Muratpasa Belediye. Hala du izena Bera Berako kideen desira guztiak betetzen dituen kontrarioak. Turkiako taldea izango dute aurkari donostiarrek EHF kopako final-zortzirenetan. Egoki zitzaizkiokeen taldeen artean samurrena da. Alderik ez dago aurkari izan zitezkeen beste zenbait talderekin alderatuz gero: Ro'Casa (Espainia), Bayer Leverkusen (Alemania), Astrakhanotxka (Errusia), Holstebro (Danimarka), Dunarea Braila (Errumania), Hoeoer (Suedia) edo Dunaujvorosi (Hungaria).
Aurkari erosoa da, bidaiaren antzekoa. Bera Berako kideek Bartzelonan hegazkin bat hartuta abiatu nahi zuten bidaia —Granollersen (Herrialde Katalanak) jokatuko du Bera Berak ligako partida EHF kopako kanporaketaren erdian—. Eskatu eta lortu. Bartzelonatik Istanbulera (Turkia) joan daitezke zuzenean hegazkinez, eta handik Antalyara beste hegazkin batean —hiri horretan jokatzen du Muratpasak—. Goizean irten eta arratsalde-gau partean lirateke bertan. Ez dirudi oso bidaia deserosoa.
Turkiarren aurkako kanporaketari zerbait txarra bilatzekotan, partiden ordena aipa daiteke. Izan ere, joaneko partida etxean jokatuko dute donostiarrek, 2015eko otsailaren 7an edo 8an, eta itzulikoa, astebete geroago, Turkian. Aurreko kanporaketa osoa etxetik kanpo jokatu zuen Bera Berak, Salernon (Italia), baina oraingoan, eta ezusterik ezean, donostiarrek asmoa dute neurketa bat etxean jokatzeko.
Turkiako txapelduna
Muratpasa da gaur-gaurkoz Turkiako talde onena. Azken hiru sasoietan hura izan da hango ligako txapelduna. Aurretik ere nabarmendu izan da. 2011n eta 2012an, adibidez, Challenge kopako txapeldunorde izan zen, Europako lehiaketa apalenekoa. Azken hiru sasoietan, berriz, txapeldun izan da Turkian, eta, horri esker, bitan jokatu du Txapeldunen Ligako atarikoa. Ez da inoiz iritsi ligaxkara, eta Europako Errekopan jarraitu du bidea: 2012-13ko sasoian, ez zuen gainditu lehen kanporaketa, eta aurreko sasoian bakarra gainditu zuen. Denboraldi honetan, berriz, EHF kopan hasi zuen bidea, aurretik Txapeldunen Ligan lehiatu gabe —Turkiako talderik ez da aritu—. Femina Vise Belgikako taldearen aurka aritu zen, eta erraz gainditu zuen: 20-37 irabazi zuen joanekoan, eta 25-21 itzulikoan. Kanporaketako bi partidak Turkian jokatu ziren. Etxeko ligan, berriz, hirugarren da sei partida jokatuta: bost irabazi ditu, eta bat galdu.
Jokalariei dagokienez, etxekoak dira nagusi. Bost atzerritar ditu: Zorica Despodovska eta Duxica Gjorgjievska mazedoniarrak, Martina Pavic kroaziarra, Tanja Vuckovic serbiarra eta Olga Laiuk ukrainarra. Laiuk da gertuen jarraitu beharrekoa, hura baita taldeko jokalari onena. Eskuin albokoak 11 gol sartu zizkion Femina Viseri joanekoan. Itzulikoan, berriz, entrenatzaileak atseden eman zion, kanporaketa erabakita zegoelako.
Bera Berak badu eskarmentua Turkiako taldeen aurka jokatzen. Denetarik egokitu zaio. 2002-03ko sasoian, donostiarrek Ankara kanporatu zuten EHF kopako final-hamaseirenetan: 30-21 irabazi zuten joanekoan, eta 25na berdindu itzulikoan. Bi partidak Bidebietan jokatu ziren. 2009-10eko sasoian, berriz, Uskudarrek kanporatu zuen Bera Bera Errekopan, hirugarren kanporaketan: joanekoan, Istanbulen, 32-26 galdu zuten donostiarrek, eta itzulikoan, etxean, 30-32 irabazi. Ez dute halakorik gertatzea nahi.
Eskatu eta lortu
Ustez aurkari apala izango du Bera Berak EHF kopako final-zortzirenetan: Muratpasa Belediye.Joanekoa etxean jokatuko du, eta itzulikoa, Turkian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu