Lionel Messirekin batera igo zuen Frank Rijkaardek Oriol Riera (Vic, Herrialde Katalanak, 1986) Bartzelonako lehen taldera, 2004an. Bataren eta bestearen ibilbideak, ordea, oso bestelakoak izan dira. Rierak, Bartzelonatik irten, eta Bigarren eta Bigarren B Mailan zaildu behar izan du berriz Lehen Mailan jokatzeko.
Levanteren aurka galtzea kolpe gogorra izan da. Nola zaudete?
Igandean eta astelehenean amorratuta geunden, baina, denbora pasa ahala, hurrengo partidan pentsatu beharra dago, eta orain Malagan jokatu behar dugu. Gainera, partida lasaiago aztertu ondoren, ikusi dugu galdu arren Levanteren aurka gauza on asko egin genituela. Barkatu egin genuen lehen zatian, eta futbolean badakigu zer gertatzen den golak barkatzen dituzunean.
Elxi irabazi eta Atletico Madrilen zelaian ondo lehiatu ondoren Levanteren aurkakoa azterketa garrantzitsua zen.
Punturik ez genuen lortu, eta azterketa ez genuen gainditu, hori argi dago. Baina jokoari eta sentipenei dagokienez, ez dut uste atzerapausoa izan zenik. Lehen zatian aspaldiko Osasuna onena ikusi genuen. Ez da kontsolamendua, baina hobetzen joateko indarra eman behar digu horrek.
Elx eta Atletico Madrilen aurka gola sartu zenuen. Levanteren aurka aukera onak izan zenituen, baina…
Egun osoa jokatzen pasatuta ere, igandean golik ez genuen sartuko. Horrek ez digu lanean jarraitzea galaraziko, dena dela.
Pozik zaude orain arte Osasunan egin duzunarekin?
Bai, baina aurreko sasoian Alcorconen eman nuen maila emateko asko hobetu beharra daukat.
Alcorconekin hemezortzi gol sartu zenituen. Badakizu Osasunarekin Lehen Mailan gol gehien sartu duen aurrelariak zenbat gol sartu zituen?
Ezta arrastorik ere.
Hamalau. Marka hori gainditzeko gai zarela uste duzu?
Ez zait gustatzen gol kopuru bat buruan izatea; ez dut inoiz egin, eta ez dut egingo. Dena dela, egia da jokatzen dudan bakoitzean gola sartzea dela nire asmoa. Goseak nago, eta zelaian erantzungo diot galdera horri.
Gainerakoan, ondo egokitu al zara hiri berrira, talde berrira eta, azken finean, bizimodu berrira?
Oso ondo; hilabete batzuk besterik ez daramat Iruñean, baina urte osoa egin dudala dirudi. Familia bikain egokitu da hirira, eta ni aldagelara ere bai.
Aldagelan katalanez ere mintza zaitezke taldekide batekin baino gehiagorekin. Horrek ere lagunduko du?
Bai, lau kataluniar bagara behintzat, eta geure artean katalanez hitz egiten dugu; eskertzen da. Dena dela, 13 urte nituenetik bizi naiz etxetik at, eta 19 nituenetik Kataluniatik at. Era guztietako egoeratara ohituta nago.
Gorabehera askoren ostean, 27 urterekin Lehen Mailara itzuli zara.
19-20 urte nituenetik pausoz pauso aritu naiz urtetik urtera. Hobera egin dut etengabe. Azken bi urteetan Alcorconen asko gozatu dut, eta orain Osasunan gozatzen jarraitzea da asmoa, etengabeko hobekuntzarekin jarraituz.
Argi zenuen Osasunara etortzea?
Beste aukera batzuk izan nituen, diruz hobeak, Alcorconentzat ere hobeak zirenak, baina argi neukan nire jokatzeko era eta izaera aintzat hartuta klub egokiena Osasuna zela.
2004an jokatu zenuen estreinakoz Lehen Mailan, Frank Rijkaarden Bartzelonan. 17 urte zenituen. Goizegi?
Bai, zalantzarik gabe. Bartzelonaren historian lehen taldearekin debuta egin zuten jokalaririk gazteenen artean bigarrena nintzen. Ez nuen asmatu Bartzelonako jokalaria izateak dakarrena barneratzen: presioa, prentsa, denen ahotan izatea… 17 urterekin ez da erraza, eta ni ez nintzen gai izan. Akaso geroxeago eman izan balidate aukera, lortuko nuke.
Messi, Cesc, Pique, Pedro… horiek guztiak izan zenituen taldekide.
Messik eta biok elkarrekin egin genuen lehen talderako jauzia. Nire belaunaldiko jokalarietatik azkarrena izan nintzen hori egiten. Piquek eta Cescek, adibidez, denbora gehiago behar izan zuten. Baina ez dut damurik. Handik joatea erabaki nuen. Cultural Leonesara joan nintzen, Bigarren B Mailara, eta nire futbola eta nire bizitza han berreskuratu nituen.
Zuk esana da Bartzelonaren harrobian, lehen taldean jokatzeko hezten zaituztela, baina ez futbolean jokatzeko.
Hori egia da. Esan nuenean polemika apur bat izan zen, baina ukaezina da, eta La Masiatik igaro den edonork esan ahal dizu. Udan taldekide ohi batzuekin egon naiz, eta gaiaz hitz egitean arrazoia ematen zidaten denek; Bartzelonatik irtendakoan beste era bateko futbola aurkitu dute talde guztietan. Batzuk egokitu egin gara, baina beste zenbait ez. Une honetan erizaina den taldekide ohi bat datorkit burura. Ona zen, baina Bartzelonako harrobitik irten zenean ezin izan zen egokitu beste taldeetara.
Cultural, Celta B, Celta, Kordoba, Alcorcon eta orain Osasuna. Oso bestelako futbola egiten duten taldeetan izan zara.
Benetako futbola hori dela esango nuke; Bartzelonarena beste mundu bateko futbola da. Lehen, Bigarren eta Bigarren B mailetan beste futbol bat ezagutu dut, umilagoa, borrokalariagoa nahi baduzu, ezberdina azken finean.
Futbola uztea pentsatu zenuen?
Bartzelonatik irtetean ikasketak osatu eta familiaren negozioan lan egiteko aukera ere aztertu nuen, baina futbolak erotu egiten nau, asko maite dut, eta horregatik azkar erabaki nuen jarraitzea. Behetik hasi eta koskak gainditzea izan zen nire aukera. Orain, edozertarako gai naiz.
Oriol Riera. Osasunako jokalaria
«Eskaintza hobeak izan nituen, baina Osasuna zen aukera onena»
Golak behar zituen Osasunak sasoi honetarako, eta gola sartzeko abilezia du Oriol Rierak. Aurrelari kataluniarraren kezka nagusia, ordea, taldeak gora egitea da. Baikor da, «hobeto» ari direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu