Hazi eta profesionalizatu egin da aurten Laboral Kutxa. Hala iruditzen zaio Ion Lazkanori, taldeko kirol arduradunari (Mendaro, Gipuzkoa, 1988). Ez da funtsik gabeko burutapena; besteak beste, UCIren sailkapena du sostengu: 25. postuan bukatu du denboraldia Euskadi Fundazioaren taldeak, iaz 50. izan eta gero. Beste inork ez du halako gorakadarik izan. World Tourrera igo nahi du orain.
Trantsizio eta hazkunde urtea izan da Laboral Kutxarentzat. Nolako aho zaporea gelditu zaizu?
Oso ona. Lanak fruituak ematen dituela ikusi dugu. Bultzada handia jaso dugu jorratzen ari garen bidean jarraitzeko. Talde honen helburua World Tour mailara iristea da, eta hobekuntza nabarmena izan dugu otsailetik. Inoizko egutegirik zabalena egin dugu, eta emaitza on asko bildu. Motibazioz gainezka gaude datorren urteari begira. Lanpetuta nabil orain, gauza asko lotu behar baitira: plangintza, organigrama, egutegia...
Den-dena nahieran atera zaizue, edo gelditu zaizue helbururen bat bete gabe?
Hein handi batean, helburu orokorrak bete direla esango nuke. Talde bezala hobetzea izan da gure ardatza eta jomuga, eta garbi ikusi da profesionalizatu egin garela. Txirrindulari askok esperientzia falta zeukaten maila honetan, eta gabezia hori ikusten genion taldeari. Denbora, gainera, gure kontra geneukan, puntuen sistemaren eraginez. Emaitzen menpe geunden. Presioa hor egon den arren, asko hazi gara talde moduan.
Zama, batez ere, urte hasieran nabaritu zenuten. Emaitza onak ez ziren berehala iritsi.
Mentalitate kontua izan da. Eskarmenturik ezak ziurgabetasun falta dakar, eta horrek, era berean, urduritu egiten zaitu. Egoera horrek eragin zuzena dauka txirrindulariaren errendimenduan. Sasoi hasiera ez zen erraza izan, baina gogor lan egiten jarraitu dugu, eta emaitzak iritsi ahala, beste lasaitasun batekin lehiatu gara. Behin bolada ona harrapatuta, hazkunde handia izan dugu.
Taldea udaberrian hasi zen itxuraldatzen eta emaitza onak lortzen. Zein izan zen mugarria?
Espainiako Vuelta joko nuke mugarritzat. Lehiatzeko era erasokorragoa erakutsi genuen, eta aurpegia ematen saiatu ginen. Bagenekien maldan gora oso zaila izango zela onenen multzoan egotea, beraz, etapa lauak aprobetxatu genituen zeresana emateko. Egun horietako jardunak konfiantza eman zion talde osoari.
Lagungarria izan da Joane Somarriba aholkulari moduan izatea?
Joanek bere esperientzia eta bizipenak kontatze hutsak bultzada handia eman die txirrindulariei. Inspirazio iturri handia izan da haientzat. Ohartu dira emakumeen txirrindularitza lehen nola zegoen, eta jabetu dira orain aukera paregabea dutela bidea egiteko.
Andaluziako itzulian UCI mailako lehen garaipena lortu zenuten, Marta Romeuren eskutik. Hori ere bultzada itzela izango zen taldearentzat.
Sari bikaina da. Vuelta on bat egin genuen, Itzulian eta Burgosen ere oso ondo ibili ginen, eta garaipena oso gertu ikusi genuen Eibarren. Lor zezakeela sinesten zuen taldeak, eta konfiantzaz beteta eta bolada onean egonik, noizbait iritsi behar zuen garaipenak. Andaluzian izan zen, eta sekulako poza hartu genuen.
Hiru urte egin dituzue UCIren Kontinental mailan, eta datorren urtetik aurrera World Tourrean aritzea da zuen nahia. Eskaera egin duzue dagoeneko?
Bai, eskatu dugu jada lizentzia; zaila da, baina apustua hor dago. Atzo [astelehenean] amaitu zen dokumentu guztiak aurkezteko epea, eta gure aldetik, martxan dago dena. Esperoan gaude. Iazko puntuak ere kontuan hartzen dira, eta guk 147 lortu genituen bakarrik. Aurten milatik gora [1.017] izan dira, baina ez da nahikoa izango. Halere, ez dakigu zer gertatuko den beste taldeekin. Denetarik entzuten da. Itxaropen zirrikitu bat ikusten dugu. Gure aldetik, gauzak ondo egiten ari garen seinale da apustua egitea eta UCIri hemen gaudela esatea.
Eta UCIk ezezkoa ematen badizue, zer?
Ez luke gure bide orria batere aldatuko. Datozen bi urteetan ahalik eta puntu gehien biltzea izango litzateke helburua, 2026an berriz ere World Tourrean tokia egiten saiatzeko [lizentziak bi urtean behin berritzen dira].
Lizentzia lortuko ez bazenute ere, mahai gainean egongo litzateke lasterketarik onenetarako gonbidapenak lortzeko aukera. Bi argudio dituzue alde: aurten izan duzuen hazkundea, eta Ane Santestebam fitxatu izana.
Antolatzaile askoren arreta piztu dugu aurten, Frantzian, Italian nahiz Belgikan. Badakite zein den taldearen intentzioa eta norabidea, eta errematea Aneren fitxaketa izan da. Proiektu sendo eta sinesgarria dugula ikusten dute nazioartean
Santesteban edukita, hau da, goi mailako txirrindulari bat, birplanteatu egin beharko dituzue kirol mailako helburuak.
Aneren lehentasuna etxean lehiatzea izan da, nahiz eta ez dakigun Giroan eta Tourrean aritu ahalko garen. Apustua egin nahi izan du, hiru urterako sinatuta. Proiektu erakargarria iruditu zaio, eta eskerrak eman behar dizkiogu, bultzada handia emango baitigu.
Gaur-gaurkoz, hamabost txirrindulari dituzue datorren sasoirako. Guztiz osatuta dago taldea? Eta Eider Merinok ez du jarraituko?
Aukera batzuk mahai gainean ditugu oraindik, eta datozen asteetan berritasunen bat egon daiteke. Eta Eiderri dagokionez, oraingoz zerrendatik kanpo dago, eta ezin dizut askoz gehiago esan horren inguruan.
Taldea elitetik geroz eta gertuago egonda, lausotu egin daiteke harrobiaren aldeko apustua?
Ezin da ahaztu proiektu horrekin lotura estua duela Euskal Herriarekin. Etxeko ziklistek toki berezia dute taldean, eta horri eusten saiatzen gara. Garbi dago gaur egun ezinezkoa dela World Tourrean soilik hemengo txirrindulariekin aritzea. Oreka aurkitu behar da.
Harrobia nola dago gaur egun?
Oraindik ez da behar bezain sendoa eta egonkorra. Aurrera begira, Laboral Kutxa piramidearen erpinean egotea lagungarria izan daiteke. Erakutsi nahi dugu posible dela bidea egin eta profesional bihurtzea. Denbora behar da: beste herrialde batzuetan aspalditik egon da aukera hori, baina hemen gauza berria da.
Ion Lazkano. Laboral Kutxako kirol zuzendaria
«Eskatu dugu jada World Tour lizentzia; zaila da, baina apustua hor dago»
Laboral Kutxa maila nagusira igotzeko prest ikusten du Ion Lazkanok. Kirol zuzendaria pozarren dago taldeak osatu duen sasoiarekin, baita Ane Santestebanen fitxaketarekin ere:«Ate asko zabaldu ahal zaizkigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu