Eskailerapeak egun handien gordelekua dira. Baserri eta etxaldeetan bertan gordetzen dira gutizia onenak. Oso noizean behin irekitzen diren, eta hauts handia pilatzen duten botila preziatu horiek. Ardo eta xanpaina kutunenak dira. Ospakizunetan uxatzen dira hango armiarmak, eta kortxoren bat kentzeko pisuzko arrazoia behar du. Julian Alaphilippe (Deceuncick-Quick Step) ere eskailerapeko txirrindularia da, egun handietarako gordetzea merezi duena, eta ateratzen denean zaleen gozamenerako izaten da.
Epernay (Frantzia) mahasti lurraldea da. Xanpainaren sehaska.Han toki gutxitan bezala dakite ezberdintzen eskailerapekoen etamerkeen artean. Alaphilippek atzo han kendu zion kortxoa bere ahalari, mahastiz inguratutako bideetan, eta burbuilen indarra ez zen berehala joan. Tropela atzean utzi eta hogei minutuko bakarkako lanari ekin zionean mahastia baino ez zen ageri inguruan. Ortzimugarainoko mahasti ilara luzeakezker eta eskuin. Mahats ondua, aurki iritsiko diren biltzaile esku latz eta trebeen zain.
Alaphilippek helmugatik hamabost kilometrora egin zion desafio tropelari. Esana zuen etapa amaiera primeran egokitzen zela bere ezaugarrietara. Inork ezingo dio leporatu isilka ibili zenik: abisua emana zuen. Eguneko azken mendate puntuagarrian jo zuen erasoa, Mutignyn gora: %12,2ko pendizeko 900 metroko koska. Agerraldi ikusgarria egin, eta Tim Wellens (Lotto-Soudal) eguneko ihesaldiko azken alea pasatu zuen tontorrean. Baten bat bere gurpilera itsatsiko zela espero zuen, baina ezinezkoa zen.
Alaphillippe ere mahasti lurralde batean jaiotakoa da, Loira ibaitik gertu. Han ardoa da nagusi, beraz, badaki horrelako bide sigi-sagatsuetan trebe ibiltzen. Lurrez estaliriko bideak dira, eta ikustekoa zen bere bizikletak atzean altxatu zuen hauts lainoa. Hamabost kilometroko bide bihurria zuen aurretik, eta tartean bi koxka: kilometro batekoa, helmugatik lau kilometrora, eta azken 500 metroetakoa.
Klasiko itxurako amaiera zen, pagotxa aurtengo Strade Bianche, Fleche-Wallonne eta Milan-Sanremoko irabazlearentzat. Iheslaria su betean zihoan, eta atzean, tropelean, ez ziren ondo konpondu. Une batez laukote batek haren bila joateko saiakera egin zuen, eta tartean zen Mikel Landa (Movistar). Agerpen motz bezain itxaropentsua egin zuen. Tour honetan baliteke anarkia nagusi izatea, eta ez dira harritzekoak izango bakarkako erakustaldiak.
Laukoteak, baina, bazekien Alaphillippe egun handietakoa zela. Helmugatik bederatzi kilometrora 51 segundoren aldea zuen, eta tropela ez zen ageri bere atzean. Hegan ari zen, tarte batzuetan orduko 80 kilometrotik gorako abiaduran. Apurka nekea nabarituz joan zen, baina eta 4,4 kilometrora aldea 35 segundora arte murriztu zen. Saiakerak kale egin zezakeela zirudien, baina klaseaz gain sufritzeko ahala ere badu. Berriz ere hortzak estutu, eserleku gainean zutitu, eta dantzan jarri zuen bizikleta. Jazarpen proba bilakatu zuen etaparen amaiera, eta helmugatik 500 metrora alde bera zuen. Zaldi askoko motorra behar da horretarako.
Aldapa pikoa zuen aurretik, baina Alaphilipperi azken tragoa falta zitzaion. Bere ibilbidean lortu duen Torreko hirugarren etapa garaipena, eta oro har sasoi honetako 11.a, ziurtatua zuen. Ez, ordea, elastiko horia janztea, ez zuen galtzeko denborarik eta herio batean igo zuen aldapa. Helmuga marraren gainean egon arte ez zuen ospatu, eta segundoak zenbatzen hasi zen. Tropelak 26 gehiago behar izan zituen, Michael Matthews (Sunweb) buruan zuela. Nahikoa Alaphilippek elastiko horia jantz zezan, eta, ondo bidean, La Planche des Belles Filles arte ez eranzteko. Tropela ere bizi igo zen, eta zatitu egin zen. Thibatut Pinotek (Groupama) eta Egan Bernalek (Ineos) bost segundo urratu zituzten beste faborito handiekiko. Mike Teunissen (Jumbo) aurreko liderra 4.54ra sartu zen, eta Simon Yates, (Mitchelton) 6.23ra.
Alaphilippe helmugatik hamabost kilometrora agertu zen, baina ordura arte eguneko ihesaldia izan zen arreta gunea. Esan bezala, Wellens izan zen harrapatu zuten azkena, baina aurretik ia 200 kilometro egin zituen Stphane Rossetto (Cofidis), Paul Ourselin (Total-Direct Energie), Yoann Offredo (Wanty-Gobert) eta Anthony Delaplaceren (Arkea-Samsic) alboan. Gaur 214 kilometroko etapa dute Nancyraino, eta litekeena da esprintean bukatzea.
Frantziako Tourra
Eskailerapetik atera da
Julian Alaphilippek etapa garaipen ikusgarria lortu du Epernayn. Helmugatik hamabost kilometrora eraso indartsua jo du, eta bakarrik iritsi da helmugaraino. Orain berak darama elastiko horia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu