Erabakiak inor gutxi harrapatu du ezustean; bai, ordea, berau gauzatzeko erak. Agur esateko moduak eta moduak daude, eta Osasunak era traketsena erabili du: Martini telefonoz eman zion erabakiaren berri Petar Vasiljevic kirol zuzendariak. Teknikaria Madrilen zegoen, kluba ordezkatuz, eta orduantxe jakinarazi zioten kargugabetu egin zutela. BERRIAk gertatutakoaz itaundu ditu entrenatzaile eta jokalari ohi bat, zale bat eta kazetari bat, eta denek nabarmendu dute klubak oso kaskar jokatu duela.
MIGUEL ANGEL LOTINA
Osasunako entrenatzaile ohia«Uste dut taldeak aurrera egingo zukeela Martin Monrealekin»
Teknikari gorritxo izandakoa ez dator bat Osasunako zuzendaritzak egindako diagnosiarekin. Haren esanetan, taldea ez dago uste den bezain gaizki, partida denetan «lehiakor» aritu ei delako. «Gainera, aintzat hartu behar da Martinek klub honengatik egin duen guztia. Lehenik, hondamenditik libratu zuen; eta, ondoren, Lehen Mailara igo, baliabide gutxirekin».Teknikaria kargutik kentzeko moduaz galdetuta, Lotinak azaldu du Osasunari ez zitzaiola «ezer ere» kostatzen Martinekin aurrez aurre hitz egitea. Osasunak halako xehetasunak zaindu egin beharko lituzkeela deritzo, «oso garrantzitsuak» direlakoan. «Errespetua zelai barruan nahiz kanpoan irabazten dute taldeek. Bada, halako jokamoldeekin begirunea galdu besterik ez da egiten».
Meñakako entrenatzailearen hitzetan, Martin kargutik kenduta ez du asmatu Osasunak, baina uste du «ordezko egokia» aurkitu duela. «Caparrosekin aurrera egingo du Osasunak. Hori bai, uste dut Martinekin ere hala egingo zukeela».
CESAR KRUTXAGA
Osasunako jokalari ohia«Lardaskeria galanta izan da Martini erabakia jakinarazteko modua»
Atzelari ohiak errespetagarritzat dauka klubak Martin ordezteko hartutako erabakia. Bere esanetan, teknikariaren kargugabetzea aurreikus zitekeen. «Emaitzak ez baitira onenak izan. Futbolean beharrak halako erabakiak ekartzen ditu. Nik beste bi partida, behintzat, itxarongo nituzkeen, Osasunan pazientzia izateak emaitza onak ekarri ohi izan baititu. Dena den, teknikaria aldatzea, hein batean, normala dela uste dut».Erabakia kudeatzerakoan, aldiz, klubak hanka sartu duela uste du Krutxagak. «Lardaskeria galanta izan da Martini erabakia jakinarazteko modua». Harenaburuz, egokiena gauzak aurrez aurre esan eta prentsaurreko batean esker ona adieraztea zatekeen. «Ezin daiteke onartu hura bezalako ikono bat modu horretan tratatua izatea».
Entrenatzaile aldaketak ziurgabetasuna areagotu du Nafarroako taldean, baina Krutxagaren iritziz, egoera berrira moldatzeko arazorik ez dute izango jokalariek. «Halakoetara ohituta daude. Gainera, entrenatzaile berri bat iristen denean, guztiek pixka bat gehiago ematen dute beti. Teknikari aldaketak eragin positiboa izaten du; hasieran, bederen».
RAFA AGUILERA
Radio Euskadiko kazetaria«Zuzendaritza ez da egon egoerak eskatzen zuen mailan»
Aguileraren aburuz, zuzendaritzak eginiko analisia ez da egokitzen behar bezala taldearen testuingurura. «Bigarren Mailan seigarren izan zen Osasuna, eta ekarri dituen jokalari gehienek ez dute esperientziarik Lehen Mailan. Hala ere, hasieratik jaitsiera postuetatik at egotea eskatu zaio taldeari eta teknikariari. Exijentzia handiegia da hori».Bere esanetan, presidenteren diskurtsoa «brastakoan» aldatu da, eta horrek eragin du teknikari aldaketa. Gironan igo ostean, Martinek proiektu iraunkor bat marraztu zuen, maila batean edo bestean egoteak baldintzatuko ez zuena. Hasieran, diskurtso horrekin bat egin zuen Sabalzak; baina kazetariak azaldu duenez, orain nahitaezkotzat dauka mailari eustea. «Hori diskurtso arriskutsua da, Bigarren Mailara jaitsi aurreko egoerara itzularazten baitu Osasuna».
Kudeaketari dagokionez, Aguilerak uste du Martin beste modu batera tratatu beharko zuketela. «Figura biziki garrantzitsua delako Osasunaren historian. Zuzendaritza ez da egon egoerak eskatzen zuen mailan. Uste dut bere enblemekin begirunetsua ez den klub batek asko hobetu daitekeen eredua daukala».
LAURA VISIERS
Beti Gorri peñako presidentea«Oraindik bazegoen aukera Martinekin gora egiteko»
Beste zale asko bezala, erabakiarekin ez, moduekin dago haserre Visiers. Haren esanetan, zuzendaritzak ez du aintzat hartu Martinek Osasunarentzat duen esanahia. «Eta hori ezin daiteke onartu. Caparrosekin tratua lehendik egina zegoen. Orduan, ez dauka hitzik Martin Madrilera bidaltzeak eta ondoren telefonoz albistea emateak». Haren ustez, pazientzia gutxiegi izan dute agintariek: «Oraindik bazegoen tartea Martinekin gora egiteko».Halaber, uste du Caparrosekin harrobiaren aldeko apustuak bere horretan jarraituko duela. Nahiz eta Martin bezalakorik ez dagoen horretarako. Hark ongi baino hobeto ezagutzen ditu gazte guztiak».