Eskarmentuaren talaiatik lehia ikusten da

Alberto Lopezek eta Jose Ignacio Garmendiak urte asko eman zituzten Realeko eta Eibarreko atezain gisa. Donostiarrak garai gozoagoan datozen arren, partida irekia espero dute biek.

Fabian Orellana eta Mikel Oiartzabal, lehian, aurreko sasoiko derbian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Guztiok dakigu nolakoak diren derbiak, zaila da zer gertatuko den asmatzea». Alberto Lopezen (Irun, Gipuzkoa, 1969) hitzak dira, baina izan zitezkeen Jose Ignacio Garmendiarenak ere (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1960). Hurrenez hurren, Realeko eta Eibarreko atezain izandakoak dira Lopez eta Garmendia, luzaroan gainera. Badakite gertuko bi taldek elkarren aurka jokatzen dutenean alferrikakoak direla ordura arteko sailkapenak eta emaitzak.

«Partida iritsi eta bertan egoteko gogoz nago», esan du Garmendiak. Eibar «nahiko behartua» ikusten du atezain historikoak: «Ea irudi on bat eskaini, eta puntuak lortzen dituen. Partida zaila da, ez da egoera onean iristen, baina horrek partida ona egitea eragin dezake».

Antzeko analisia egin du Lopezek ere. Irundarraren ustetan, «beste urtetan baino makalago dabil Eibar», eta azpimarratu du Espainiako Lehen Mailan emaitza kaskarrak eskuratu dituela Anoetan. Hori bai, eibartarren gaitasunak ezin direla gutxietsi ohartarazi du txuri-urdinen atezain ohiak: «Aurpegia beti ematen duten talde horietakoa da, hustu egiten da, eta horretara behartzen du aurkaria. Gustatzen zait egiten dutena».

Lopezek Reala ikusten du partida irabazteko faborito. Haren esanetan, «konfiantza handiagoa ematen dit; irabazten ez duenetan ere, talde indartsua ematen du». Eibarrengan halakorik ez du ikusten, azken unean «puntuak galdu» baititu, eta uste du horrek beheko postuetara eraman dezakeela.

Garmendiak, berriz, azpimarratu du azken urteetan Eibar «trebe» aritu dela jokoan, eta gaurko neurketan irudi hori eskaintzea desio du: «Egoera ez da hoberena, baina ea konfiantza duten. Reala atzetik jokatzen hasten denean Eibarrek presioa egin dezake; Realak talde ona du, ondo jokatzen ari da, baina azkenaldian kostatzen ari zaio emaitzak ateratzea. Partida zaila izango da, baina ea asmatzen duen».

«Talde bat bezala jokatzea» garrantzitsua izango dela uste du Garmendiak, Realeko jokalariak «banan-banan, oso onak» direla uste baitu. Lopezen arabera, azti aritu beharko du Eibarrek Reala mendean hartzeko: «Etxekoak baloi jabetza gehiagorekin ariko direla pentsatzen dut, partidaren zama bere gain hartuta, eta Eibarrek ondo defendatu, baloiakberreskuratu eta kontraerasora egin beharko du, baloi irteera azkarra probestuz».

Sailkapenari dagokionez, lehen postuei begira daude txuri-urdinak; eibartarrak, berriz, atzeko koskei ihes egiten saiatzen ari dira. Hala, egoera ezberdinean iritsiko dira bi taldeak gaurko derbira. Reala «sendo» ikusten du Alberto Lopezek: «Imanol [Alguacil, prestatzailea] lan ona egiten ari da, eta taldea heldutasuna erakusten ari da. Badaki zertara jokatzen duen, oreka duen taldea da». Alabaina, lehen postuaz hitz egitea «gehitxo» iruditzen zaio Lopezi, eta Europarako sailkatzea «arrakasta» izango litzatekeela dio.

Garmendiak, berriz, ondo ikusten du Eibar «bere ligan». Villabonakoak azpimarratu du une honetan Eibar ez litzatekeela Bigarren Mailara jaitsiko: «Hiru talde baditugu atzetik. Egoera ez dela onena? Ez dugula hamar-hamabi puntuko lasaitasuna? Bai, baina bere borrokan ondo kokatuta dago». Eibarreko kapitain ohiaren arabera, beti ez da posible Europarako sailkatzeaz hitz egitea: «Seigarren urtea du lehen mailan, eta ni oso harro nago Eibar egiten ari denaz. Izugarria da lortu duena, eta borroka horretan segitzen dugu».

Ofizioari so

Garmendiak eta Lopezek hemeretzi eta hamalau sasoi egin zituzten Eibarren eta Realaren ateak zaintzen. Egun langintza horretan ari direnez galdetuta, Garmendiak adierazi du «osoatezain ona» dela Marko Dimitrovic: «Alcorconetik etorri zen isil-isilik, eta izugarrizko maila eskaintzen ari da. Geroz eta hobeto ikusten dut, eta puntuak ematen dizkio taldeari».

Alex Remirok, berriz, estreinako sasoia du Realaren atepean. Albertoren ustez, «bi atezain on» dituzte txuri-urdinek: «Moya ere ondo ari zen. Remiro iritsi berria da; bidea egin nahi du, eta garaionean sartu da. Taldearen mailan dago, baina oraindik denbora behar da ondorioak ateratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.