Ainhoa Hernandez. Zubileta Evolution Zuazoko jokalaria

«Eskaintzak izan ditut, baina Zuazon segitzeak egiten nau zoriontsu»

Duela egun batzuk berritu zuen kontratua Ainhoa Hernandezek. Onartu du taldeak «gorabehera asko» izan dituela, baina «oso harro» dago talde gisa eman duten erantzunarekin:«Partida guztietan lehiatu gara».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Zuazok Granollers hartuko du gaur Lasesarren, Espainiako Ohorezko Mailako partidan (19:45). Aurreko asteburuko etenaren ostean, txapelketaren azken txanpari begira baikor dago Ainhoa Hernandez kapitaina(Barakaldo, Bizkaia, 1994).

Hilabete eskas falta da Espainiako Koparako. Elx tokatu zaizue final-laurdenetan. Gainditzeko moduan ikusten al duzu kanporaketa?

Egia esan, aurkari guztiak ziren zailak. Elx talde oso gogorra da. Haien aurka hemen jokatu genuenean gol baten aldeaz galdu genuen. Baina Kopa diferentea da. Gainera, etxean jokatuta, zaleen babesa izango dugu, eta horrek eta izango dugun motibazioak finalerdietarako sailkatzen lagunduko digutela uste dut. Borrokatzera eta disfrutatzera aterako gara.

Aurretik, ligan lehiatzen segitu behar duzue. Etenaren ostean, gogoz egongo zarete gaur Granollersen aurka jokatzeko, ezta?

Hala da, taldea goraka ari baitzen, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu. Granollers sasoiko ezusteetako bat izaten ari da. Partida azken unean erabakiko dela uste dut, eta ikusteko polita izango dela, bi taldeoi erasoan arriskatzea gustatzen zaigulako. Burua hotz izan behar dugu, eta ez dugu akats inozorik egin behar.

Gorabehera handiko denboraldia izaten ari da zuentzat, eta azken partidetan lortu duzue jaitsiera postuetatik erabat aldendu. Espero zenuten sasoia halakoa izatea?

Bagenekien sasoi gogorra izango zela.Taldea eraberritu egin zuten udan, eta klubak harrobiko jokalari gazteen alde egin zuen. Halakoetan kosta egiten da martxa hartzea. Gorabeherak izan ditugu, baina oso harro gaude. Partida guztietan ondo lehiatzeko gai izan gara, eta horrekin geratzen naiz. Sasoia sentipen onekin amaitu nahi dugu, eta sailkapenean ahalik eta gorenen bukatu. Banaka eta talde moduan hazten segitzea da gure erronka

Merezi baino puntu gutxiago dituzuela uste al duzu?

Bai. Sei partida gol baten aldeaz galdu ditugu. Horietako batzuk oso bideratuak genituen, eta gure akatsengatik galdu genituen. Okerrak garestiago ordaintzen dituzte talde gazteek. Bigarren itzulian hobeto ari gara, eta apur bat erregularrago aritu gara.

Zer gauza hobetu dituzue hori lortzeko?

Nik uste dut konfiantza handiagoz ari garela, eta bakoitzak argiago dugula zer ardura ditugun.

Kapitaina izanda, une zailetan behar baino ardura gehiago hartu behar izan dituzu kantxatik kanpo?

Multzoa primerakoa da. Oso erraza da talde honetako kapitaina izatea. Egin behar izan dudan bakarra da taldekideak ordu arte bezala lanean segitzera animatu. Banekien berandu baino lehen emaitzak iritsiko zirela. Jaito-k [Joseba Rodriguez entrenatzailea] taldea batuta mantentzeko erakutsi duen gaitasuna ere funtsezkoa izan da.

Zuretzat nola doa sasoia?

Jokalari eta pertsona moduan asko hazten ari naizela uste dut. Teknikoki eta taktikoki asko hobetu dut Jaitori esker, bai erasoan, baita defentsan ere. Hobeto kokatzen eta blokeatzen ikasi dut, taldekideei laguntzen... Lehen, buruan nuen bakarra golak sartzea zen. Berekoi samarra nintzen alde horretatik.

Hobekuntza hori erabakigarria izan da kontratua berritzeko orduan?

Zalantzarik gabe. Entrenatzailearekin eta taldekideekin oso gustura nago, eta uste duturtebeteko eskarmentuarekin talde honek gauza asko egin ditzakeela. Harrobiaren alde egin duten apustua ere oso egokia iruditzen zait, onean eta txarrean etxeko jokalariak beti gaudelako hor. Uste osoa dut proiektu honetan.

Jaso al duzu beste talderen baten eskaintzarik?

Bai. Baina orain zoriontsu egiten nauena Zuazon segitzea da. Uste dut jokalari batentzat zoriontsu izatea funtsezkoa dela, eta hala nago. Nahiz eta diru gehiago irabazi, ez bazaude gustura eta zoriontsu talde batean, gauzak ez zaizkizu ondo irtengo. Gainera, arriskua dago beste talde batera joan eta gutxiago jokatzeko. Horregatik jarraituko dut hemen.

Etorkizunean beste talde batean jokatzea gustutako al litzaizuke?

Nork daki zer gertatuko den. Atzerrira joanda, jokatzeko beste modu batzuk ezagutzeko aukera izango nuke, eta hori beti da aberasgarria eta erakargarria. Baina, une honetan, ez nago horretan pentsatzen. Dena den, argi dut nire ametsa titulu bat irabaztea dela, Zuazon edo beste talderen batean.

Zer izan da zuretzat denboraldi honetako ezusterik handiena?

Beheko taldeek aurreko denboraldietan baino garaipen gehiago dituzte. Bi talde ez baizik hiru jaistea eragina izaten ari da. Bestalde, Europara sartzeko postuetan ere gauzak estu daude. Titulurako borrokan, berriz, Bera Bera ikusten dut faborito. Lehia hori egotea ona da, zale gehiago erakartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.