Tadej Pogacarrek (UAE) eta Puck Pietersek (Fenix) irabazi dute euriak blai egindako Fleche Wallonne klasikoa, Ardenetako triptikoko hirugarren lasterketa. Zirrara handirik gabekoak izan dira bi lasterketak, harik eta azken kilometrora iritsi diren arte: Huyko hormaren aldapa gogorrenetan jo dute erasoa Pogacarrek eta Pietersek, eta garaipenak etxeratu dituzte. Bigarren aldiz irabazi du Fleche Wallonne Pogacarrek, eta lehenbizikoz, Pietersek. Lehen euskal txirrindulariak Alex Aranburu (Cofidis) eta Ane Santesteban (Laboral Kutxa) izan dira, eta garaileengandik urrun helmugaratu dira.
Goiz osoa elkarren ondoan eman dute Pogacarrek eta Remco Evenepoelek (Soudal-QuickStep), eta haien taldekideek jarri dute tropelaren erritmoa. Hasieratik egin dute ihes, baina faboritoen pelotoiak beti kontrolpean izan du ihesaldia. Erasorik jotzeko saiakerarik ere ez da izan ia etapa osoan; alde batetik, esan bezala, eguraldia kontran zutelako; beste aldetik, normalean Fleche Wallonne azken kilometroetan erabakitzen delako. Izan ere, klasiko berezia da, muino motz baina tente eta gogor baten gainean amaitzen baita, Huyko muinoan, eta hala izan da gaurkoan ere.
Emozio handirik gabe igaro dira, beraz, kilometro gehienak, eta txirrindulariek bata bestearen atzetik igo dituzte Belgikako mendatetxoak, elkarri minik egin gabe. 45 kilometroren faltan, Lidl-Trek, Visma, Lotto eta beste talde batzuk ere tropelaren aurrera joan dira lanera, eta erritmoa bizitu dute. Hala, tarte handia kendu dio tropelak ihesaldiari, eta banan-banan aurreko txirrindulariak irentsiz joan da. Kilometro gutxian lasterketaren buruarekiko tartea minutu batetik hogei segundora murriztu da, baina hala eutsi diote kilometro batzuetan.
Horren aurretik, ordea, helmugatik 41 kilometrora, eroriko bat baino gehiago izan da jaitsiera bateko biribilgune batean. Han erori da, besteak beste, Mattias Skjelmose (Lidl-Trek), eta, belauna zaurituta, lasterketa utzi behar izan du. Joan den igandean, hark irabazi zuen Amstel Gold Race klasikoa, Pogacarren eta Evenepoelen aurretik helmugaratuta. Ezusteko horretaz aparte, ez da beste ustekaberik izan gaur, azken bost kilometroetara heldu arte. UAEk erritmoa bizitu du azken-aurreneko maldan, eta tropela zatitu egin da. Jaitsieran, Pogacar aurrea hartzen saiatu da, baina Evenepoel eta gainontzekoak haren gurpilean joan dira.
Huyko zati gogorrenean, aulkitik ipurdia altxatu gabe jo du erasoa Pogacarrek, eta segituan atera du garaipena ziurtatzeko aldea. Ez du aurkaririk izan, eta gainontzeko faboritoak saiatu ere ez dira egin izar esloveniarra harrapatzen. Aise menderatu ditu denak Huyn, eta besoak lasai altxatzeko tartea izan du munduko txapeldunak. Bigarren garaipena du Valoniako lasterketa nagusian, eta igandean astea osatzen saiatuko da, Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan. Aurten parte hartu duen klasiko guztietan podiumean sartu da Pogacar, eta horietatik hiru irabazi ditu.
Pieterse azkarrena
Emakumezkoen lasterketa antzekoa izan da: arriskurik gabeko ihesaldia, eta kolperik ez faboritoen artean. Azken bi orduetan, minututik beherako aldea izan da lasterketako buruaren, Cedrine Kerbaolen, (EF) eta tropelaren artean, eta Cherave maldaren hasieran harrapatu dute. Muino horretan Lotte Kopecky (SD Worx), munduko txapelduna, atzean geratzen hasi da, eta onenen tropela ixten eman ditu azken kilometroak.
30 txirrindulari baino gutxiago ziren Huyko hormako oinera iritsi den taldean, eta hor hasi da garaipena eskuratzeko borroka, baina ez da erasorik izan azken 200 metroetara arte. FDJ taldeko bi sartu dira taldearen aurrean azken kilometroan, Demi Vollering faboritoa tartean, eta, helmugarako 150 metro falta zirela, erritmoa bizitu du. Hala ere, atzetik esprinta jo du Pieterse herbeheretarrak, eta Volleringek ezin izan du Fenix taldeko herrikidea harrapatu.
Akituta iritsi da Pieterse helmugara, eta bere burua lurrera botata ospatu du garaipena, neke intzirien artean. Vollering sartu da bigarren helmugan, eta Elisa Longo Borghinik (UAE) osatu du podiuma. Pieterseren ibilbide motzeko garaipen esanguratsuenetako bat izan da gaurkoa; iaz denboraldi bikaina egin zuen, Frantziako Tourrean etapa bat lortu baitzuen, eta 23 urtez azpiko munduko txapelduna izan baitzen. Munduko txapelduna ere bada mendiko bizikletan, eta ziklo-krosean brontzezko domina lortu du aurten. Lasterketaren ostean azaldu duenez, Huyko horman posizio ona zuen, eta kirol zuzendariari kasu eginda jo du Vollering harrapatzeko erasoa.