Hitza eman, eta hitza bete. Eta mundu osoko jarraitzaileak hitzik gabe utzi. Iragarritako kronika nahieran bete du gaur Tadej Pogacarrek (UAE), Italiako Giroko hogeigarren etapan, Alpago eta Bassano del Grappa artean. Itzuliko etaparik gogorrenetakoa izaki, esana zuen Pogacarrek berak ahaleginak eta bi egingo zituela irabazteko, eta hanka batekin bete du helburua. Italiako Giroaren laburpen bat eskaintzea aski izan du helmugan bakar-bakarrik bi besoak altxatzeko. Lehenago lortutako garaipenak aski ez, eta seigarren etapa garaipenarekin biribildu du itzulia. Marka guztiak hautsita. Sailkapen nagusiari dagokionez, elkarrekin helmugaratu dira gainerako faboritoak, irabazlearengandik bi minutu pasatxora, eta ez da aldaketarik izango bihar Erromako podiumean. Daniel Felipe Martinezek (Bora) eta Geraint Thomasek (Ineos) osatuko dute podiuma, hurrenez hurren.
Besteak beste, azken-aurreko etapan ere gainerako ziklistak baino hiruzpalau koska gorago azaldu da Pogacar. Tropelak birritan igo behar izan du Monte Grappa mendatetzarra, eta gidoia aurrez idatzi bezala bete du UAE taldeak. Lehenengo igoeran, ihesaldia kontrolpean izan du, Pogacar bera lauzpabost taldekidez babestuta egon baita. Bigarren igoeran, berriz, babak eltzetik atera ditu esloveniarrak. Aurrez eraso batzuk izan dira pelotoian, baina Pogacarren joari erantzuteko ahalmenik ez du inork izan. Haren erasoari erantzuten ere ez da inor saiatu, alferrikakoa izango zela jakinik.
Mendatearen gaina bakarrik igarota, goitik beherakoan gozatu egin du txapeldunak, helmugarako bidean. «Taldearen plana ezin hobeto atera da. Taldekideek bikain osatu dute euren lana, eta nik nire momentua itxaroten jakin dut. Aise egin dut aurrera, eta azken kilometroetan gozatuz aritu naiz, asko arriskatu beharrik gabe. Pozez nago Giroa lehenengoz irabaziko dudalako», azaldu du etapa amaitu berritan.
Etaparen gidoia aurrez idatzita egon arren, lehenengo kilometroetatik izan dira ihesaldi saiakerak. Hastapeneko 80 kilometroak gorabeheratsuak izaki, txirrindulari ugarik agertu dute euren intentzioa tropelaren muturrean, eta, azkenean, 11 ziklistaz osatutako taldea sortu da. Hots, Monte Grappak jarri du bakoitza bere lekuan. Hemezortzi kilometroko mendatea da, askoren iritziz Mortirolo eta Tourmalet baino gogorragoa, eta aurpegian sumatu zaie hori iheslariei.
Lasterketaren buruan joan-etorri dezente izan ondoren, Monte Grapparen gainean elkarrekin igaro dira Giulio Pelizzari (Bardini), Alessandro Tonelli (Bardiani) eta Pelayo Sanchez (Movistar). Hots, mendateari lau minuturen aldearekin ekin badiote ere, UAEk ez die amets egiteko baimenik eman. Pogacarren taldeak erritmo bizia eta gogorra ezarri du tropelean.
Bassoren marka hautsi du
Ondorioz, Monte Grapparen bigarren igoeran erabaki dira kontuak. Aurrean, Perizzalli bakarrik geratu da, Tonelli eta Sanchez atzean utzita. 20 urte besterik izan ez arren, goi mailako erakustaldia egin du Perizzallik. Itzuliko hirugarren astera oso indartsu heldu da, eta agerian utzi du kontuan hartzeko ziklista izango dela etorkizunean.
Soilik Pogacarrek deuseztatu du haren ahalegina. Izan ere, aurrean topatu dituen ziklista guztiak harrapatu eta pasatu egin ditu esloveniarrak. Pedal kolpe biziz jo du erasoa, eta inolako arazorik gabe egin du aurrera gaina harrapatzeko bost kilometro eta erdi falta zituela. Orain arte Ivan Bassok zuen marka ere hautsi du. Hark 56 minutuan igoa zuen mendatea, eta Pogacarrek bost minutu hobetu du denbora. Fresko eta erraz egin du helmugarako bidea. Haren umiltasunaren seinale, detaile polit bat ere utzi du txapeldunak, alboan lasterka zuen mutiko bati ur botila oparitu baitio.
Emozioa podiumaren postuetarako espero zen, baina lehen bezala geratu da sailkapena. Martinezek ongi eutsi dio bigarren postuari, eta Thomas izango da podiumaren hirugarren koskan. 38 urte bete dituen egunean balentria ederra lortu du Ineoseko ziklistak, berme handikoa dela erakutsiz. Pogacar, berriz, Frantziako Tourrari begira jarriko da orain. Ez du erronka makala izango.