Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Alaveseko Wakasori, Manu Garciari eta Martini; eta Betiseko Bartrari. Bestelakoak. 18.221 ikusle Mendizorrotzan.
Puntuak ematen dituen atezain horietako bat da Fernando Pacheco. Urrutira joan gabe, atzo funtsezkoa izan zen Alavesek puntu bat urratu zezan. Arabarrek sasoiko lehen partida jokatu zuten Mendizorrotzan, eta hainbatetan lehen zatian batez ere hankapean ibili zituen Betisek. Defentsan gainezka egin zuten behin baino gehiagotan, baina Pacheco harresi baten gisakoa izan zen atepean. Camp Noun bezala, atzo ere onena izan zen.
Betisek hasieratik ezarri nahi izan zuen bere legea. Baloia bere egin, ezker eskuin mugitu, eta berehala topatu zituen lehen arrakalak Alavesen atzealdean. Zirrikituak ez ziren edonolakoak izan, eta Pachecok gelditu erabakigarriak egin behar izan zituen: lehena, bigarren minutuan Francisi, eta minutu bat geroago Canalesi. Urduri eta gozakaitz zelairatu ziren arabarrak, baina, bederen, onik irten ziren kanpokoen hastapeneko erauntsitik. Hortik aurrera luzatu egin ziren etxekoak, eta Betisen zelaian presentzia handiagoa izaten hasi. Sobrinoren abiadura izan zuen argudio nagusia erasoan. Dena den, nekez iritsi ziren Pau Lopezen ate ingurura: 23. minutuan Manu Garciak gora bidalitako falta bat izan zen lehen jaurtiketa, eta lehen zatiko ia bakarra ere bai.
Anartean, Betisek baloia ukitu eta ukitu segitu zuen. Canales izan zen lehen zatiko jokalaririk onena, eta Realeko jokalari ohiak Carvalho, Guardado eta Inuiren laguntza izan zuen sormen lanetan. Bada, neurketako lehen ordu erdia betetzear zela berriz ere esku-eskura izan zuen gola Quique Setienen taldeak. Bi paserekin txikitu egin zuen Alavesen defentsa, baina Inuik ez zuen asmatu baloia sareratzen, dena alde zuela. Nolanahi, abagune horrek ez zuen jarraipenik izan, eta atsedenera bitarte askorik ez zuten sufritu etxekoek, hainbat etenaldi tarteko. Erasoan ez ziren gai izan aukera garbirik sortzeko; bederen, barneraldi arriskutsuak egiten hasi zen Jony ezker hegalean. Bigarren zatian ikusiko zenaren aurrerapena izan zen.
Azkenean, irabaztear
Aldagetatik arnasberrituta atera zen Abelardo Fernandezen taldea. Bestelako bizitasun bat eman zion jokoari, eta hainbat unetan neurketa orekatzea lortu zuen. Betisek izan zuen aginte makila, baina arabarrek ondo baliatu zituzten hutsuneak arriskua sortzeko. Hori horrela, erasoan askoz ere emankorrago jardun zuten. Atsedenetik itzuli eta lau minutura abisu bikoitza bidali zioten Espainiako taldeari: lehenik, Jonyk atera jaurti zuen area barrutik, eta Pauk gelditu eta gaizki atera ostean, Duarte urrundik baloia loratzen saiatu zen. Hortik aurrera, ezker hegaletik jo eta ke aritu ziren arabarrak, Jonyren abiaduraz baliatuz.
Alde ederreko zorroztasuna erakutsi zuten bigarren zatian; hori bai, defentsan ahulezia zantzuak sumatu zitzaizkien berriro. Hala, Manuk atepetik atera behar izan zion baloia Sanabriari lehia azken ordu erdian sartu zenean. Berandu gabe iritsi zen, nolanahi, Alavesen arrapostua: gutxigatik joan zen kanpora 65. minutuan Wakasok urrundik egindako jaurtiketa indartsua.
Lehiaren azken fasean aurrerapausoa eman zuen Betisek, eta gertu izan zuen garaipena. Haatik, orduan ere Pachecok zapuztu zituen espainiarren ahaleginak: 77. minutuan buruz burukoan gailendu zitzaion Loreni, eta bost minutu geroago jaurtiketa pozoitua gelditu zion Tellori. Nahiko itota zegoen Gasteizko taldea, baina irabazteko aukera ere izan zuen, Twumasiren hanketan. Hegalekoak atzo jantzi zuen aurrenekoz Alavesen elastikoa, eta korrikaldi bizi baten ostean garaipenaren gola sartzear izan zen. Haatik, atezainaren eskuekin egin zuen topo.
ALAVES 0 BETIS 0
Eskerrak Pachecori
Alavesek sufritutako puntua lortu du Betisen aurka, Mendizorrotzan jokatutako estreinako partidan. Atezainaren lan erabakigarriak atzelarien ezina estali du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu