Eskasian, aberats

Realak liga irabazi zuen iaz, eta aurten ere bide horretan da, lider baita lehen fasea jokatuta. Horrek «meritu handia» duela dio Maite Azkoaga kapitainak, are gehiago Gipuzkoan zelai bakarra dagoela kontuan hartuta.

Olaia Juaristi.
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Talde lana izan da partidak irabazteko gakoa». Maite Azkoaga Realeko belar hockey taldeko kapitainarena da aitormena (Donostia, 1983). Ez da atzoko kontua. Iaz ere talde lana erabakigarria izan zen Realak hamabi urte geroago Espainiako Liga irabaz zezan. Eta aurten ere lehengo lepotik dute burua txuri-urdinek. Izan ere, ligako lehen fasea amaituta, lider dira. «Txapelketa batean garai zailak iristen direnean elkar ondo ezagutzea garrantzitsua da», azpimarratu du Azkoagak.

Asko falta da oraindik egiteko, eta sailkapena estu dago. Lehen lau taldeak parean daude: Realak hemeretzi puntu ditu, Juniorrek bat gutxiago, Club de Campok hiru gutxiago eta Polok lau gutxiago. Hala ere, Polok eta Realak berdinduta ekingo diote bigarren faseari, ligaxka horretan ari diren taldeen arteko emaitzak bakarrik hartzen baitira kontuan. Lehen sei sailkatuak elkarren artean ariko dira martxoaren 2tik aurrera. Azkoagak argi du: orain dator gogorrena, eta prest daude. «Ez dugu presiorik; badakigu lau talde oso berdintsuak gaudela eta edozer gerta daitekeela».

Hamabi urte zeramatzan Realak liga irabazi ezinda, eta iaz lortu zuen azkenean irabaztea. Lau urtez jarraian txapeldunorde izan zen Club de Camporen aurrean, eta liga irabazteko borroka horretan, azkenean, iaz iritsi zen garaipena Madrilgo talde indartsuaren aurka. «Oso une berezia izan zen, eta, neurri batean, ezustekoa ere bai».

Txapela lortzeko «funtsezkoa» izan zen etxeko zaleen berotasuna. «Guk asko nabaritzen dugu etxeko berotasuna. Iazko finalerdian eta finalean jende asko etorri zen gu ikustera, eta hori oso garrantzitsua da, bai guretzat, bai aurkariarentzat; zenbaitzuek esan ziguten zortea daukagula zelaian sumatzen zen giroarengatik».

Kapitainak garbi du ez dela erraza izango liga irabaztea, partidaz partida joan behar dutela. «Aurten, Junior izango da gure aurkari gogorrena; borroka estua izango dugu, oso ondo ari baita jokatzen. Etxean irabazi egin genion, baina nahiko larri; itzulikoan asko kostatuko zaigu.

Ez du uste txapeldunak izanda presio gehiago dutenik. «Ez daukagu irabazteko beharrik, baina, tira, iaz bezala, aurten ere nahi genuke liga irabazi; nik uste dut bakoitzak bere buruari partida guztietan eskatzen diola garaipenaren bila zelairatzea».

Hockeyan ezer gutxirako balio du ligak, kanporaketetan erabaki ohi baita dena. Horregatik, «sasoiko» iritsi nahi dute azken txanpa horretara. «Partida horietara sendo iritsi behar izaten da, talde oso berdintsuak gara, eta gauza oso txikiek erabakitzen dute garaipena, adibidez, iazko finala penaltietara irabazi genuen. Aurten ere liga irabaztea da gure helburu nagusia». Taldea «motibatua» eta jokatzeko «gogo askorekin» dagoela dio. «Azken urteetan egindako lanak fruituak eman ditu, eta horrela jarraitzeko ilusioarekin gaude».

«Partidaz partida»

Abendutik jokatu gabe daude donostiarrak, baina entrenatzeari utzi gabe. «Fisikoa asko ari gara lantzen, eta orain teknikekin trebatzen hasiko gara». Martxotik aurrera etenik gabe arituko dira partidak jokatzen: bigarren faseko partidak, Espainiako Kopakoak, Europako Txapelketakoak eta, azkenik, titulurako kanporaketak. Taldeak, hala ere, hurrengo bost partidetan du burua. Liga erregularrean lehen postuan bukatu eta kanporaketetan partida erabakigarria etxean jokatu nahi dute.

Liga ez ezik, Espainiako Kopa ere dute begiz jota. Iazko arantza atera nahi dute —SPV 51 Valdeluzen aurka galdu zuten finalean—. «Pilatutako nekeari» leporatu dio ordukoa Azkoagak. «Oso ahul iritsi ziren neke fisikoaren ondorioz. Ea aurten arantza hori ateratzerik dugun».

Azkoaga eta haren taldekideak egiten ari direnak meritu handia du, gaur-gaurkoz belar hockeyak Gipuzkoan duen egoera kontuan hartuta. Izan ere, Gipuzkoan zelai bakarra dago belar hockeyan aritzeko, Donostiako Aiete auzokoa, hain zuzen ere. Azkoagaren iritziz, horrela «oso zaila» da zaletasuna egotea. Horri irtenbidea emateko «guztiok» zerbait egin behar dutela dio.

Azkoagak, hori bai, aitortu du «asko» eskertzen dela Realaren gisako klub sendo baten babespean egotea. «Guk zortea dugu Realaren barruan gaudelako; horrek lasaitasuna eta segurtasuna ematen digu. Ligako zenbait talde harrobiko jokalari gehiago fitxatzen hasi da krisiaren ondorioz; guk betidanik hartu izan ditugu harrobiko jokalariak, baina batzuk ez ziren horretaz arduratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.