Iraupena. Partidarena 43.12; jokoarena 19.44.
Pilotakadak. 406.
Saketik. Irujok bi; Bengoetxeak alerik ere ez.
Markagailua. 0-1, 1-4, 2-7, 3-12, 4-13, 5-16, 7-17, 8-18, 9-21 eta 9-22.
Bestelakoak. Mila ikusle baino pixka bat gutxiago Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Apustuak urdinen alde irten ziren.
Titin III.a eta Merino esker onekoak badira, atzo arratsaldean gutxienez sakelako telefonoko mezu bat bidaliko zioten gutxienez Juan Martinez de Irujori. «Eskerrik asko, baita Abeli ere». Afari bat ordaintzea ere ez legoke gaizki, Iberokoak, Barriolarekin, Bilboko torneoko finalerako sailkatu baitzituen egungo binakako txapeldunak. Eta sufritu gabe gainera, partida hasieran hautsi eta kontrolpean eduki zutelako. Errioxar bikoteak Olaizola II.a eta Begino izango ditu aurkari bihar, trofeoen peskizan.
Torneoko lehen partida 22-8 galdu ondoren, irabazleek ezinezko zuten finalerako sailkatzea; Bengoetxea VI.ak eta Apraizek, berriz, irabazi egin behar zuten. Kantxan, baina, bi bikoteek euren egoerak trukatu zituztela zirudien. Irujok eta Barriolak elkarrekin jokaturiko azken partidetako irudia garbitu zuten, eta ez zieten aukerarik eman aurkariei. Iberokoak kateak askatu eta bere ahala erakutsi zuen. Dena kontrolatu zuen: piloteoa, errematea... Hamabi tanto egin zituen, eta Bengoetxearen sei hutsak eragin. Atzekoan ere, Barriola Apraiz baino gehiago izan zen. Leitzarrak lan ona egin zuen, pilota ondo mugituz eta Apraiz baino gehiago izanez. Gernikarrak lau huts egin zituen.
Irabazleek hasi eta berehala erakutsi zuten egun hobea zutela. Artekariek minutu gutxi batzuk nahikoa izan zituzten jakiteko lan gutxi egingo zutela (2-7). Hasiera indartsuaren ondoren, ez zen susperraldirik egon, eta Irujok alde erabakigarria lortu zuen (3-12).
Partida aldapa gora ikusita, Bengoetxea emaitza atontzen saiatu zen. Irujo aurrean endredatzea zen asmoa, baina gehienetan Irujo izan zen irabazle. Iberokoa oso fresko zegoen zangoz, eta pilota guztietara iritsi zen. Bide hori itxita, Asegarcekoek ez zuten besterik aurkitu, eta irabazleen tartea handituz joan zen (5-16). Partidaren bukaeran, Irujo etsipenez mintzatu zen. «Aurreko partidan tanto batzuk gehiago egin izan bagenitu, finalean geundeke». Udan, baina, zaila da erregulartasunari eustea.
Ardoaren bila
Aspe eta Asegarceko pilotariek ehun ardo kaxen desafioa jokatuko dute gaur (18:30, ETB1), eta saria lortzeko jaialdiko bi partida irabazi behar dituzte gutxienez. Aurrenekoan, Arretxe II.ak eta Retegi Bik lau t'erdian jokatuko dute. Bigarrenean, binaka, Olaizola I.a eta Apraizek indarrak neurtuko dituzte Idoate eta Zubietarekin. Azkenean, buruz burukoan, aldaketa egon da, Urrutikoetxearen aurkaria Jaunarena izango baita, eta ez Ezkurdia.
Bengoetxea VI.a-Apraiz 9. Irujo-Barriola 22
Eskerrak Irujori eman
Aspeko bikotearen garaipen argiak Titin eta Merino II.a sailkatu ditu Bilboko torneoko finalerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu