueltak ematen ari da.

Orain artean, nola doa aurtengo denboraldia?

Iazko Olinpiar Jokoen ondoren, ohi baino beranduago hasi ginen aurtengo denboraldia prestatzen. Espainiako federazioan aldaketa batzuk egin zituzten, entrenatzaileenak gehienbat. Uztailean hasi beharrean, irailean hasi ginen. Berandu hasi arren, ondo joan da, jarraipena izan baitugu. Aste bat Suitzan pasatzen genuen, eta bestea etxean. Dena ondo atera da, eta denboraldi-aurrean egun batean bakarrik egon gara geldirik.

Dena ondo zihoan, Miguel Galindok, zure gidariak, urrian ezbeharra izan zuen arte.

Bai, hala da. Jaitsiera bat egiten ari ginela, Miguelek mina sentitu zuen belaunean. Aspalditik ditu arazoak belaunekin. Meniskoa hautsia zuela konturatu ziren. Hiru urte ziren ez ziotela begiratzen, eta azken urteetan okerrera egin dio belaunak.

Hori da bikoteka ibiltzearen nahigabea.

Bai, betiere baldintzatuta gaude: batak bestea baldintzatzen du.

Zuk ere ez duzu zorte handirik izan lesioekin zure ibilbidean.

Oso zorte txikia izan dut nire ibilbide guztian. Lesio larriak izan ditut; lehenik, Turineko Olinpiar Jokoetan, eta, gero, Sotxikoetan ere bai.

Azkenaldian sari berezi batzuk eman dizkizute, zure ibilbidea sarituz. Erretiroaren usaina al dute?

Ez dut uste horregatik izan direnik, baina aspalditik buruan dudan zerbait da. Normala da. Zikloak amaituz joaten dira. Bizitza eman dut eskiarengatik, dudan guztia, eta orain oso zaila da dena albo batera uztea. Gutxinaka egin behar den prozesua da, eta, azken Olinpiar Jokoak amaituta, bagenekien berriro ere ez ginela itzuliko beste batzuetara. Erokeria litzateke lau urteko beste ziklo bat hastea. Miguelek eta biok hartutako erabakia da.

Noiz hartu zenuten erabakia?

Azken Olinpiar Jokoetara joan aurretik hasiak ginen pentsatzen. Azken zikloa oso zaila izan da guretzat. Teknikariekin ez dugu zorte handirik izan federazioan: hiru aldiz aldatu dugu hautatzailea, beste lautan eski prestatzailea, fisioterapeutak... Eta hori dena lau urtean.

Aldaketak ez ziren zuengatik, goitik zetorren arazoa zen.

Hori da. Berez federazioan dena koordinatu behar zuen pertsona ez zen lanik onena egiten ari guretzat.

Orain nola zaudete alde horretatik?

Zuzendari tekniko izendatu dute iaz gure entrenatzailea zena. Askoz ere zuzenago doa dena.

Ia hogei urte daramatzazu Espainiako selekzioan. Bederatzi domina lortu dituzu Neguko Olinpiar Jokoetan, hamazazpi munduko txapelketetan… Azkar esaten da.

Hasi nintzenean ez nuen pentsatu ere egiten inoiz dominaren bat lortzera iritsiko nintzenik ere, eta, orain, begira. Amestutako ibilbidea izan da.

Oroitzen al duzu lehen domina?

Bai, jakina. Salt Lake Cityn [AEB] izan zen. Orduan laino artean bizi nintzen. Dena handia zen, emozionalki izugarria izan zen. Ez nuen nahi Olinpiar Joko haiek amaitzea. Zera esaten nion neure buruari: «Eta, orain, lau urte itxaron behar dut hurrengora arte?». Hala ere, arantza txiki bat geratu zitzaidan joko haietan. Hiru mailatan banatu gintuzten, ordura arte egiten zen bezala. Ez ginen denok batera lehiatu, eta nik nire ezintasunaren mailakoa irabazi nuen. Hurrengo Olinpiar Jokoetatik aurrera dena maila bakarrean bateratu zuten.

Orduko komunikabideek gutxietsi egin omen zuten domina. Hala izan al zen?

Bai. Lehen esan bezala, erraldoian, maila ezberdinetan banandu gintuzten, hiru mailatan. Beste mailan batean ere nire taldekide batek irabazi zuen. Hedabideetan zera idatzi zuten, nik horregatik irabazi nuela domina, banatu egin gintuztelako. Hala ere, nik egin nuen guztietan denborarik onena.

Zer ekarri zuen zuretzat lehen dominak?

Ez nintzen kontziente orduan. Laino batean nengoen. Gerora konturatu naiz han egin nuen guztiaz.

Azken bost Olinpiar Jokoetan egon zara. Lautan dominak atera dituzu; Turinen, 2006an, ez. Nolakoak izan ziren Turingo Olinpiar Jokoak?

Uf... Hara joan baino bi hilabete lehenago berna hezurra eta peronea hautsi nituen. Oraindik ere hautsiak nituen eskien gainean jarri nintzenean. Gutxienez sei edo zazpi hilabete behar izaten dira horrelako lesio batetik osatzeko. Karbonozko ferula bat egin zidaten oinaren eta eskiatzeko botaren artean eramateko, bien artean indarra banatzeko. Edozein unetan hauts zitekeela iruditzen zitzaidan. Hasieran, ezin nuen bota sartu ere egin, baina astebeteren buruen, lehiatzen ari nintzen. Lehen jaitsiera oso txarra egin genuen, baina bigarrengoan gure saioko denborarik onenetan hirugarrena egin genuen.

Nolakoa izan zen osatze prozesua?

Handik itzulita, erdi ahaztuta eduki ninduten. Bazirudien osaturik nengoela, eta ez zen horrela izan.

Miguel Galindo aipatu dugu lehen. Hura izan al da betiko zure gidaria?

Ez, lehenik beste bat izan nuen. Aurrena Juli Salarekin ibili nintzen; gero, Raul Capdevilarekin. Azken horrekin joan nintzen Salt Lake Cityko Olinpiar Jokoetara. Handik itzultzean, Capdevilak ikasketekin jarraitu nahi zuen, eta orduan sortu zen Galindorekin hasteko aukera. Ez zekien ezer eski paralinpiarraz, baina probatu egin nahi zuen. Geroztik harekin nabil.

Hamasei urte daramatzazu Galindorekin. Jendeak askotan aldatzen al du gidaria?

Ez, ez da ohikoena, behintzat. Aldaketak izaten direnean, zerbait gaizki doalako izaten da. Inork ez darama guk adina denbora.

Zer da zuretzat eskiak duen gauzarik gogorrena?

Gauza gogor asko ditu. Badirudi dena denbora-pasa dela, baina guretzat oso gauza ezberdina da. Denbora asko pasatzen dugu etxetik kanpo, eta jende askok ez daki hori. Esaterako, nik 120 egun inguru pasatzen ditut etxetik kanpo. Beste bizitza batetik aldentzen zara, ikasketetatik, familiarengandik... Guretzat estazioak oso urrun daude, eta dena kanpoan egin behar izaten dugu.

Olinpiar Jokoak egiten diren egunetatik harago, badirudi kirol paralinpiarra ez dela existitzen. Zu, alde horretatik, baloratua sentitu al zara?

Ez nau asko arduratzen, egia esan. Nik argi daukat lau urteko zikloak direla, eta badakit zein den urte horietan egin dugun lana. Egia da, hala ere, edozein kirolariri gustatzen zaiola egunero egiten duen lana baloratzea, besterik gabe.

2016an esan zenuen kirol paralinpiarraren etorkizunak asko arduratzen zintuela. Oraindik ere gauza bera pentsatzenduzu?

Gure kirolean, bai. Atzetik ez dator inor. Urte askoan lan handia egin zen, jende askorekin. Garai batean, kirolari asko geunden honetan, baina gaur egun ez gaude beste herrialde asko dauden moduan. Atzeraka egin dugu. Herrialde askotan gauzak asko profesionalizatu dira, baina hemen ez dut ikusten horrelakorik. Duela zortzi urteko egoerarekin alderatuta, aurrekontuaren herenarekin gabiltza orain.

Gaur egun, neguko kiroletan, behintzat, Espainia oso atzera dago. Azken Olinpiar Jokoetan hiru kirolari baino ez ginen egon. Ez dut esan nahi lan txarra egiten ari direnik, ezta gutxiago ere. Gaur egun, munduko lehen hiruretan egonda, diru laguntzak daude horretatik bizitzeko.

Ate asko jotzea tokatu al zaizu babesleak izateko?

Orain arte ez nuen inoiz aterik jo, baina Sotxitik bueltatutakoan tokatu zitzaidan. Gu arduratu izan gara beti materialaz, baina Sotxikoaren ondoren aurrekontuek beherakada garrantzitsua izan zuten, eta babesle pribatuak aurkitu behar izan genituen. Gure kirolean, gauzak ehunenekoetan erabakitzen dira, eta gauza txikienek ere izugarrizko garrantzia hartzen dute. Horretarako, ezinbestekoa da materialerako eta entrenamenduetarako baliabideak izatea. Diruak asko agintzen du horretan. Azken lau urteetan dirua jartzea tokatu zaigu.

Bederatzi domina lortu dituen batek horrela ibili behar izatea.

Oso zaila dago, eta ez guretzat bakarrik. Dominak azkar ahazten dira. Materiala lortzeko garaian ez da hain zaila, baina dirua lortzea beste gauza bat da. Oso-oso zaila dago.

Zerk baldintzatuko du eskiatzen jarraitzea edo erretiroa hartzea?

Gauza bat hartu behar dut kontuan: Galindoren lesioa. Horrek baldintzatuko du gure etorkizuna. Askok esan didate zergatik ez dudan beste gidari batekin probatzen, baina ez du zentzurik orain lau hilabeterako gidaria aldatzeak. Gure gauzak ditugu, baina ez nuke aldatuko. Orain arte egin beharreko guztia batera egin dugu, eta, agian, inoiz amestu genuena baino gehiago lortzeko gai izan gara, gainera. Itxaron egin beharko dugu, ea osatzen den.

Askotan pentsatu al duzu dena uztea eta beste gauza batean hastea?

Argi, argi, ez dut inoiz izan, baina askotan pasatu zait burutik. Batzuetan bai, pasatu izan zait burutik, baina, behin eskien gainean jartzen nintzenean, dena ahazten nuen. Gaia oso zaila da, eta egia da aurten Basque Teamekoek diru laguntzak berdindu dituztela. Eskertzekoa da.

Zein da zure ibilbideko oroitzapenik politena?

Emaitza kontuan hartuta, Vancouverko jaitsieran lortutako domina. Miguel eta nire arteko komunikazioa indartzeko sistema berri batekin hasi ginen lanean, eta izugarrizko jauzia eman genuen. Hurrengo urtean gainerako eskiatzaile guztiak sistema horixe erabiltzen hasi ziren.

Eta okerrena?

Lesioez harago, ez dut une txar berezirik. Hala ere, ez dut gogoratu ere egin nahi abiadurako diziplinetan zein gaizki pasatzen nuen! Pentsa, orduko ia 120 kilometroko abiaduran jaisten gara, baina inork ez daki nik nola ikusten dudan. Miguel ez dut une oro ikusten, askotan galdu egiten dut, itsu-itsuan joaten naiz askotan, baina aurrera jarraitu beharra dut. Oso gaizki pasatu izan dut askotan.

Beldur asko pasatutakoa zara?

Bai, ikaragarri. Asko hobetu dugu azken urteetan, baina nik ere ikusmena asko galdu dut. Horregatik utzi genion abiadurako probetan parte hartzeari. Jarraitzea arrisku handiak hartzea zen.

Zure diziplinan ezinbestekoa da gidariaren laguntza. Zenbat zor diozu Miguel Galindori?

Berak niri zor didanaren antzera [barrezka]. Oso ondo konpondu gara betidanik; zorte handia izan dugu alde horretatik. Oso ezberdinak gara, baina ondo moldatu gara beti. Bera ni baino askoz ere lasaiagoa da. Ni ipurterre bat naiz, askoz ere perfekzionistagoa. Nahasketa ondo datorkigu, eta garrantzitsuena zera da: pistetatik harago ere oso ondo moldatzen garela. Hori ezinbestekoa da, bestela ez genituzkeen hamasei urte batera egingo.

Asko eztabaidatzen al duzue?

Ez, oso gutxi, gehienbat Miguelengatik. Agian, niregatik, bai, baina hari ez zaio batere gustatzen.

Azken urteak gogorrak izan direla aitortu duzu. Zergatik?

Ikusten genuen dirurik lortzen ez bagenuen oso zaila izango zela mailari eustea. Aldaketek ez dute segurtasuna bermatu, eta horrek ez du lasaitasunik ematen.

Zerk motibatzen zaitu oraindik eskien gainean jarraitzeko?

Azkenean, dena beti zailagoa egiten da. Nire bizitza guztia eskiaren inguruan izan da, ikasketak alboratu nituen, lagunekin ere harremana galtzen da... Baina eskien gainean jartzen naizenean, dena ahazten zait. Beti izan dut motibazioa, baina egia da urtetik urtera zerbait galduz joan naizela.

Etorkizunean, zer?

Oraindik ez dut ezer argi. Baina badut asmoa zerbaitetan murgiltzeko. Beti gustatu izan zait kiroletako marken mundua. Zerbait berritu nahiko nuke, eta neure kabuz saiatu nahiko nuke horretan.

Erretiratu ondoren ere, eskiatzen jarraituko al duzu?

Bai, noski! Hala ere, argi daukat gogoa dudanean eskiatuko dudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.